Zer da estatuaren defizita?

Estatuaren defizita terminoa bera ulertzeko erraza da, baina dituen inplikazioak ez dira hain ezagunak

Irudia: iStock Irudia: iStock

Azkenaldian askotan entzun dugu estatuaren defizita terminoa. Estatuaren defizita gobernuaren gastuek diru-sarrerak gainditzen dituzten egoera ekonomikoari dagokio. Egoera hori ohikoa da ekonomia askotan, garatuetan zein garatuak ez direnetan. Hori dela eta, horren ondorioak ezagutzea funtsezkoa da ekonomia publikoan.

Estatuaren defizita gobernuaren gastuek zergaldi batean lortutako diru-sarrerak gainditzen dituztenean gertatzen da. Estatuaren sarrerak nagusiki zergetatik, aduana-eskubideetatik, eta enpresa publikoen diru-sarreretatik datoz. Gastuen atalean sartzen dira azpiegituretan, osasunean, hezkuntzan, defentsan eta zorraren interesen ordainketan egindako inbertsioak. Defizita herrialde baten osasun fiskalaren adierazle garrantzitsua da, eragin nabarmenak izan ditzake bere ekonomian eta inbertitzaileen konfiantzan.

Eredu bezela, 2009an, finantza krisi globalean, ekonomia suspertzeko gastu publikoa nabarmen handitu zen Estatu Batuetan, eta horrek BPGaren %9,8ko defizita ekarri zuen. Gertuago, Espainiak BPGaren %10,7ko defizita izan zuen 2012an, Europako zorraren krisiak jota, hein batean zergen diru-sarreren beherakadagatik eta banku sektorearen erreskateagatik.

Zergatik sortzen da defizita?

Hiru arrazoi nagusi aztertuko ditugu. Lehenengo arrazoia da gastu publikoaren gehikuntza. Azpiegituran inbertituz, zerbitzu publikoak handituz edo gizarte-ongizateko programen bidez ekonomia suspertu nahi duten gobernu-politiken ondorio izan daiteke. Gastu horiek epe laburrean onuragarriak izan daitezkeen arren, defizita ekar dezakete zuhurtasunez erabiltzen ez badira.

Beste arrazoi bat diru-sarreren murrizketa izan daiteke. Atzeraldi ekonomikoko aldietan, gobernuaren diru-sarrerak murriztu egin daitezke, zergen bilketaren beherakadagatik. Jarduera ekonomikoak gutxitzeagatik gertatu ohi izaten da hori.

Azpiegituran inbertituz, zerbitzu publikoak handituz edo gizarte-ongizateko programen bidez ekonomia suspertu nahi duten gobernu-politiken ondorio izan daiteke [gastu publikoaren gehikuntza]

Azken arrazoia hazkunde ekonomia suspertzeko erabiltzen diren zerga politikak dira. Zergak murrizteak edo gastu publikoa finantzabide egonkorrik gabe handitzeak defizitak sor ditzakete.

Politika horiek kontu handiz orekatu behar dira, epe luzera eragin kaltegarriak saihesteko. Adibidez, Argentinak, 2000. urtearen hasieran izandako krisi ekonomikoan, handitu egin zuen gastu publikoa gizarte programetan eta pobrezia arintzeko diru aguntzetan, honela gastu publikoa handituz. Estatu Batuek 1980ko hamarkadan sekulako zergen murrizketa egin zuten, Ronald Reaganen administraziopean, hazkunde ekonomikoa sustatzera bideratuta, eta horren ondorioz defizita nabarmen handitu zen.

Nola finantzatzen da defizita?

Defizita finantzatzeko erabiltzen diren tresna garrantzitsuenak honakoak dira. Lehena, zorraren jaulkipena. Gobernuaren bonuen salmenta da defizita finantzatzeko modu ohikoena. Bonu horiek etorkizuneko ordainketak dira, interesak dituztenak. Herritarrek, enpresek edo atzerriko gobernuek eros ditzakete. Zorraren jaulkipenak gobernuaren etorkizuneko karga handitzen du, bonu horiek interesekin itzuli behar baitira.

Bigarrena, finantza erakundeen maileguak. Gobernuek maileguak lor ditzakete estatuetako edo nazioarteko bankuetatik edo FMIren gisako erakundeetatik. Mailegu horiek gobernuak jarraitu beharreko baldintza eta politikekin etorri ohi dira.

Gobernuaren bonuen salmenta da defizita finantzatzeko modu ohikoena. Bonu horiek etorkizuneko ordainketak dira, interesak dituztenak

Azkenik, defizitaren monetizazioa dugu. Banku zentralak gobernuaren gastua finantzatzeko dirua sortzean datza. Larrialdi egoeretan tresna izan daitekeen arren, gehiegi erabiltzeak inflazioa sortzea eta moneta debaluatzea ekar dezake.

Zeintzuk dira defizitaren ondorioak?

Lehen begiradan argi dago inpaktu ekonomikoa edukiko duela, hau da, defizit kontrolatua eta aldi baterakoa erabilgarria izan daiteke atzeraldian dagoen ekonomia suspertzeko. Hala ere, defizit kronikoak zor jasanezina eta inbertitzaileen konfiantza galtzea ekar ditzake, eta horrek finantziazio kostuak handitu eta hazkunde ekonomikoa murriztu dezake.

Defizita finantzatzeko aipatu dugu defizita monetizatu daitekeela banku zentralak dirua jaulkiz. Horrek Moneta politikaren gaineko presioa sortzen du. Defizit handiak mugatu egin dezake banku zentralak diru-politika erabiltzeko duen gaitasuna. Azken egoera horrek hainbat modutan eragiten du presioa moneta politikan:

  • Helburuen arteko gatazka: moneta politikak, normalean banku zentral independente batek zuzentzen duenak, prezioen egonkortasuna izan ohi du helburu nagusi (inflazioaren kontrola). Hala ere, gobernuak presioa egiten badu banku zentralak defizita finantzatzen laguntzeko, adibidez, gobernuaren bonuak erosita, horrek gatazka sor dezake inflazioa kontrolatzeko helburuarekin.
  • Inflazio arriskua: banku zentralak presioari eutsi ezin badio eta defizita finantzatzeko diru gehiago inprimatzen hasten bada, diru eskaintza handitu egin daiteke. Gehikuntza hori ez badator bat ondasun eta zerbitzuen ekoizpenaren hazkunde proportzionalarekin, inflazioa geroz eta handiagoa izan daiteke. Inflazioak murriztu egiten du erosteko ahalmena, ekonomia ezegonkortuz.
  • Sinesgarritasuna eta konfiantza galtzea: eragile ekonomikoek (inbertitzaileak eta kontsumitzaileak, esaterako) ikusten badute moneta politika gobernuaren defizita finantzatzeko erabiltzen dela egonkortasun ekonomikora bideratu beharrean, baliteke konfiantza galtzea herrialdeko monetan eta politika ekonomikoan. Horrek interés tasa handiagoak ekar diezazkioke gobernuari eta kapitalaren ihesa.
  • Interes tasetan duen eragina: defizita finantzatzeko, gobernuak zor gehiago jaulkitzeko beharra izan dezake. Horrek handitu egiten du bonuen eskaintza merkatuan. Banku zentralak bonu hauen erosketan parte hartzen ez badu, eskaintza handitzeak interes tasak gehitzea ekar dezake bonuen erosketa erakargarriagoa izan dadin, defizitaren kostua garestituz.

Laburbilduz, estatuaren defizit esanguratsu eta iraunkor batek egoera zail bat sor dezake, non gobernuak banku zentralari presioa egiten dion defizit hori finantzatzen lagunduko duten moneta politikak ezartzeko. Presio horrek moneta politikaren eta zergen politika helburuen arteko gatazka eragin dezake, inflazio arriskua handitu eta herrialdearen sinesgarritasunari eta egonkortasun ekonomikoari eragin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK