Zerk egiten du hiri bat zoriontsu?

Hiri zoriontsuen inguruko ranking ugari aurki ditzakegu egun sarean. Zoriontasuna nolabait neurtzen zaila bada ere, hirien kasuan bizitza kostua, segurtasuna, ingurugiroa eta mugikortasuna bezalako arloak hartu ohi dira kontuan

Baiona | Argazkia: iStock Baiona | Argazkia: iStock

Zoriontasuna zer den sarritan galdetu diogu geure buruari nahiz gure gertukoei. Definitzeko kontzeptu erraza ez da, definizio asko dagozkiolako segur aski. Batzuek ideia iraunkor edota denbora luzeko egoera emozionala bezala ulertzen dute, beste batzuentzat, ordea, zerbait iragankorragoa da, unean-unekoa, momentu jakin batean bizi dugun euforia moduko zerbait.

Definizioen putzuan erori gabe, zoriontasuna era zurrunago edo praktikoago batean neurtzen dakitenak ere badira. Agian, gu ez garen beste guztia errazagoa baita konprenitzen, munduko hiriak, esaterako. Bada, egun edozerri buruzko rankingak egitearen ohiturari jarraiki, nazioarteko hiri zoriontsuen sailkapen bat osatu dute Institute for Quality of Life eta Londongo Happy City Hub erakundeek. Irakurlearen kuriositatea pizteko tresna baliagarria dira tankera honetako rankingak, erraz klik egin eta irakurtzen diren horietakoak.

Rankigaren arduradunek sailkapena osatzeko hezkuntza, gizarteratze politikak, esparru berdeetarako sarbideak edota berrikuntza hartu dituzte kontuan, besteak beste

Hala, aipatutako ranking hau osatzeko, bi erakundeek hainbat faktore hartu dituzte kontuan. Izan ere, nola neur daiteke hiri baten zoriontasuna? Kasu honetan, rankingaren sailkapena bost esparrutan banatuta ageri da: biztanleria (hiritarrak), gobernantza, ingurugiroa, ekonomia eta mugikortasuna.

Aitzitik, bost kontzepturekin soilik hiri baten benetako irudia osatzea zaila da, are latzagoa zoriontasuna neurtzea. Rankigaren arduradunek sailkapena osatzeko beste hainbat xehetasun eman dituzte, eta besteak beste, hezkuntza, gizarteratze politikak, esparru berdeetarako sarbidea edota berrikuntza ere aintzat hartu dituztela azaldu dute. Dena den, aipatu gabe geratzen dira hiri orotan funtsezko diren, eta egun Euskal Herrian eztabaidagai diren etxebizitza, segurtasuna, aisialdia edota azpiegitura bezalako arloak.

Ipar Europa eta Amerikakoak omen dira zoriontsuenak

Danimarkako Aarhus hiria da rankingean lehenengoa 1.614,2 punturekin, Zurich bigarrena (1.611) eta Vancouver hirugarrena (1.605). Hiru hirietan biztanleria arloa da puntu gehien bildu dituena. Sailkapenak munduko lehen 200 hiriak soilik hartzen ditu, eta lehen hogeitan, aipatutakoez gain, Amsterdam, Brisbane, Helsinki, Los Angeles, Montreal, New York edota Sydney aurki daitezke. Hiri gehienak Ipar Amerika eta Europa iparraldekoak dira hortaz.

iStock 1481415852
Iruñeko alde zaharra gauez | Argazkia: iStock

Sailkapenean euskal hiri bakarra ageri da. Bilbo, hain zuzen, munduko 69. hiri zoriontsuena da rankingaren arabera. 1.464,4 puntu eman dizkiote Bizkaiko hiriburuari, eta nahiko modu orekatuan daude banatuta arlo bakoitzeko puntuak: biztanleria (319,1), gobernantza (288,1), ekonomia (255,9), ingurugiroa (307,3) eta mugikortasuna (294). Deigarria Bilboren gainetik, Newcastle, eta azpitik, Glasgow daudela, Bilboren gisan, portua duten hiri oso industrialak izandakoak.

Non dira Euskal Herriko hiriak?

Ranking hauen balioa aintzat hartuz gero, Donostiak, esaterako, beherakada nabarmena eman du bizi kalitatean azken hamarkadan. Izan ere, National Geographicek 2015 inguruan egindako zerrenda batean, munduko lehen hamar hirien artean kokatzen zuen, bertako gastronomia, hondartzak eta mendiak nabarmenduz. Apika, hiriko bizitza kostuaren gorakadak eragin du zerrendako beherakada. Ikerketa askoren arabera, Espainiako estatuko hiri garestieena da Donostia, etxebizitzaren kostua batez bestekoa baino kasik %180 handiagoa izanik, eta bizitza kostua %33 handiagoa.

Iruñeak ez du Donostiaren kostaldea, baina Gipuzkoako hiriburuari falta zaizkion beste gauza ugari baditu. MWCC (Madrid Capital Mundial de la Construcción, Ingeniería y Arquitectura) elkarteak aurten egindako txosten baten arabera, Espainiar estatuan bizi kalitate altuena duen hiria da. Elkarte honek sei irizpide nagusi ezarri ditu rankinga egiterako orduan: erosahalmena eta bizitza kostua, etxebizitza lortzeko eskuragarritasuna, ingurugiroa, segurtasuna, osasungintza eta trafikoa.

Donostiako etxebizitzaren kostua Espainiako estatuko batez bestekoa baino kasik %180 handiagoa da, eta bizitza kostua %33 handiagoa

Erosahalmena eta bizitza kostua neurtzeko, biztanleen batez besteko errenta, eta 50 ondasun eta zerbitzuen kostua hartu dituzte kontuan. Hala, sailkapenean Iruñea dago buruan, Bilbo 23. postuan dago. Donostia eta Gasteiz, aldiz, ez dira rankingeko lehen 31 postuetan azaltzen.

Zeledonen hiria sailkapen hauetan agertzen ez bada ere, hiriko gune berdeak nahiz, oro har, ingurugiroa babesteagatik erreferentziazko hiria bilakatu da. 2012an European Green Capital izendatu zuten, eta 2019an, Global Green City bereizgarria aitortu zioten, Viena, Vancouver edo Curitiba hiriei bezala.

Baionan ere zoriontsu

Estatu frantziarreko zerrendak arakatuz gero, Baiona goiko postuetan ikus daiteke sailkapen gehienetan. Iparraldeko bizi kalitatea nahiko altua dela jakina da, frantziar aberats askoren udarako gotorlekua. Zerrendetan Baionaren edertasuna, bertako festak eta gastronomia nabarmentzen dituzte batik bat.

Hala eta guztiz ere, zoriontasuna, hain ideia subjektiboa izanik, aipatutako faktore hauen guztien bidez neurtzea alperrikoa dela uste duenik egongo da. Ez al da ba zoriontasunik puruena dugunari balioa ematea? Euskal Herrian, gainera, gauza pranko ditugu. Itsaso urdin bat, mendi berdeak eta kolore askotako festak.

Informazio gehiago
Etorkizuneko hiriak eraikitzen
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK