Badira finantza merkatuetan behin eta berriz entzuten diren ohiko esaldi batzuk. Horien artean, adibidez, “inbertitzaileak urrearen bila ari dira”, “urrean babesa bilatzen ari dira” edo “urreak gora egin du ziurgabetasunaren aurrean”.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Hain barneratuta ditugu esaldi horiek askotan ez diogula so egiten zergatiari, baina ziur askotan burutik igarotzen dela galdera: zergatik? Zergatik erosten du jendeak urrea gainerako guztia zalantzan dagoenean? Zergatik jotzen da urrea babesleku segurutzat? Eta, batez ere, zer esan nahi du benetan babesleku horrek?
Ekonomian gertatzen den moduan, galdera horiek ulertzeko urrearen prezioari bakarrik begiratzea ez da nahikoa izaten. Lehenik atzean dauden kontzeptu ekonomiko batzuk ulertu behar ditugu, hala nola arriskua, beldurra, inflazioa, interes tasak, dibertsifikazioa eta aukera kostua.
Aldagai horiek guztiak kontuan hartu behar izateak erakusten digu ekonomiaren ideia interesgarri bat: batzuetan, aktibo baten prezioa ez da soilik aktibo horrek balio duenaren arabera mugitzen; beste gauza batzuek ematen diguten beldurraren arabera ere mugi daiteke.
Beldurra gora eta beldurra behera, baina, zer gertatzen da beldurra merkatura iristen denean?
Eguraldi ona dagoenean, denak lorategian egon gaitezke. Baina ekaitza datorrenean, etxe barrura sartzen gara. Etxeak ez du esan nahi ekaitza ez dagoenik. Ez du esan nahi etxea erabat arriskurik gabea denik [...] Urrearekin antzeko zerbait gertatzen da
Demagun munduan gerra baten beldurra handitzen dela. Petrolioaren prezioa igotzen hasten da. Inflazioak gora egin dezakeela pentsatzen da. Burtsak jaitsi egiten dira. Gobernuen zorraz zalantzak sortzen dira. Eta, bat batean, inbertitzaile askok ez dute lehen bezainbeste arrisku hartu nahi. Egoera hori ezaguna egin dakiguke.
Kanpo aldagaien nahasketa horrek ekonomiaren oinarrizko mekanismo bat aktibatzen du: arriskuarekiko mesfidantza.
Inbertitzaile batek ez ditu beti gauza berak nahi. Ekonomia ondo doanean, hazkundea dagoenean eta etorkizuna nahiko argi ikusten denean, baliteke arrisku gehiago hartzeko prest egotea. Enpresetan, akzioetan edo beste aktibo batzuetan inbertitu dezake, etorkizunean gehiago irabazteko aukeraren truke.
Baina gure egoeran, hau da, ziurgabetasuna handitzen denean, jokabidea alda daiteke, inbertitzailearen galdera erabat aldatuz. Hasieran, egoera oparoan, inbertitzailearen galdera beti izaten da: zenbat irabaz dezaket? Baina deskribatutako ziurgabetasun egoeran, galdera aldatu egiten da eta orain buruan dabilkiena hauxe da: nola babestu dezaket daukadana?
Egoera aldaketa horrekin hasten da urrearen istorioa eta babesleku seguruaren bilaketa, baina, zer da babesleku segurua?
Finantzetan safe haven edo babesleku segurua esaten zaio ziurgabetasun edo estres garaian inbertitzaileek beren kapitala babesteko erosten duten aktibo bati.
Urrezko lingote bat baduzu, ez dago zure aurrean urtean "%X ordainduko dizut" esaten duen enpresarik edo gobernurik
Kontzeptua errazago ulertzeko errepara diezaiogun etxeko ekonomiari, eta pentsa dezagun etxe batean. Eguraldi ona dagoenean, denak lorategian egon gaitezke. Baina ekaitza datorrenean, etxe barrura sartzen gara. Etxeak ez du esan nahi ekaitza ez dagoenik. Ez du esan nahi etxea erabat arriskurik gabea denik. Baina ekaitzaren aurrean babes handiagoa eskaintzen digun lekua dela uste dugu.
Urrearekin antzeko zerbait gertatzen da. Horrek ez du esan nahi krisi bat dagoenean urrea beti igotzen denik, ezta urrea arriskurik gabeko inbertsioa denik ere. Urrearen prezioa asko alda daiteke.
Baina historiaren zati handi batean, urreak ezaugarri batzuk izan ditu, eta ziurgabetasun garaietan interesgarri bihurtu dute. Ezaugarri garrantzitsuenetako bat da urrea ez dela inoren zorra, hau da, urrearekin inork ez dizula ezer zor.
Hori ulertzea oso garrantzitsua da. Enpresa baten bonu bat erosten dugunean, enpresa horri dirua uzten diogu. Enpresak konpromisoa hartzen du etorkizunean diru hori itzultzeko eta normalean, interes batzuk ordaintzeko. Gobernu baten zorra erosten badugu, antzeko zerbait gertatzen da: gobernuari dirua uzten diogu eta hark etorkizunean ordaintzeko konpromisoa hartzen du. Akzio batekin ere badago atzean enpresa bat, bere negozioarekin, bere emaitzekin eta bere arriskuekin.
Urrean inbertitzen duenak, oro har, bere errentagarritasuna lortzeko urrearen prezioa igotzea behar du
Urrearekin, berriz, ez dago horrelako zordunik. Urrezko lingote bat baduzu, ez dago zure aurrean urtean "%X ordainduko dizut" esaten duen enpresarik edo gobernurik. Horregatik esaten da urrea, inoren erantzukizuna ez duen aktiboa dela, edo zorra ez den aktiboa dela, kreditu arriskurik sortzen ez delarik. World Gold Councilek ere ezaugarri horiek nabarmentzen ditu urrearen izaera estrategikoa azaltzean.
Baina horrek badu beste alde bat. Urreak ez dizu interesik ordaintzen. Ez dizu dibidendurik ematen. Ez dizu alokairurik sortzen.
Urrea edukitzeak ez du berez diru sarrera erregularrik sortzen. Urrean inbertitzen duenak, oro har, bere errentagarritasuna lortzeko urrearen prezioa igotzea behar du.
Prezio igoera horrek beste kontzeptu ekonomiko bat azaleratzen du: aukera kostua.
Zergatik izan daiteke interes-tasa altua urrearentzat arazo bat?
Demagun bi aukera ditugula. Alde batetik, urrea dugu, lehen esan bezala interesik ematen ez digun aktiboa. Bestetik, interesak ematen dituen aktibo bat dugu.
Interes tasak oso baxuak direnean, urrea edukitzearen kostu erlatiboa txikiagoa izan daiteke. Hau da, bonu batekin lortuko genituen interesak hain lirateke baxuak, ez lukeela urrearen segurtasuna baldintzatuko, eta aukera kostua txikia izango litzateke. Baina interes tasak igotzen badira, interesak ematen dituzten aktiboek erakargarritasun handiagoa har dezakete, urrea erostearen aukera kostua asko handituz.
Horregatik, urrea ulertzeko ez diogu soilik beldurrari begiratu behar. Interes tasei eta bonuen errendimenduei ere erreparatu behar diegu. Hori oso argi ikus dezakegu 2026ko irailean.
Irailaren 30ean, urrearen spot prezioa 4.195,56 dolar ingurukoa zen ontzako; aurreko egunarekin alderatuta %0,4 egin zuen gora. Hala ere, hilabetea %5etik gorako jaitsierarekin amaitzeko bidean zegoen. Reutersen arabera, AEBeko interes tasen inguruko itxaropen handiagoek presioa egin diote urreari, urreak ez duelako interesik ordaintzen.
Esaldi hau askotan entzun dugu: “Beldurra dagoenez, urrea igotzen da”, baina ikusi dugu hori ez dela arau ekonomiko perfektua
Hor dago paradoxa. Ziurgabetasuna handia izan daiteke, baina urreak ez du zertan gora egin. Zergatik?
Artikuluan komentatzen goazen bezela, merkatuak aldi berean hainbat gauza aztertzen dituelako. Beldurra ez da urrearen prezioa azaltzen duen aldagai bakarra. Esaldi hau askotan entzun dugu: “Beldurra dagoenez, urrea igotzen da”, baina ikusi dugu hori ez dela arau ekonomiko perfektua. Urrearen prezioa hainbat indarren ondorio da.
Inbertitzaileek munduko arrisku geopolitikoa begiratzen dute. Inflazioa begiratzen dute. Interes tasak begiratzen dituzte. AEBko dolarrari begiratzen diote. Banku zentralen erosketak aztertzen dituzte. Eta, noski, beste inbertitzaileek zer egiten duten ere kontuan hartzen dute.
Horregatik, bi albiste aldi berean gerta daitezke. Alde batetik, munduan ziurgabetasun handiagoa egon daiteke. Bestetik, interes tasak igotzeko itxaropenak ere handitu daitezke.
Lehenengoak urrearen alde egin dezake, baina bigarrenak, ordea, kontrako norabidean bultza dezake.
2026ko irailean bertan ikusi dugu egoera hori bera, urreak beherakada handiak izan baititu une batzuetan, AEBko Altxorraren bonuen errendimenduak eta dolarrak gora egin dutelako eta Erreserba Federalaren interes tasa altuagoen itxaropenak handitu direlako.
Horregatik, urrearen portaera ulertzeko galdera zabaldu beharko genuke eta honako hau pentsatu: zer beldur mota dago, eta nola eragiten die beldur horrek interes tasei, inflazioari, dolarrari eta beste aktiboen errentagarritasunari?
Urrea ez da magikoa. Horixe da, agian, artikulu honetako ideiarik garrantzitsuena
Galdera horren erantzunean agertzen zaigu beste aldagai bat, dibertsifikazioa. Urrearen beste ezaugarri garrantzitsu bat dibertsifikazioa da. Baieztapena ideia oso sinple batean oinarritzen da: “ez jarri arrautza guztiak saski berean”.
Zure aurrezki guztiak enpresa bakar batean badituzu eta enpresa hori gaizki badoa, zure ondarea asko kaltetu daiteke. Baina zure dirua hainbat aktiboren artean banatzen baduzu, aktibo batek portaera txarra duenean beste batek egoera hori neurri batean konpentsatzeko aukera egon daiteke. Horixe da dibertsifikazioaren oinarria. Garrantzitsuena ez da soilik aktibo desberdinak edukitzea. Aktibo horiek elkarrekin nola mugitzen diren ere garrantzitsua da.
Horretarako ekonomian beste kontzeptu bat erabiltzen dugu: korrelazioa. Bi aktiboren prezioak ia beti norabide berean mugitzen badira, korrelazio positiboa dutela esaten dugu. Hau da, batek gora egiten duenean besteak ere gora egiten badu, eta batek behera egiten duenean besteak ere behera egiten badu.
Urrearen portaera beste aktibo batzuena baino desberdinagoa izan daiteke eta honek dibertsifikazio balioa eman diezaioke
Aldiz, bi aktiboek joera desberdinak badituzte, dibertsifikazio handiagoa eskatu dezakete. Horregatik, dibertsifikatzea ez da besterik gabe gauza asko erostea. Dibertsifikatzea portaera desberdina duten aktiboak konbinatzea da.
Urrearen kasuan, World Gold Councilek azaldu du, urrea eta akzioen arteko korrelazio negatiboa handitzeko joera izan dezakeela akzioek beherakada handiak dituztenean. 2007-2009ko finantza-krisian, esaterako, urreak %21eko igoera izan zuen AEBko dolarretan 2007ko abendutik 2009ko otsailera bitartean, aldi berean beste arrisku aktibo asko nabarmen jaitsi zirenean.
Horrek ez du esan nahi urrea beti akzioen kontrako norabidean mugituko denik. Honek ez du arau bat sortzen, baina urrearen portaera beste aktibo batzuena baino desberdinagoa izan daiteke eta honek dibertsifikazio balioa eman diezaioke.
Urreari buruz hitz egiten dugunean beste ideia bat ere oso ohikoa izaten da: urrea inflazioaren aurkako babesa da. Inflazioak esan nahi du prezioen maila orokorra igotzen dela, ondorioz diruaren erosteko ahalmena gutxituz. Demagun gaur 100 eurorekin produktu batzuk erosten dituzula. Urte batzuk geroago prezioak %20 igo badira, 100 euro horiekin lehen baino gauza gutxiago erosi ahal izango dituzu. Horregatik, inbertitzaile batzuek urrea erostea ikusten dute beren ondarearen erosteko ahalmena epe luzera babesteko modu posible gisa.
Baina hemen ere dena ez da perfektua, urrea ez baita inflazioaren aurkako aseguru perfektua, batez ere epe laburrean. Aipatzen joan garen moduan, urrearen prezioak beste aldagai askoren eragina jasotzen du, interes tasak, dolarra, inbertitzaileen posizionamendua eta eskaintza eta eskaria, besteak beste. Beraz, inflazioa %5 igo bada, ezin dugu esan urrea automatikoki %5 igoko denik.
Urrea ez dute soilik partikularrek edo inbertitzaile pribatuek erosten. Banku zentralek ere urrea dute beren erreserben barruan. World Gold Councilek 2026an argitaratutako banku zentralen inkestaren arabera, urreak gero eta garrantzi estrategiko handiagoa hartu du erreserba aktibo gisa, aipatzen diren arrazoien artean nagusienak dibertsifikazioa eta arriskuaren murrizketa dira.
2026ko irailean bertan ikusi dugu kontraesan hori, geopolitikoki ziurgabetasun handia egon arren, urreak beherakada garrantzitsuak izan ditu
Horrek ez du esan nahi banku zentralek urrea beldurragatik soilik erosten dutenik. Banku zentralen ikuspegia epe luzekoa da. Erreserba nazionalak kudeatu behar dituzte, eta horretarako dibertsifikazioa, likidezia, arriskua eta beste aktiboekiko independentzia kontuan hartzen dituzte.
Urrea ez da magikoa. Horixe da, agian, artikulu honetako ideiarik garrantzitsuena. Urreak baditu ezaugarri interesgarriak. Historikoki, ziurgabetasun garaian babesleku gisa jokatu izan du zenbaitetan, dibertsifikazio funtzioa ere izan dezake. Baina horrek ez du esan nahi urrea beti igo egingo denik, ezta beti errentagarria izango denik ere.
Izan ere, 2026ko irailean bertan ikusi dugu kontraesan hori, geopolitikoki ziurgabetasun handia egon arren, urreak beherakada garrantzitsuak izan ditu interes tasa altuagoen eta bonuen errendimendu handiagoen itxaropenaren ondorioz (aukera kostua). Irailaren 30ean, urrea apur bat berreskuratzen ari zen, baina hilabetea %5etik gorako galerarekin amaitzeko bidean zegoen.
Hori da ekonomiaren edertasuna. Ez dago formula bakar bat. Merkatuan hainbat indar aldi berean ari dira lanean.
Agian horregatik jarraitzen du urreak hainbeste urte geroago, hainbeste galdera sortzen. Metal bat delako, bai. Baina, aldi berean, beldurraren, konfiantzaren eta arriskuaren inguruan gizakiok hartzen ditugun erabakien isla ere bada.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta