Zergen gurpil zoroa

Espainiako Gobernuak errenta altuen zergak igoko dituela iragarri zuen atzo, Europako Banku Zentralaren gomendioekin bat eginez. Erresema Batuan, bitartean, gobernuak zergak jaitsi, eta zorra handituko zuela iragartzeak merkatuen izua zabaldu du

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

"In this world nothing can be said to be certain, except death and taxes"mundu honetan ezer ez da ziurra, heriotza eta zergak izan ezik—. Ez zaie arrazoirik falta Benjamin Franklinek 1789an idatzitako hitzei. Izan ere, hilda baino, inoiz baino biziago dago zergen inguruko afera. Azken asteotako debate publikoaren muinean kokatu dira zergak, eta ildo guztietako mezuak zabaldu dira. Debate honen azken urratsa Espainiako Gobernuak eman zuen atzo, errenta altuei zergak igotzeko proposamena aurkeztuz.

Zehazki, errenta altuak eta aberastasuna zergatuko dituen zerga berriak aurkeztu zituen. Negoziazio luzeen ostean heldu da akordioa, eta Ondarearen gaineko Zergaren osagarria izango den tributu berria sortzeaz gain, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) ere eragingo dio. Azken asteotan hainbat erkidegok zergen alorrean egindako mugimenduen ondoren dator proposamena.

Bi urtez baino ez da ezarriko eta 3 milioitik gorako ondareak zergatuko ditu "elkartasun-tributu" berriak, Ondarearen gaineko Zergarekin bateragarria izango dena. Tributazio bikoitza ekiditeko, Ondarearen gaineko Zergan ordaindutako kopuruak kenkari gisa hartuko dira tributu berrian. Hala, Madril, Andaluzia eta Galizia bezalako erkidegoek Ondarearen gaineko Zerga murrizteko onartutako hobariak, nolabait, ezerezean utziko ditu tributu berriak. Izan ere, Ondarearen gaineko Zerga ordaindu ala ez, fortuna handiak modu bertsuan zergatuko du tributu berriak. Estatu mailan 23.000 zergadunek ordaindu beharko dute zerga berria, María Jesús Montero ogasun ministroak azaldu bezala.

Behin behineko elkartasun-zerga berria onartuko du Espainiak. Frantziak 1989an onartu zuen antzeko tributua eta 2018an moldatu egin zuen

Espainia da Ondarearen gaineko Zerga ezartzen duen Europar Batasuneko estatu bakarra. Batasunetik kanpo, Suitza eta Norvegiak antzeko zerga ere badute. Zerga hori ez egoteak ez du esan nahi, ordea, aberastasuna zergatzen ez denik. Frantziak antzeko elkartasun-zerga onartu zuen 1989an, baina 2018an ondasun higiezinen gaineko zergarekin ordezkatu zuen. Zerga hau 1.300.000 eurotik gorako ondare higiezin garbia duten norbanakoei aplikatzen zaie. 

Europan aberastasuna zergatzeko modu ezberdinak daude. Badira ondasunak edukitzea zergatzen dutenak, Ondarearen gainekoa, Ondasun Higiezinen gaineko Zergak edo kapitalaren etekinak zergatzen dituena, esaterako. Eta badira aberastasunaren eskualdatzea zergatzen dutenak, hala nola Oinordetzen eta Dohaintzen edo Ondare Transmisioen gaineko Zergak. OCDE eta Eurostat erakundeek Europan aberastasuna, modu batean zein bestean, zergatzen duten tributuak aztertu dituzte. Frantzia da aberastasuna gehien zergatzen duena, BPGren % 4,6 bilduz eta Espainiak % 2,68. Euroguneko batez bestekoaren gainetik daude bi herrialdeak (% 2,42), eta Alemania, Herbehereak eta Danimarkak baino gehiago biltzen dute. 

PFEZa inflazioarekiko doitzeko lehia

Asko dira errentaren gaineko zerga prezioen gorakadaren arabera moldatzeko neurriak hartu dituzten gobernuak. Hego Euskal Herrian Nafarroako Gobernuak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Ogasunek, maila ezberdinetan, zergen eskala deflatatu dute. Ez da lehen aldia euskal ogasunek halako neurria hartzen dutela. Urte hasieran Nafarroak % 2 deflatatu zuen PFEZ, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak urte hasieran % 1,5ekoa deflatazioa onartu bazuten ere, prezioen gorakada ikusita, abuztuan beste % 4 gehigarria adostu zuten. Neurri horrek zergak murriztu baino, inflazioaren hazkundera egokitzen ditu, eta Euskal Herrikoak ez dira horrelako neurriak hartzen dituzten erakunde bakarrak. AEBetako Tax Foundation erakundearen txosten batek azaldu bezala Europar Batasuneko 11 estatuk inflazioarekiko doitzen dituzte urtero zergak. Beste herrialde batzuek, urtero beharrean, bestelako maiztasun batekin egiten dute doiketa. Alemaniak, esaterako, bi urterik behin egiten du, eta ezohiko egoeretan, oraingoan bezala, urtero ere bai.

Nafarroak aurten zergak % 2 deflatatu ditu eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak % 5,5

Espainian Alderdi Popularrak Pedro Sanchezen gobernuari PFEZ deflatatzeko eskatu dio eta, erkidego autonomoek zergaren zati bat arautzeko duten eskuduntzaz baliatuta, zerga deflatatu dute agintean dauden hainbat tokitan, Espainia barruan zerga-lehia zabalduz. Aste honetan, baina, PSOEko gobernua duen Valentziako erkidegoak 60.000 eurotik beherako errenta dutenen zerga-tarteak deflatatu ditu, eta Aragoik antzeko neurria hartu lezake. Datorren urtean bozak izango dira Espainiako hainbat erkidegotan, eta badirudi zergak hauteskude kapainian sartu direla. 

Atzo, zergaren debatea pil-pilean zegoela, Montero ministroak Errentaren gaineko Zergari buruzko neurri berriak ere iragarri zituen. Alde batetik, lan etekinei dagozkien zerga hobariak 3.000 eurotan handituko ditu, eta, bestetik, salbuetsitako gutxieneko zenbatekoa 14.000 eurotik 15.000 eurora igoko da. Monteroren esanetan, gutxien kobratzen duten langileen % 50ari eragingo dio neurri berriak. Kapitalaren errentei dagokienez, ordea, inbertsioengatik errenta altuenen etekinei karga gehituko zaie. 200.000 eta 300.000 euro arteko kapital-errentei tasa % 26tik % 27ra igoko zaie, eta 300.000 eurotik gorakoentzat eskala berri bat sortuko da, % 28koa.

Maria Jesus Montero Ogasun eta Zerbitzu Publikoko ministroa. Argazkia: La Moncloa
Maria Jesus Montero Ogasun eta Zerbitzu Publikoko ministroa | Argazkia: La Moncloa

Espainiako Gobernuko kideek beste neurri batzuk ere onartu dituzte. Besteak beste, higiene intimoko produktuen Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) % 10tik % 4ra jaitsiko dute. Neurria gobernua osatzeko akordioak jasotzen bazuen ere, orain arte ez dute bidea adostu. Bestalde, autonomoen PFEZean ere arintze fiskala iragarri du Monterok. Zuzeneko zenbatespenean aplikatzen den justifikazio zaileko gastuengatiko murrizketa % 5etik % 7ra igoko da, eta moduluen etekin garbiak % 5eko beherapen gehigarria izango du.

Euskal ogasunei eragingo die neurri berriak

Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ogasunek zergak ezarri eta biltzeko eskumena jasotzen dute Itun eta Kontzertu Ekonomikoek, eta Espainiako Gobernuak onartutako edozein neurri xehe aztertzen dute izan dezaketen balizko ondorioak baloratzeko. Irailaren 13an, bankuei eta energia enpresei ezarriko zaien tributu berriaren tramitazioa parlamentarioa abiatu zen. Espainiako Gobernuak zerga beharrean, ondare-prestazio bezala tramitatu nahi du. Aldaketak ñabardura eman badezake ere, ondorio sakonak izan ditzake. Kontzertu eta Itunak zergak baino ez dituzte arautzen eta, hortaz, foru ogasunek ez lukete bilduko. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak kezka adierazi, eta Espainiako Gobernuari aldaketak eskatu dizkiote.

Letra txikia ezagutzen ez bada ere, ez du ematen atzo Espainiak proposatutako neurri berriek eraginik izango dutenik Hego Euskal Herrian

Atzo onartutako zergei dagokionez, letra txikia ezagutzen ez bada ere, ez luke Hego Euskal Herrian eraginik izango. Ondarearen gaineko Zerga eta PFEZaren eremuan eskuduntza dute euskal ogasunek. Kontzertu Ekonomikoak eta Nafarroako Itun Ekonomikoak zuzeneko zergak arautu eta biltzeko ahalmena jasotzen du. Espainiako Gobernuak onartu nahi duen "elkartasun zerga" berriari dagokionez, aldiz, ez dago argi izango duen izaera juridikoa. Zerga berri guztiek Madrilen, eta Nafarroa eta EAEren arteko negoziazioa dakar. Bilketa eta, batez ere, foru ogasunek berariazko araudia onartzeko eskubidea duten adostu beharko dute Espainiako Gobernuak, alde batetik, eta Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek, bestetik.

Europa aberastasuna zergatzearen alde

Espainian Ondarearen gaineko zergaren inguruko debatea gori-gorian zegoela, Europako Banku Zentralak mezu argia zabaldu du. Philip Lane ekonomialari-buruak euroguneko herrialde guztietan krisi energetikoak gogorren astindu dituen familia zaurgarrienei laguntzeko neurriak hartzeko deia egin zuen. Horretarako, baina, "gehien irabazten dutenei eta, shock energetikoa gorabehera, oso errentagarriak diren enpresei" zerga gehiago jartzearen beharra nabarmendu zuen.

EBZk gehien irabazten dutenei zerga gehiago kobratzea proposatu du

EBZ ez da izan bide hori jorratzeko deia egin duen bakarra. Izan ere, Europako Batzordeak enpresa energetikoen ezohiko mozkinak zergatzeko egindako proposamenaren ondoren datoz Lanen hitzak. Zergak oro har jaistearen aurka agertu da azken asteotan, ez duelako laguntzen inflazioa menderatzen

Erresuma Batuak zergak jaisteak izua zabaldu du merkatuetan

Europatik kanpo zergen afera azalera ekarri du Erresuma Batuko egoerak. Liz Truss lehen ministro berriak duela astebete aurkeztutako neurri sortak merkatuak astindu ditu. 1972tik Erresuma Batuan izan den zerga jaitsiera nabarmenena iragarri zuen lehen ministroak, 45.000 milioi liberakoa. Diru bilketa galerak eta gobernu berriak iragarritako ekonomiari eusteko diru laguntzek mesfidantza sortu zuten merkatuetan, eta libera 1971ko minimoetaraino hondoratu zen. Dibisen merkatuan ez ezik, inbertitzaileen beldurrak errenta-finkoaren merkatuak ere zipriztindu zituen. Hamar urteko bonoaren prezioak % 4,54raino egin zuen gora, Italiako arrisku-sariaren mailara hurbilduz. Bonoen garestitzeak urduritasuna zabaldu zuen Erresuma Batuko banku nagusien artean, eta bezeroei mailegu berriak eskaintzeari utzi zioten, hipoteken merkatua dardarka utziz.

Lehen ministro berriak kargua hartu zuenetik, burtsa, dibisa eta zor merkatu britainiarrek 500.000 milioi dolar galdu dituzte. Egoerak behartuta, aste honetan Ingalaterrako Bankuak esku-hartzea erabaki du, eta merkatuak zertxobait lasaitu dira. Kezka, hala ere, nazioarte mailara zabaldu da, eta asteazken honetan Nazioarteko Diru Funtsak gobernu britainiarraren zerga-plana gogor kritikatu du errenta altuei onura egiten diela eta berdintasun-eza areagotuko duela nabarmenduz. Ez da ohikoa NDFk Erresuma Batua bezalako ekonomia nagusi bati halako kritika zorrotzak egitea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK