Ezingo da esan Putin esku hutsik etxeratu zela Beijingetik duela bi aste: zakukada bat hitz gozo jaso zuen, eta aldez aurretik denboratan landutako dozenaka akordio eta tratu sinatu zituen txinatarrekin. Baina zer gertatu da bisitaldi horren lorpen nagusia izan behar zuen Siberiako Indarra-2 edo Altaiko gasbidearekin?
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Ez baita gure ateraldia: bisita hasi aurreko egun eta orduetan hedabide errusiarrek ozen aldarrikatu zuten Beijingetik egitasmoa sinatuta ekartzeko itxaropena. Xi eta Putinen arteko aurrez aurrekoaren emaitza gorena izan behar zuen, adiskidetasun bereziaren frogagiri materiala. Besteak beste, bigarren hamarkada betetzear delako hura plazaratu zenetik, eta zazpi urte haren antzeko beste Siberiako Indarra abian jarri zenetik.
Alferrik izan da, ordea, agidanez. Proiektua, beste behin ere, sinatu gabe geratu da, aurrerapausoak ematen jarraitzeko promesa eztietan bilduta. Horrelako bisitaldien balantzea egiteko ohikoa duen azken prentsaurrekoa bertan behera utzi zuen Putinek Beijingen. Altaiko gasbidearen etorkizunak egingo zizkioten galderei ez erantzuteko, behatzaileen ustez. Litekeena da.
Ukrainako gerra hasi aurretik, 200.000 milioi metro kubiko gas inguru erosten zizkion Europak Errusiari. Txinak, aldiz, 38.000 milioi metro kubiko besterik ez; hau da, europar erosketen bostena ere ez
Txinatarrek ez zioten iskin egin galderari... baina beren erara erantzun zioten. Topaketa amaitzean gaiaren inguruan galdetu ziotenean Guo Jiakun bozeramaileak erantzun zuen: “Txina eta Errusia lankidetza estua egiten ari dira hainbat arlotan, demagun, energian. Txina prest dago Errusiarekin lanean jarraitzeko, elkarrekiko errespetuaren eta onuraren printzipioetan oinarrituta, bi herrialdeen arteko lankidetza praktikoan etengabe sakontzeko”. Hau da, guk behintzat ez daukagu presarik. Hurrengora arte.
Errusiak bazuen presa, ordea. Eta ulergarria da. Ukrainako gerraren harira Nord Stream-2 gasbideak izandako akaberak, eta gainerako hodiek gero eta larriago nozitzen dituzten mugapenak direla eta, Europarantz esportatzen zuen gasa biziro gutxitu da. Oraindik ere aipagarria izaten jarraitzen badu ere: 2025ean, europar gas-inportazioen %12 inguru etorri zen Errusiatik; gasbidez edo LNG moduan, erdibana, gutxi gora behera. Nolanahi ere, oso gutxi 2021ean Europak Errusiatik jasotzen zuen %40arekin alderatuta.
Ukrainako gerra hasi aurretik, 200.000 milioi m3 gas inguru erosten zizkion Europak Errusiari. Txinak, aldiz, 38.000 milioi metro kubiko besterik ez; hau da, europar erosketen bostena ere ez. Gehien-gehienak, Baikal inguruko eta Siberia ekialdeko gas-ustiategi errusiarrak Txinarekin lotzen dituen Siberiako Indarra (zenbakirik gabea, ofizialki) gasbidearen bitartez. 2019an jarri zen abian hura; eta egon, badaude planak are ekialderago, Sakhalin uhartean eta ingurumarietan, dauden gas-ustiategietatik lotura biderkatzeko ere. Txinara, Heihetik sartzen da eta, hegoalderantz, Shanghairaino doa; baina hurbilen duen Mantxuriako eskualde industriala hornitzen du, batik bat.
Yamal penintsulako gas-ustiategi siberiar horiexek izan dira nagusiki azken hamarkadetan Europa hornitu dutenak, Nord Stream eta Yamal-Europe gasbideen eta Yamal LNGren bitartez, besteak beste
Oso bestelako kontua da, ordea, Siberiako Indarra-2 balizko gasbidearena. Deiturak besterik aditzera eman badezake ere, ez luke zerikusirik edo ez, behintzat, lotura fisikorik bere kidearekin. Munduko hidrokarburo-arro handiena (2,2 milioi kilometro karratu) hartzen duen Siberia mendebaldeko gas-ustiategietatik (zehazki, haren ipar muturrean, zirkulu polar artikoan, Yamal penintsulan daudenetatik) abiatuko litzateke zuzenean hegoalderantz, 2.500 kilometro baino gehiagoan Siberia zeharkatu eta Txinara iristeko.
Bi aukera desberdin egongo lirateke, gainera, Novosibirsketik hegoalderantz: mendebaldekoa, Altaitik barrena (hortik egitasmoaren lehen izena) zuzenean Xinjiangera sartuko litzatekeena; edo ekialdekoa, Mongolia —independentea nahiz Txinakoa— zeharkatu eta Beijing aldera joango litzatekeena. Egingo balitz.
Yamal penintsulako gas-ustiategi siberiar horiexek izan dira nagusiki azken hamarkadetan Europa hornitu dutenak, Nord Stream eta Yamal-Europe gasbideen eta Yamal LNGren bitartez, besteak beste. Ulergarria da, beraz, nolanahiko buruhaustea ez izatea Gazpromentzat eta errusiar estatu-finantzetarako, oro har, hango gasarentzat merkatu berria aurkitzea, zigorren mehatxupean dauden merkatu alternatiboetan gehiago saltzea ere erraza ez zaien une batean. Aurreko hamarkadetan errusiar gasarentzat lehentasunezkoa ez zen merkatu txinatarra, beraz, premia larrikoa bihurtu da Ukrainako gerra hasi eta haren ondoriozko galerak egikaritu direnetik.
2006an ekarri zen negoziazio-mahaietara Altaiko gasbidea izenpean, baina bere horretan dirau
Bidenabar, pentsa zitekeen —eta itxura denez, Kremlinak pentsatzen zuen— Irango gerrak Ormuzko itsasartean sorrarazi duen buxaduraren tenoreak Errusiaren premia hori Txinaren inportazio estutasunekin uztartu eta behingoz Siberiako Indarra-2 abian jartzeko abagune paregabea sortu behar zuela. Hogei urte baitaramatza hara eta hona egitasmoak benetako aurrerapausorik eman gabe. Izan ere, bere kidea baino lehenago, 2006an ekarri zen negoziazio-mahaietara Altaiko gasbidea izenpean, baina bere horretan dirau.
Txinaren planekin ez datorrelako bat edo, behintzat, ez delako lehentasunezkoa haietan. XXI. mendean daramagun lehen laurdenean, txinatarrek lauzpabost erreiko Mendebalde-Ekialde “gas-autobidea” osatu dute, Xinjiangetik abiatuz Itsaso Bareko kostalde industrializaturaino gasa garraiatzeko. Haren baitan, bertako ekoizpenaz gain, Asia Erdialdeko Turkmenistan, Kazakhstan eta Uzbekistango gasak elkartzen dira ekialderako bidean. Haiekin egingo luke bat Altaiko gasbideak, egingo balitz.
Edonola ere, gogoan izan behar da gero eta gas gutxiago inportatzen duen (azken bost urteetako gutxienekoan zebiltzan zenbatekoak iazko urtea amaitzean) eta Estatu Batuen erdia “besterik” kontsumitzen ez duen Txinak, hornitzaileen dibertsifikazioa darabilela irizpide nagusitzat aspalditik. Eta LNGak hobetsarazi dizkiola horrek: Persiako Golkokoak, bai, orain buruhauste direnak; baina baita Asia Hegoaldekoak, Australiakoak... Halakoan, munduko inportatzaile handiena izateraino.
Bestelako energia-iturri fosilen kasuan ez bezala, Txinak egundoko ikatz-erreserbak ditu, eta Beijingeko agintari gorenek behin eta berriz ozen adierazi dutenez, ez dute haiei uko egiteko batere asmorik
Baina betiere murrizteko joeran, elektrizitatea sortzeko erregai fosilen ordez iturri berriztagarriak baliatu ahal izateko egiten ari den jauzi ikaragarriari dagokion moduan. Eta Mantxurian, batez ere prezio onean bada, oraingoz interesgarria izan daitekeen siberiar gasa, askoz erakarmen gutxiagokoa izan daiteke Altain Txinarentzat.
Auziaren alderdietako bat besterik ez da hori, hala ere. Eta bada errusiar Gazpromeko goi-arduradunek aurretiaz igar zezaketen beste eragozpen garrantzitsu bat. Hain zuzen, beren balizko gasbideak Altaitik Txinara sartu orduko topatu edo, behintzat, “ikusiko” lukeen gune batean baitago jardunean, ageri askoan, aire libreko ikatz-meategien multzo erraldoia Urumqitik 150 km ipar-ekialdera Wucaiwaneko Zhungdongen. Hantxe datza errusiar gasa esportatzeko traba handi bat.
Bestelako energia-iturri fosilen kasuan ez bezala, Txinak egundoko ikatz-erreserbak ditu, eta Beijingeko agintari gorenek behin eta berriz ozen adierazi dutenez, ez dute haiei uko egiteko batere asmorik. Ez eta balizko etorkizun baterako pausatuta uztekorik ere. Energia-burujabetasunaren oinarritzat dute ikatza, lehenik eta behin berriztagarrien gorabeherak orekatu behar dituzten zentral termikoak elikatzeko. Horrek berezkoak dituen zor guztiekin: berotegi efektuko gasen emisioak, bestelako kutsadurak... Eta arestian Shanxiko Liushenyu ikatz-meategiko istripu izugarriak (90 hildako, 123 zauritu), azken hamarkadako latzenak, gogorarazi dizkien kostu horiek guztiak.
Ikatz horren xedea ez da soilik —ez eta, agian, nagusiki ere— zentral termikoetan elektrizitatea sortzeko erregaia izatea, baizik industria kimiko emankor baten oinarria ezartzea
Baina oso oker ibiliko gara ondorioztatzen badugu Liushenyukoa bezalako gertakariek zapuztu egingo dutela txinatar planifikatzaileek ikatzarekiko duten atxikimendua. Seguruagoa da kontrakoa: Xinjiangeko Zhungdongeko aire libreko meategi erraldoi modukoen aldeko apustua biderkaraziko diela, antigoaleko mina-ustiategi txiki eta arriskutsuagoak itxiarazten dituzten bitartean. Europan, bere garaian, egin genuen bezalatsu, bestalde. Baina gaur egungo Txinan, eskalak, kokalekuak eta teknikak aldatzea besterik ez du esan nahi mudantza horrek. Ikatzak lehentasunezkoa izaten jarraituko du.
Berria den faktore bat tartekatu delako jada: ikatz horren xedea ez da soilik —ez eta, agian, nagusiki ere— zentral termikoetan elektrizitatea sortzeko erregaia izatea, baizik industria kimiko emankor baten oinarria ezartzea. Funtsean jardunbidea batere berria ez den arren (Alemaniak, beharrak akuilatuta, gogotik landu zituen halako aukerak bi mundu-gerren aroan), azken hamarkadetan egindako ikerkuntza- eta garapen-lanari esker Txinak biziro aurreratu bide ditu ikatzetik lehengai kimiko garrantzitsuak erdiesteko teknikak eta instalazioak eskala industrialean.
Horren emaitza da gaur egun, ikatzetik abiatuta, milioika tona urea, melamina edo PVC ari direla merkaturatzen Zhungdongetik, ongarrien, plastikoen eta abarren industria txinatarrerako. Ormuzeko itsasartearen buxadura etsai ez, lagun duela, besteak beste.
Jarduera, noski, ez da ekologikoki kaltegabea, baina eskualde populatuetatik oso urruti egoteak ostendu egin ditu, orain arte, arbuio eta protesta lausoak
Jarduera, noski, ez da ekologikoki kaltegabea, baina eskualde populatuetatik oso urruti egoteak ostendu egin ditu, orain arte, arbuio eta protesta lausoak. Adituek diotenez, instalazio erraldoien korapilo nagusia urarena da eta izango da, ez baita ugaria eskualdean eta jarduerak asko behar baitu...
Baina argi erakusten du Siberiako gasaren aurretik jartzen dituela Txinak beste baliabide batzuk. Eta ez da harritzekoa, bide batez, Putin esku hutsik itzultzea Beijingetik gas-kontuetan.