Yom Kippurren mamuak Palestina eta Israelen aferan

Palestina eta Israelen arteko gatazka are gehiago gaiztotu da azken asteotan, eta nazioarteko ekonomian aldaketak ekarri ditu. Yom Kippurreko gerrak egundoko petrolioa krisia ekarri zuen 1973an, orain, ordea, ez da halako krisirik aurreikusten. Dena den, petrolioa % 5 garestitu da jada

Saudi Arabiako petrolio findegi bat | Argazkia: iStock Saudi Arabiako petrolio findegi bat | Argazkia: iStock

Pasa den urriaren 7an, Palestina eta Israelen afera nazioarteko komunikabide ororen lehen lerroetara itzuli zen. Milizia palestinarrek Israelen aspaldian burututako eraso handiena egin ostean, Israelek Gazako zerrenda bonbardatuz eta ura nahiz argindarraren horniketa moztuz erantzun du azken bi asteetan. Israelgo estatua sortu zenetik gatazka politiko, sozial eta humanitarioa agitu da Ekialde Hurbilean. Aitzitik, ondorio ekonomiko garrantzitsuak ere utzi ditu azken 70 urteetan.

Eragin ekonomiko horren erakusle, azken asteetako gertakarien ondorioz petrolioaren prezioa %5 inguru garestitu da nazioarteko merkatuan, eta Brent upelaren prezioak 90 dolarreko langa gainditu du. Gatazka gogortzeak petrolioaren horniketa zailduko jada tentsio handia dagoen merkatu batean, eta Israel eta Palestina nazioarteko petrolio hornitzaile handienak ez badira ere, inguruko herrialdeak badira. Hortaz, gatazka Gaza eta Israeletik hedatuz gero, nazioarteko merkataritzan aldaketa esanguratsuak emateko arriskua nabarmen areagotu liteke.

Azken asteetako gertakarien ondorioz petrolioaren prezioa %5 inguru garestitu da, eta Brent upelaren prezioak 90 dolarreko langa gainditu du

Auzi honen atzean, nazioarteko gatazka edo gerra guztietan bezala, interes ekonomikoen baitako xake partida jokatzen ari dira munduko estatu boteretsuenak. Hasiera batean, Israel eta Palestina inguratzen zuten herrialde arabiarren esku hartzeak ez zirudien bideragarria, baina, Israelen erasoa gogortzen ari den heinean, hasierako uste hori ezbaian geratu da. Ekialde Hurbileko herrialde musulmanek Palestinaren kausa defendatzen dute, eta Iranek esaterako, Israel erasotuko duenaren mehatxua plazaratu du jada. Gatazkan sartzeak, baina, euren ekonomiari kalte egin diezaiokeela ondo baino hobeto dakite.

Israel eta herrialde arabiarren harreman diplomatikoak

Israelek historikoki harreman txarrak izan ditu Ekialde Ertaineko beste herrialdeekin. Palestinarekin izandako 70 urteko gatazkaz gain, hainbat gerra izan ditu beste herrialde arabiar batzuekin eta Estatu Batuen babesa izateak ez du zonaldeko gainerakoekin harreman diplomatikoak izatea erraztu. Aitzitik, azken urteotan herrialde judutarra harreman horiek leuntzen saiatu da, eta hainbat aliantza estrategiko sinatu ditu. Horren adibide dira, besteak beste, Arabiar Emirerri Batuekin 2020 egindako Abraham akordioa eta Bahrein, Sudan eta Marokorekin izenpetutako normalizazioa akordioak.

Hainbat akordio ekonomiko adosteko negoziaketak egiten ari ziren Israel eta Saudi Arabia, programa nuklear bat tartean

Edonola ere, azken urteotako hurbilketa esanguratsuena Saudi Arabiarekin izan du Israelek. Hots, Ekialde Hurbilean Estatu Batuek dituen bi aliatu garrantzitsuenen arteko gerturatze bat eman da. Mohammed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoak akordioa baterako geroz eta gertuago zeudela adierazi zuen orain gutxi. Palestina eta Israelen gatazkaren tentsioak, ordea, harremanak berriro ere hoztuko dituela dirudi, negoziaketa horietan arabiarrek ez baitzuten Palestinako kausa alde batera utzi, Ekialde Hurbilarentzat garrantzizko auzia dela gogoraraziz. Hainbat akordio ekonomiko adosteko negoziaketak egiten ari ziren bi herrialdeak, programa nuklear bat tartean, eta Estatu Batuak bere bi aliatuen arteko harremanak normalizatzeko interes handia zuen, modu honetara, Ekialde Hurbilean etsai estrategiko nagusia duen Irani aurre egiteko.

1973ko petrolio krisiaren itzal handia

Estatu Batuen eta Europako Batasuna aliatu izateaz gain, geografikoki inguruan dituen herrialdeekin harremanak normalizatzea onuragarria litzateke Israelentzat, nazio arabiarrekin hogeigarren mendean izandako gatazkek kalte ekonomiko handiak ekarri baitizkio Israeli eta, oro har, nazioarteko ekonomiari. Yom Kippurreko gerra eta hark ekarri zuen petrolioa krisia da adibiderik sonatuena. 1973ko gerrak eragindako krisi ekonomikoa errepikatzea zaila bada ere, haren itzala handia da.

Yom Kippurreko gerrak Israel alde batetik eta Egipto eta Siria beste aldetik ipini zituen aurrez aurre. 1967ko Sei Eguneko gerran Israelek Egiptoko Sinai penintsula eta Siriako Golango gaina okupatu zituen, eta 73an bi eremuak berreskuratzen saiatu ziren herrialde arabiarrak. Gerra honek petrolioaren prezioan sekula ikusi gabeko gorakada ekarri zuen, orduan Brent upela 3 dolaretik 19ra igaro baitzen aste gutxitan.

Yom Kippurreko gerrak petrolioaren prezioan sekula ikusi gabeko gorakada ekarri zuen, orduan Brent upela 3 dolaretik 19ra igaro baitzen aste gutxitan

Horren arrazoia herrialde arabiarrek petrolioaren merkatuan hartutako neurriak izan ziren. Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak (LPEE) –bertan ziren besteak beste Iran, Saudi Arabia, Irak eta Kuwait– gerran Israel babestu zuten herrialdeei petrolio horniketa eten zien, hau da, blokeo ekonomikoa ezarri zien. Tartean ziren Estatu Batuak, Erresuma Batua, Herbehereak, Kanada eta Japonia, besteak beste. Honek petrolioaren egundoko inflazioa ekarri zuen, eta mendebaldeko ekonomia atzeraldian sartu zen. Era berean, mugarria ezarri zuen mendebaldeko estatuen nazioarteko politiketan, petrolioa inportatzeko LPEEko kideenganako menpekotasuna gutxituz.

Edonola ere, 1979an bigarren petrolio krisi bat izan zen, Iran eta Iraken gerra medio, eta 20 dolarretik 40ra pasa zen petrolioaren prezioa. 1986tik aurrera, prezioa berriz apaldu egin zen eta mende amaiera arte Brent upela 10 eta 25 dolarreko prezioan mugitu zen. XXI. mendearekin batera hasi zen berriz ere petrolioa garestitzen eta 2008an jo zuen goia, 140 dolarreko prezioan ipinita, inoizko zenbatekorik altuena.

Orain Iran izan da Israeli blokeoa jartzeko deia egin duen lehen herrialdea. Estatu islamiarrak, egun, munduko hirugarren petrolio erreserba handiena du, nazioarteko esportatzaile handienetakoa da eta Txina du bezero nagusi. Halaber, aditu askoren arabera, Iranek zigor modura petrolioaren ekoizpena murriztu lezake, upelaren prezioa 150 dolarretaraino garestituz.

Nazioarteko merkataritzaren xake partida

Xake partida honetan, gatazkaren gaiztotzeak ondo bidean ziren harreman diplomatikoak hautsi eta nazioarteko merkataritza egituratzen zuten bi bandoak are gehiago urrunduko dituela dirudi. Saudi Arabia eta Israel negoziatzen ari ziren bitartean, Riadeko gobernuak harremanak hoztu ditu azkenaldian Estatu Batuekin. Horren erakusle da pasa den udaran, Iran, Arabiar Emirerri Batuak, Egipto, Argentina eta Etiopiarekin batera, BRICS ekonomia erakundera batu izana, hau da, Errusia, Txina, India, Brasil eta Hego Afrika dauden taldera. Mugimendu estrategiko honek nazioarteko merkataritza erabat baldintzatu dezake, taldeko kideek denera munduko petrolio ekoizpenaren %42 kontrolatzen baitute egun.

BRICS erakunde ekonomikoko estatuek munduko petrolio ekoizpenaren %42 kontrolatzen dute egun

Ofizialki, 2024 hastearekin batera gehituko dira BRICS erakundera kide berriak, eta BP petrolio konpainia britaniarraren arabera, orain egunean 43,4 milioi upel ekoizteko gaitasuna dute. Era berean, munduko BPGaren %29 biltzen dute herrialde hauek, 29,11 bilioi euro Munduko Bankuaren arabera. Petrolioaren merkatuaren gaineko kontrola izateaz gain, ekonomia erakundeak nazioarteko merkatuan dolarrak duen nagusitasuna murriztu lezake.

Hortaz, jada tentsio handiko merkatu batean, Palestina eta Israelen azkeneko talkak ez ditu urak baretuko. Saudi Arabiak denbora zeraman bere petrolio ekoizpena murrizten, eta Iran eta Errusiak ere estrategia bera jarraituko dutela dirudi. Gainera, Iranek, Oman eta Arabiar Emirerri Batuekin batera (LPEEko kideak), Ormuzko itsasartea kontrolatzen du, eta bertatik igarotzen da munduko petrolio gordinaren heren bat. LPEEk, beraz, orain 50 urte bezala, petrolioaren horniketan oztopoak jarriko dituela dirudi. Ikusteke dago zenbaterainokoak izango diren muga horiek eta xake partidako piezei nola eragingo dien.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK