• EKONOMIA
  • Zelula Sortzaileak: diseinua estrategiaren parte

Zelula Sortzaileak: diseinua estrategiaren parte

Diseinatzailearen lanak erakundeen erabaki estrategikoetan duen garrantzia aldarrikatzeko proiektua da Zelula Sortzaileak. EIDE eta Agustinak Zentroaren arteko lankidetzaren emaitza da

Aditu Match topaketaren irudi bat | Argazkia: utzita
Aditu Match topaketaren irudi bat | Argazkia: utzita
2025eko ekainaren 10a
Eg. 2025eko ekainaren 10a

Industrian eta berrikuntzan, gero eta presenteago dira enpresetako barne diseinatzaileak. Produktuen estrategia, prozesuen garapena eta ikuspegi orokorra lantzen dute, eta gero eta gehiagok ematen die balioa euren begiradari. Norabide hori sustatzeko sortu da Zelula Sortzaileak egitasmoa, lankidetza baten emaitza izanik: EIDE Euskadiko Diseinatzaileen Elkartearen eta Agustinak Zentroaren artekoa, hain zuzen ere, azken hori Oarsoaldeako (Gipuzkoako) garapen agentziak eta eskualdeko udalek sorturikoa. Egitasmoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sortzailea programaren babesa ere jaso du, eta hainbat enpresa ari dira proiektua martxan jartzen. Horien artean dago Salto Systems, zeinak barne-diseinuaren integrazioaren aldeko apustu argia egin duen.

 

Diseinua eta enpresaren arteko harremana

Diseinua ez da soilik itxurazko elementuak zaintzea; enpresetan estrategia eta berrikuntza bultzatzeko tresna garrantzitsua da. Enpresetan gero eta leku handiagoa hartzen ari da diseinuaren mundua, eta EIDEko Lander Balzak, bertako proiektuen koordinatzaileak garbi azaldu du: “Diseinuaren errealitate berria enpresen barruan kokatzen da. Bertan dute benetako inpaktua”. Horixe da azken urteetan lantzen eta bultzatzen ari diren norabidea, eta hortik sortu zen Agustinak Zentroarekin batera martxan jarritako egitasmoa: Zelula Sortzaileak.

Agustina Zentroko zuzendariak, Esti Susperregik, argi laburbildu du proiektuaren helburua: “Diseinuaren, enpresaren eta berrikuntzaren arteko benetako konexio aktiboan datza haren balioa, tokiko ekosistema produktiboan epe laburrera eta luzera inpaktua sortuta”. Diseinua ez da bakarrik itxura zaintzeko; enpresen barruan dinamikak aldatzeko tresna ere bada. Pentsatzeko, antolatzeko eta lankidetzan aritzeko beste modu bat proposatzen du.

 

Lander Balza (EIDE): “Diseinuaren errealitate berria enpresen barruan kokatzen da. Bertan dute benetako inpaktua”

Horretarako, topaketak, esperientzien trukea eta elkarlan aukerak jartzen dira mahai gainean. Eta Balzak argi dauka: “Diseinatzaileak beti saiatzen dira haien ingurua ulertzen eta barneratzen. Ezagutza sakona dute, eta horrek balio handia du”.

restitucion
Argazkia: Zelula Sortzaileak

Diseinua etxean

Salto Systems enpresan 2017an hartu zuten diseinatzaileak etxe barruan integratzeko erabakia. Ander Igarzak, Produktuaren eta Diseinu Industrialaren Arduradun Bertikalak azaldu bezala, "egia da enpresaren DNA-n betidanik egon dela diseinuarekiko sentikortasuna, baina barruan diseinatzaileak gaudenetik, beste potentzia bat hartu du guztiak".

Lehen urratsak teknikoak izan ziren: "Enpresan sartu ginenean, proiektuen alde teknikoagoei edo diseinu teknikoagoari heldu genion". Pixkanaka, proiektu gehiagotan parte hartzen hasi ziren, hasieratik bukaerara: "nik uste dut prozesu natural bat izan dela".

Erronkei dagokienez, "prozesua lasaia izan da. Konfiantza eman digute, eta guk bueltatu egin diegu egindako lanek emandako emaitzekin. Ez dugu frenorik topatu". Hori bai, "enpresaren babesa sentitu dugu beti".

Ander Igarza (Salto Systems): "Egia da enpresaren DNA-n betidanik egon dela diseinuarekiko sentikortasuna, baina barruan diseinatzaileak gaudenetik, beste potentzia bat hartu du guztiak"

Emaitzak sumatu dituzte: "Abiadura handiagoa, prozesuak arinago doaz. Eta beste proiektu estrategiko batzuk sortzeko aukera izan dugu: produktu guztien kohesioa zaintzeko gida, katalogoak...". Azken batean, "barruan egonda, markaren ikuspegia beste modu batean lantzen da".

Beste diseinatzaile bat sartu zuten iaz. Egun hiru dira Salto Systems enpresan diseinuarekin buru-belarri ari direnak. "Gure sarrerarekin, maila bat gorago egin dugu salto. Eta zenbat eta gehiago ezagutu produktua, orduan eta ikuspuntu finagoa ematen dugu". Hala ere, proiektu jakin batzuetarako kanpo-agentzien laguntza dute “hori ez dugu sekula kenduko, beraiengan ere konfiantza dugulako”.

4O7A0367
Argazkia: utzita

Diseinua estrategiaren parte

EIDEn argi daukate: "Diseinatzailea ez da soilik estetika lanetan aritzen. Estrategian ere badu tokia". Horregatik, "barruan dagoenean, proposamenak egokiagoak eta orekatuagoak dira". Eta, aldi berean, zubi lanetan jardun dezakete kanpoko agentziekin: "Diseinatzaileek hizkuntza berdina hitz egiten dute, eta barrukoak kanpokoarentzat aliatu bihurtzen dira, eta alderantziz".

Diseinuaren eskailerari erreferentzia eginez, Balzak gogorarazi du: "Hasieran, diseinua estetika hutsera mugatzen da. Baina mailaz maila, estrategia bihurtzen da, erabakiak hartzen diren tokian presente egon arte".

Eta Salton, estrategia mailara ere iritsi da. "Gaur egun, enpresa batek eduki dezake produktu tekniko bat ezin hobea, baina arrakastarik ez, balio ukiezinik ez duelako lantzen", dio Igarzak. "Diseinuak hor egon behar du, barrutik".

Etorkizunerako gakoak

Diseinatzaile askok ez dute aukera benetan beren gaitasun osoa erakusteko. "Lan-karga, ordutegi edo egitura zurrunak direla medio, diseinuaren potentzial osoa ez da askotan aprobetxatzen", dio Balzak.

Zelula Sortzaileak egitasmoaren helburua da horiek aktibatzea. "Enpresak, batez ere enpresa txiki eta ertainak, diseinua prozesu estrategiko gisa ikusten hasi dira, eta ez soilik estetiko gisa, merkatuan balio erantsia eta bereizketa sortuz", dio Susperregik. "Aditu Match topaketek aukera ematen diete enpresei esperientziak partekatzeko, besteengandik ikasteko eta horiek garatzeko konexio erabilgarriak ezartzeko”.

Esti Susperregi (Agustinak Zentroa): "Enpresak, batez ere enpresa txiki eta ertainak, diseinua prozesu estrategiko gisa ikusten hasi dira, eta ez soilik estetiko gisa, merkatuan balio erantsia eta bereizketa sortuz"

"Eguneroko lanetan beste ikuspegi bat ematen dugu. Eta hori aberasgarria da beti", adierazi du Igarzak. Azken batean, ez da forma kontua. Balioa sortzea da gakoa. Eta hori, gero eta gehiago, barrutik egiten da.