• EKONOMIA
  • Zerga bilketa %11,5 handitu da Araban eta %10,8 Gipuzkoan

Zerga bilketa %11,5 handitu da Araban eta %10,8 Gipuzkoan

6.725 milioi euro bildu ziren Gipuzkoan 2025ean, eta 3.157,5 milioi Araban

Arabako ogasuna | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
Arabako ogasuna | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
2026eko urtarrilaren 23a - 12:55

2025eko zerga-bilketa handitu egin zen iaz, bai Gipuzkoan, bai Araban. Hala jakinarazi dute gaur bi foru aldundiek, duela hiru egun Bizkaiko ogasunak egin zuen moduan.

 

Gipuzkoa

6.725 milioi euroko zerga-bilketa metatua izan zuen Gipuzkoak 2025ean, hau da, aurreko urtean baino 654,9 milioi euro gehiago. Hala, %10,8 handitu zituen lurraldeak diru sarrerak. Era berean, sarrera gordinak %7,1 handitu eta itzulketak %4,4 jaitsi zirela ere jakinarazi du aldundiak. Zeharkako zergak %12 igo ziren, zuzeneko zergak %8,8 eta Espainiako Estatuarekiko doikuntzak, ordea, %15,4. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiak prentsa oharrean “bilakaera positiboa” izan dela esan du, eta Itziar Agirre Ogasun eta Finantza diputatuak adierazi du aurreikuspenak gainditu direla, “2025ean lurraldeko ehun ekonomikoaren martxa onari eta indarrari esker”.

Zehaztu dutenaren arabera, PFEZren (Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga) lan-etekinen gaineko atxikipenak %6,1 hazi dira, 141,6 milioi euroko igoerarekin. Osagai guztiak kontuan izanda, PFEZren bilketa garbia %12,3 handitu da (287,5 milioi euroko hazkundea 2024 urtearen aldean).

 

Sozietateen gaineko Zergaren kasuan, kuota diferentzial garbiagatiko sarrerak murriztu egin dira 75,1 milioi euroan, eta aldundiak esan duenez, arrazoi nagusia “aurreko ekitaldian sartu ziren errendimenduaren gaineko atxikipenen itzulketak” izan dira.

BEZari esker jasotako dirua %14,2 igo da, 205,3 milioi euroko igoera izanik. Bestalde, tabako-laboreen gaineko zergak ere hazkundea izan du, %6,9koa, baina are gehiago handitu da elektrizitatearen gaineko zergaren bilketa, hots, %43,9ko hazkundea izan du.

Araba

Gipuzkoaren ildo bera jarraituta, Arabako diru bilketak %11,5eko igoera izan du, 3.157,5 milioi euroko zerga-bilketa izan baitu. 2024 urtearen aldean, 326,5 milioi euroko hazkundea izan da. Zuzeneko zein zeharkako zergen bidez jasotako diruak, biek ala biek izan dute hazkundea.

Zehazki, zuzeneko zergek %9,2ko igoera izan dute, 129,8 milioi euro gehiagorekin; zeharkako zergen igoera are handiagoa izan da, %13koa, 2024ko zenbatekoa 137,2 milioi eurorekin gaindituta. “Zuzeneko zergen bidez 1.543,2 milioi euro bildu dira guztira, eta zeharkakoen bidez, berriz, 1.193,4 milioi euro”, azaldu du Arabako Foru Aldundiak.

Zuzeneko zergei dagokionez, PFEZk %13,5eko igoera izan du, 1.191,7 milioi euro bildu baitira. Sozietateen gaineko Zergaren bidez jaso dira 272,4 milioi euro, nahiz eta azken horren kasuan urte arteko bilakaera negatiboa izan den, %7,5eko jaitsiera izan baita.

Zeharkako zergen kasuan, igoera izan da, bai BEZari esker jasotako diruari dagokionez (789 milioi euro, %15,6ko hazkundea), bai hidrokarburoen gaineko zergari dagokionez (237,7 milioi euro, %6ko igoera).