• EKONOMIA
  • Zein eragin izango du adimen artifizialak produktibitatean eta lanean?

Zein eragin izango du adimen artifizialak produktibitatean eta lanean?

Ekoizpenaren hazkunde-tasetan adimen artifizialak nabarmen eragingo duela iritzi diote ekonomialari askok

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Iñaki 2019
Deusto Business Schooleko (Donostia) irakasle eta ikerlaria, Irakasle Titularra
2026ko maiatzaren 4a - 05:30

Adimen artifiziala (AA) momentuko “gaia” da. Ez dago elkarrizketarik AAri buruz aipamenik egiten ez denik. Jesus Fernandez Villaverdek, Pennsylvaniako Ekonomiako katedradun ospetsuak, Gutenbergen inprentaren ondoren izandako iraultza handiena iruditzen zaiola esan berri du Xn (Twitter). Eta hauek hitz handiak dira…

 

Angus Maddison zendutako ekonomistak sortu eta ondorengoek jarraitu duten milurteko datuak hartuz, Espainiako pertsonako errenta (Barne Produktu Gordina, BPG) 1. urtean (ezin da atzerago jo) 886 dolarrekoa zen pertsonako (2011ko prezioetan), eta 2026koa 36.000 dolar ingurukoa (2011ko prezioetan) izango litzateke. Hau da, pertsonako errenta (termino errealetan) 37 bider biderkatu da 2026 urtetan.

2026tik datozen urteetan jauzirik emango al dugu ekoizpenaren hazkunde-tasetan AAren ondorioz? 2024. urtean maila handiko 27 ekonomialarik galdera honi erantzun zioten: “Zeintzuk izango dira AAren garapen berrien ondorioak munduko hazkunde ekonomikoan, hurrengo hamarkadan heldu ahala?”. 1.go Irudiak ekonomialarien erantzunak laburbiltzen ditu:

 
  • Panelkideen gehiengoak (%64) uste zuen AAk urteko hazkunde ekonomikoa %4-6ra igoko duela hurrengo hamarkadan. Kontuan hartu behar da munduko produktibitatearen batez besteko hazkundea %4 ingurukoa izan zela 2024 urtean. Urteko hazkundea %4 eta errenta 100 balitz 2024. urtean, errenta 148 litzateke 2034. urtean. Urteko hazkundea %6 eta errenta 100 balitz 2024. urtean, errenta 179 litzateke 2034. urtean. Horrek esan nahi luke hamar urte horietarako %21eko errenta-igoera gehigarri metatua egongo litzatekeela; efektu garrantzitsua izan arren, ez dirudi ikaragarria.
  • Panelaren gainerakoak (%36) uste zuen AAk ez duela eragin adierazgarririk izango munduko hazkundean.

Garrantzitsuena, ziurrenik, panelkide gehienek euren iragarpenekiko ziurgabetasun handia dutela adierazten dutela da.

1.go Irudia: “Zeintzuk izango dira AAren garapen berrien ondorioak munduko hazkunde ekonomikoan, hurrengo hamarkadan heldu ahala?” galderari emandako erantzunak.

 

Gráfico, Gráfico de barrasDescripción generada automáticamente

Iturria: https://cepr.org/voxeu/columns/impact-artificial-intelligence-growth-and-employment

Eta orain, 2026an, zer? Pertsona askoren bizitza aldatu dela garbi dago. Guk geuk unibertsitatean ia egunero erabiltzen dugu AA materialak prestatzeko, testu luzeak irakurtzeko, agiriak prestatzen laguntzeko, informatikako programen kodea prestatzeko edo konprobatzeko… Ikasleek ere, noski, AA dezente erabiltzen dute. AAn aurreratuagoak dabiltzan agenteak ere erabiltzen hasi dira munduan, hainbat eginkizun automatizatzen edo ia.

2. irudian ikus daitekeen bezala, AAren erabileraren hazkundea oso azkarra izan da, eta hilabete gutxian iritsi da 100 milioi erabiltzailera (txosten hau 2025eko erdialdekoa eta ChatGPTri buruz ari da bereziki; orain askoz ere erabiltzaile gehiago daude). Ikusten dituzue ordenean berrikuntzak: AA, Internet, ordenagailuak, telebista, kable bidezko telebista, telefono mugikorra eta telefonoa.

2. Irudia: Iraganeko berrikuntzen hedapena (100 milioi erabiltzaile/unitate iristeko behar diren urteak)

Iturria: https://www.imf.org/-/media/files/publications/wp/2025/english/wpiea2025067-print-pdf.pdf

Nazioarteko Diru Funtsak (NDF/IMF) duela gutxi zenbatetsi du AAren eragina Faktoreen Guztizko Produktibitatean (FGP). FGPk BPGren hazkundea kalkulatzen du, behin langileen ekarpena eta kapitalaren (makinak) ekarpena kenduta: gutxi gorabehera herrialde baten berrikuntza teknologikoaren ekarpenaren kuantifikazioa da. Beraz, FGP igotzea seinale ona izan ohi da, honek esan nahi baitu dauzkagun baliabideak, lana eta kapitala, biak batera, produktiboagoak direla. 3. Irudiak Europako Batasuneko (EB) eta Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) FGPren urteko hazkundearen estimazioak erakusten ditu datozen bost urteetako. Gutxi gorabehera FGPren hazkundea ia %0,8koa izango dela aurreikusten da, baina bilakaera desberdinak daude herrialde batzuetatik besteetara. Ez da zenbaki txarra.

3. Irudia: Faktoreen Guztizko Produktibitatearen hobekuntza datozen 5 urteetan, Europako Batasunean eta AEBn.

Captura de pantalla 2026 04 30 a las 15.36.47

Iturria: https://www.imf.org/-/media/files/publications/wp/2025/english/wpiea2025067-print-pdf.pdf

Eta zer espero da lan munduan? Bi aldagai dira bereziki garrantzitsuak AAren eragina aztertzeko:

  1. AArako esposizio-maila: lanbide bakoitzean behar diren giza gaitasunen eta AAren aplikazioen arteko gainjartze-maila da. Esposizioa handia bada, giza lana desagertzeko arriskua handiagoa da. Adibidez, pertsonekin dabiltzan zaintzaileek ez daukate gaur egun esposizio handia, eta lana desagertzeko arrisku gutxiago dute.
  2. Osagarritasun potentziala: Kapitala (makinak) eta lana ondo “osatzen” badira, AAk lanpostua desplazatzearen aurka eskaintzen duen babes-maila da. Adibidez, epaileak edo medikuak oso agerian daude AAren aurrean testuen edo proben analisian egon diren aurrerapenengatik, baina, aldi berean, babestuta daude gizarteak nekez onartuko duelako zeregin horiek gainbegiratu gabeko AA baten esku uztea. Kasu honetan, AAk epaileen edo medikuen lana osatuko luke (osagarritasuna) eta haien produktibitatea handitu, ordezkatu beharrean. Aldiz, esposizio handia duten administrazio-lanek babes txikiagoa dute eta AAk ordezkatzeko arrisku handiagoa.

NDFren hasierako ikerketek (2024 eta 2025ean) ez zuten eragin handirik aurreikusi orokorrean lanean. Zer diote ikerketa berriagoek? Oraindik ere ebidentzia gutxi dago. 4. irudian AA erabiltzen duten enpresak eta erabiltzen ez dutenak konparatzen dituzte Europako Banku Zentralaren ikerketa berrian. Enpleguaren hazkundea bultzatu ohi duten hainbat aldagai hartu dituzte kontuan, horien artean: enpresaren tamaina eta adina, inbertsioaren egungo aldaketa, fakturazioa, errentagarritasuna, enpresaren aurreikuspen ekonomikoa, inbertsioaren aurreikusitako aldaketa, sektorea eta herrialdea. Oro har, lanpostuen sorrerari eta deuseztatzeari dagokionez, ez dute alde nabarmenik aurkitu AA erabiltzen dutela dioten enpresen eta erabiltzen ez dutenen artean. Hala ere, egoera aldatu egiten da AA maiz erabiltzen duten enpresak eta gutxitan erabiltzen dutenak bereizten ditugunean. AA modu esanguratsuan erabiltzen duten enpresek langile gehiago kontratatzeko %4 probabilitate handiagoa dute. Beste era batera esanda, AA intentsiboki erabiltzen duten enpresek, batez beste, kontratatzeko joera dute, kaleratzekoa baino. Gauza bera esan daiteke AArako inbertsioari buruz: AArako inbertsioa egiten duten enpresek langile gehiago hartzeko ia %2 probabilitate handiagoa dute egiten ez dutenek baino.

AAren inguruan, noski, beste gai asko daude, baina horiek beste baterako utzi beharko dira. Duela gutxi BBVAk txosten interesgarria argitaratu du gai honen inguruan, bai orokorrean eta baita ere gertuago izango ditugun eraginak aztertuz. Gainera, BBVAk berriki argitaratu du bere enpresa barnean AA nola kudeatzen ari den Harvard Business Review entzutetsuan.

Nik neronek sarritan pentsatzen dut ea iraultza baten barnean ote nagoen edo gauden…

Garbi dago AAk egundoko aldaketa ekarri/ko duela gure bizitzetara eta horretarako prest egon behar dugula …

(Testu hau idazteko garaian AAren laguntza izan dut. Noski, gaizki esandakorik balego, nire errua da soilik)