Zaintza sektorearen profesionalizazioa jomugan

Zaintzaren sektorea sendotzeko eta bizitza luzatzeak ekonomian sortutako erronkei aurre egiteko Grupo SSI kooperatibak jorratutako programa da ZainLab. Atzo aurkeztu zituzten Bilbon proiektuak orain arte eman dituen emaitzak

ZainLab jardunaldiaren parte hartzaileak | Argazkia: Eusko Jaurlaritza ZainLab jardunaldiaren parte hartzaileak | Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Zainlab II proiektuaren jardunaldia egin zuten atzo Bilboko Guggenheim museoko auditorioan. Zaintzaren sektorea indartzera datorren proiektua da ZainLab, eta enplegua eta ekintzailetzaren bidez sektorea profesionalizatzea du helburu, sektoreko langileei kualifikazio aukerak eskainiz, besteak beste.

Zilarrezko ekonomiaren garrantzia areagotzen ari den une berean ugaldu dira zaintzaren sektorean hainbat erronka. Testuinguru horretan, Jaurlaritzako Lan eta Enplegu saila hainbat aliantza estrategiko ondu ditu zainketa arloan enplegu nahiz ekintzailetza estrategia abiatzeko, eta ZainLab da, azken urte eta erdian, Grupo SSIrekin osatutako lankidetza proiektua. Idoia Mendia lehendakariordeak eta Lan eta eta Enplegu sailburuak ireki du gaurko jardunaldia, eta adinekoen zaintzak eta arreta espezializatua profesionalizatzeko hainbat tresna martxan jarriko dituztela adierazi du.

EAEn 65 urte bete dituzten milioi erdi pertsona baino gehiago daude, horietatik laurden bat bakarrik bizi dira, eta 50.000 baino gehiago 80 urtetik gorakoak dira

"Enplegu-aukerak eta gaikuntza zainketen ekonomian eta bizitza-luzeran" izenburupean burutu da topaketa. Mendiaren esanetan, "gure erronka handienetako bat bizitza luzeraren kudeaketa da, irtenbide berriak bilatzea", eta "prestakuntzari, profesionalizazioari, zainketen duintasunari eta hala nahi dutenentzat bizitza autonomoa bermatzeari" dagokionez, erantzunak aurkitu dituztela segurtatu du.

EAEn 65 urte bete dituzten milioi erdi pertsona baino gehiago daude, horietatik laurden bat bakarrik bizi dira, eta 50.000 baino gehiago 80 urtetik gorakoak dira, Mendiaren hitzetan. Hori dela eta, bizitza luzerari aurre egiteko proiektua da ZainLab, eta estrategia honen baitan kokatzen da gehienbat emakumeek osatzen duten etxeko zainketen sektorearen profesionalizazioa.

Erosahalmen handiko geroz eta zahar gehiago

ZainLab programaren nondik norakoak azaldu aurretik, Fernando Fantova gizarte aholkulariak hartu du hitza jardunaldian, zaintza ekonomiaren egungo irudia azaldu asmotan, epe luzeko zaintzaren hainbat ezaugarri mahaigaineratuz. Besteak beste, zaintzaren esparru zabala nabarmendu du, izan ere, "zaintza pertsona zaurgarri bati erosketa egitea izan daiteke, baina baita bere bizitzako azken erabakia hartzen laguntzea ere". Epe luzeko zaintzaren gizarte antolaketa, prekarioa, patriarkala eta koloniala dela adierazi du gizarte aholkulariak. Sektore feminizatua da erabat eta langile gehienak Hego Amerikarrak dira. Era berean, desoreka handiko antolaketa bat dagoela azaldu du, pertsona orok ez baititu ondasun ekonomiko eta material berdinak, eta etxebizitza baten kalitateak, esaterako, zaintza lana erraztu dezake.

Fernando Fantova: “Ez dugu arazo hau konpontzeko sistemarik, eta gainera "baby boom" belaunaldikoak bete-betean goaz adin horretara, zaintza horiek behar izatera”

“Zaintzaren eta bizitza luzeraren ekonomia, bizitza luzatzea eta biztanleriaren zahartzea ahalbidetzen duen gurea bezalako gizarte baten ekonomia da”, nabarmendu du Fantovak. Egungo gizartean, gero eta zahar gehiago dago, eta hauek erosahalmen handia dute. Adituaren esanetan, EAEn, gaur-gaurkoz, 100.000 pertsonek epe luzerako zaintza beharrezkoa dute. Horietatik, 20.000 erresidentzietan daude, eta 80.000 etxean. Halaber, denera, EAEn etxez-etxeko 35.000 langile daude eta zaintzaile gehienak atzerritarrak dira.

Hala, lehen mailako beharra den heinean, zaintzaren krisia, krisi ekologikoa edo energetikoarekin alderatu du. “Ez dugu arazo hau konpontzeko sistemarik, eta gainera "baby boom" belaunaldikoak bete-betean goaz adin horretara, zaintza horiek behar izatera”.

Hizketa, entzute eta parte hartze prozesu bat

Grupo SSI kooperatiba azken bi urteotan aritu da buru-belarri ZainLab proiektuan lanean. Bi faseetan banatuta, lehenengo faseko prozesu osoa aletu du Karmele Acedo zuzendariak. “Errekonozimendu, eskertze eta ikusgarritasun jardunaldi bat da hau, oso lan korala izan baita proiektua. Erakunde askorekin elkarlanean garatu dugu ZainLab”. Azterketa eta prospekzio fasea izan da ZainLab I, eta prozesutik ateratako ondorio eta ikaskuntzen bidez garatutako esperientzia eta probek osatzen dute ZainLab II. Acedoren hitzetan, “hizketa, entzute eta parte hartze prozesu bat” izan da.

Karmele Acedo: “Errekonozimendu, eskertze eta ikusgarritasun jardunaldi bat da hau, oso lan korala izan baita, erakunde askorekin elkarlanean garatu dugu ZainLab”

ZainLaben lehen erronka nagusia zaintzaren profesionalizazioa izan da, eta horretarako, langileen kualifikazioa hobetzea eta zaintzaileei etengabeko formakuntza eskaintzea izan dira Grupo SSIk jorratutako ildoak. Horren emaitza da Mentsad: “profesionaltasun ziurtagiria behar duten pertsonei zuzendutako online bidezko formakuntza programa da, Lanbideren formakuntza eskaintza zabala duena”. Kooperatibako zuzendariak argitu duenez, 99 pertsonak burutu dute programa, eta zaintzan lan egiteko titulazio ofiziala eskuratu dute modu honetara. Halaber, programaren gogobetetze maila %94koa dela ere azaldu du, metodologia arrakastatsua dela erakutsiz.

Formakuntzaz harago, ordea, bidean laguntza edo gida behar dute pertsona hauek, eta orientaziorako zerbitzu bat diseinatzea beharrezkoa dela ikusi du Grupo SSIk, atzerritik datozen edota gizarte bazterkeria pairatzen duten pertsonentzat, batik bat. Gainera, kulturartekotasun gaitasunak eskuratzeko formakuntza ere eskaintzen dute. “60 orduko formakuntza diseinatu dugu, atzerriko zaintzaileak kulturartekotasun arloan formatzeko”.

Etengabeko formakuntza

"Upskilling"a ere landu du ZainLabek, langilearen ezagutzak eta konpetentziak areagotzea oinarri duen jarduera, hain justu ere. Zaintzaren baitan zortzi konpetentzia edo gaitasun nagusi zehaztu dituztela azaldu du taldeko zuzendariak: berrikuntza eta ikerketa (sektorean berrikuntza gutxi sartu dela dio), lan inguru osasuntsua (Osarten kooperatibarekin lankidetzan), kulturartekotasuna (Biltzen zerbitzuarekin), kultura jasangarria (Aclimaren eskutik), datuen kudeaketa (Mondragon unibertsitatearen bidez), digitalizazioa eta sektorearen birziklatzea edo rol aldaketa.

Konpetentzia hauei loturiko formakuntza diseinatzeaz arduratu da kooperatiba erakunde kolaboratzaileen laguntzarekin. Hiru faseko erreminta bat ere garatu dutela azaldu du Acedok, LKSrekin elkarlanean. "Konpetentziei dagokienez, erakundeen egoera nolakoa den azaltzen digu tresna honek, diagnostikoa egiten du, eta horretarako formakuntza plana landu dugu", gehitu du.

Karmele Acedo: Zaintzarena merkatuan aukerak eman ditzakeen ekonomia dela erakutsi nahi dugu"

"Reskilling"a ere landu ZainLabek, "zilarrezko ekonomian aukera bat aurkitzen duten beste sektore batzuetako profesionalak dira". Gaitasun eta ezagutza berrien bidez, langileak lanpostu berri batera egokitzen duen gaitasuna da. Hala, zilarrezko ekonomia arloko Plataforma 50 proiektuarekin elkarlanean, formaziorako edukien inguruan galdetu diete tokiko enpresei, antolakuntzen "silverizazioa" gauzatu ahal izateko. Era berean, zaintzaren esparrurako beharrezkoa diren profil profesional berrietan ere jarri du azpimarra ZainLabek.

Azkenik, ekintzailetza izan du hizpide Acedok. “Zaintzarena merkatuan aukerak eman ditzakeen ekonomia dela erakutsi nahi dugu”. Erronka, hortaz, garapen agentziekin lan egitea izan da,  ekintzaileak bizitza luzatzeak sor ditzakeen aukeren inguruan sentsibilizatzeko. Programa Deba Goienako mankomunitatearekin, Bilbao ekintzarekin, Getxolanekin edota Inguralderekin aritu da lanean. "Formakuntza jardunaldiak egin ditugu, eta 40 proiektuk parte hartu dute bertan”, bukatu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK