• EKONOMIA
  • Zerbitzuak "argi", industria "ilun"

Zerbitzuak "argi", industria "ilun"

Laboral Kutxaren arabera, EAEn %1,8 haziko da BPGa 2025ean eta %1,9 Nafarroan. Industria sektoreak ahul jarraitzen du, Alemaniaren eta Frantziaren egoera txarrak eraginda, eta lan merkatuak eta kontsumoak eusten diote ekonomiari

Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa departamentuko kideak | Argazkia: Laboral Kutxa
Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa departamentuko kideak | Argazkia: Laboral Kutxa
bb 20231002374563
EnpresaBIDEAko kazetaria
2024eko abenduaren 19a
Eg. 2024eko abenduaren 19a

“Argi-ilunak” ikusten ditu Laboral Kutxak Hego Euskal Herriko ekonomian. Lan merkatuak, kontsumoak eta zerbitzuen sektoreak pizten du ekonomia, industriaren azken aldiko gainbeherak, Alemania eta Frantziaren egoera makalak eraginda, itzaltzen.

 

Errusiako gas horniketa etetea galera handia izan da Alemaniarentzat, energia kostuak areagotu egin ditu, bertako enpresen lehiakortasuna murriztuz. Gainera, automozio sektorea ahul da, Txinatik datorren lehia dela eta. Frantzia, Europako beste potentzia handia, ez dago askoz hobe. Kontu publikoak zuzentzeko prozesuan murgilduta baitago, eta ezegonkortasun politikoa agerikoa da Michel Barnier gobernutik atera ostean.

Euroguneko zerga politika zorrozteko neurriak ezarriko dira laster, eta horrek mugatu egingo ditu hazkundea sustatzeko aukerak. Hori gutxi balitz, AEBtan Trumpen garaipenak dakarren muga zerga berriak Europari zuzen-zuzenean eragingo diete.

 

Nazioarteko gorabehera hauen testuinguruan aurkeztu zituen atzo Laboral Kutxaren ikerketa departamentuak 2024ko azken hiruhilekoko eta datorren urteko aurreikuspen ekonomikoak. Europako Industria “lehiakortasun galera” batean dela gogoratu du Ibon Urgoiti finantza erakundeko negozio garapeneko zuzendariak.

Ibon Urgoiti: “EBZk, 2025aren lehen erdian, interes tasak %1,75era jaitsiko dituela aurreikusten da, balio neutraltzat jotzen den %2tik behera”

Ekonomiaren alde ilunak hazkunde aurreikuspenak “zaildu” baditu ere, bada mahai jokoan baikorrago izateko pieza bat: diru-politika. EBZ “malguago” jokatzen ari baita eta interes tasak %3an kokatu ditu, lau aldiz segidan jaitsi ostean. “2025aren lehen erdian tasak %1,75era jaitsiko direla aurreikusten da, balio neutraltzat jotzen den %2tik behera”. Tasen jaitsierak finantzaketa baldintza arintzea dakar enpresentzat nahiz kontsumitzaileentzat eta horrek inbertsioa eta kontsumoa apur bat suspertu dezake, batik bat “kredituarekiko sentikorrak diren sektoreetan", hala nola, eraikuntza eta higiezinen sektorean.

Europa eta Espainiaren artean

Laboral Kutxaren arabera, EAEn %1,9 haziko da BPGa 2024an eta %1,8 2025an. Zerbitzuen sektoreak orekatuko du industriaren gabeziak eragozten duen hazkundea, “Alemania eta Frantziako esportazioei oso lotuta gaude”, azaldu du Urgoitik. Industriak kanpo eskariaren beherakada pairatu du, automozio edo ekipamendu ondasunen arloetan batik bat.

Nafarroan egoera “orekatuagoa” begitantzen zaio, %2,5 haziko baita ekonomia aurten, eta %1,9 2025an. Hazkunde aurreikuspen altuagoa egin dute, industria sektorea "egonkorrago" dagoelako,  bere “dibertsifikazioa” dela eta. Enpleguari dagokionez, EAEn %1,6 haziko da aurten eta %1,4 2025an. Nafarroan, %2 eta %1,5, hurrenez hurren. 2025era begira, EAErako %2ko inflazioa espero dute, Nafarroarako, aldiz, %1,9.

Industriak kanpo eskariaren beherakada pairatu du, automozio edo ekipamendu ondasunen arloetan batik bat

Dena den, Hego Euskal Herriko adierazle ekonomikoak Espainiakoak baino maila apalagoan dira. Espainiako bankuak 2024ko aurreikuspenak hobetu ditu eta BPGa %,3,1 haziko dela aurreikusten du. 2025ean, aldiz, %2,2 haziko da Laboral Kutxaren arabera.

Industria suspertzeko pizgarriak

Urgoitirekin batera izan da Joseba Madariaga ikerketa departamenduko zuzendaria. Ezer baino lehen, nazioarteko ekonomiaren hainbat adierazle gako azaldu ditu, AEBren ekonomia Europakoa baino hobe dagoela iradokiz. Izan ere, euroguneko ekonomiaren 2024ko hazkundea “etsigarritzat” jo du, BPGaren hiruhileko batetik besterako hazkunde apalean jarri duelarik azpimarra. Urtearen hirugarren hiruhilekoan euroguneko ekonomia %0,4 hazi da, eta kontsumitzaileen gastuak gora egingo duela aurreikusi arren, manufaktura ekoizpenak eta kapital inbertsioa “ahul” jarraitzen dute.

Langabezia tasa %6,3koa izan da urrian, baina enplegua ere Europako zenbait herrialdeetan “ahulezia” zantzuak erakusten ari dela nabarmendu du, Alemanian, besteak beste. Prezioen bilakaerari dagokionez, apaltze bidean da KPIa, eurogunean %2,3an kokatuz azaroan. Azpiko inflazioa ere beheranzko bidean da, nahiz eta azken hilabetean zertxobait gora egin (%2,8).

Euskal Autonomia Erkidegoko BPGa %0,5 hazi da 2024ko hirugarren hiruhilekoan eta enpleguak %0,3ko hazkundea izan du. Nafarroan, berriz, azken hiruhilekoko hazkundea %0,6koa izan da. Espainiako adierazleek, berriz, hazkunde “egonkor” bat iradokitzen dute (%0,8ko urteko hirugarren hiruhilekoan), barne-eskaria izan delarik horren eragile nagusia. Hala Hego Euskal Herriko ekonomia Espainiakoa baino gutxiago hazi da, baina Europakoak baino gehiago.

Urtearen hirugarren hiruhilekoan euroguneko ekonomia %0,4 hazi da, eta kontsumitzaileen gastuak gora egingo duela aurreikusi arren, manufaktura ekoizpenak eta kapital inbertsioa “ahul” jarraitzen dute

Argi utzi du Madariagak industrian dagoela erronka nagusia, ekipo eta bitarteko ondasunen “portaera txarra” dela eta batik bat, zeinak industria sektore osoaren %80 biltzen duen. Azaldu du balio erantsi gutxi sortzen duela hemengo industriak, gutxi ekoizten delako, eta horrek esportazioak apaldu dituela. Dena den, 2025era begira industria sektorea %2 haztea espero du, aurtengo hirugarren hiruhilekoan industriaren balio erantsi gordina %0,7 hazi dela ikusita.

Hori bai, Madariagak ohartarazi du enpresentzako pizgarriak eskaini behar direla industria sektorea lehiakor egiteko eta enpresek babesa behar dutela “bete-betean” gauden trantsizio energetikoa eta digitala “ondo” gauzatzeko. Urgoitik ere ildo beretik jo du, industriaren lehiakortasuna sustatuko duten neurriak hartzea funtsezkoa dela esanez: “Energia berriztagarrien alde egin, energia fosilekiko mendekotasuna murrizteko eta gure industriaren energia kostuen inpaktua arintzeko”.