• EKONOMIA
  • Zibersegurtasun industrialean espezializatutako talentuan eskasia identifikatu du Ziur zentroak

Zibersegurtasun industrialean espezializatutako talentuan eskasia identifikatu du Ziur zentroak

Erakundeen %53k talentu arrakalari aurre egiteko AA erabiltzen du

2026ko Prospektiben Txostena aurkeztu du Ziur zentroak | Argazkia: Ziur
2026ko Prospektiben Txostena aurkeztu du Ziur zentroak | Argazkia: Ziur
2026eko otsailaren 4a - 11:09

Adimen artifiziala egonkortzen ari da eta azelerazio teknologikoa nabaria da. Industria sektorean eragin zuzena dute faktore horiek, eta Ziur Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak aztertu duenaren arabera, 2026. urtea "inflexio puntua" izango da. Izan ere, aurrerapen teknologikoek badituzte zenbait alde on sektorearentzat (ekoizpen inguruneen konektibitatean hobekuntzak, AAren integrazioa, eraginkortasuna...), baina erronka eta arrisku berriak ere badakartza, besteak beste, arrisku zibernetikoak gero eta konplexuagoak direlako. 

 

Ziur zentroak 2026ko Prospektiben Txostenean aztertu du gaia, eta emaitzek diote zibersegurtasun industrialean espezializatutako talentua eskasia dela. Gainera, talentu falta horri erantzuteko bide gisa, erakundeen erdiak baino gehiagok (%53) adimen artifizialeko eta machine learningeko tresnak erabiltzea lehenesten dute. "Industria-erakundeek aurrea hartu behar diote mehatxu sofistikatuagoak, iraunkorragoak eta zeharkakoagoak dituen agertokiari", gogorarazi du María Penilla Ziur-eko zuzendari nagusiak. 

AA agentikoen garrantzia ere azpimarratu du txostenak. AA agentikoak dira "ikasteko, erabakiak hartzeko eta denbora errealean jarduteko gai diren autonomo eragileak", zeinak bereziki baliagarriak izan daitezkeen industrian, prozesuak era automatikoan egiteko gaitasuna baitute. Hau da, AA agentikoak erabilgarriak izango dira sektorearen ziberdefentsarako, "denbora errealean mehatxuak detektatzeko eta erantzun autonomoak aktibatzeko duten gaitasuna" dela eta.

 

Zibersegurtasunerako oztopoak

Teoria erraza izan daitekeen arren, zibersegurtasuna bermatzeko arazoak izan ohi dituzte enpresek. Txostenean aztertu denaren arabera, zibersegurtasun arloko liderren %47k OT eta IIoT arloko trebetasun faltak identifikatzen dituzte beren azpiegiturak era egokian babesteko oztopo gisa; %39aren iritziz, ordea, "gobernantzan eta erantzukizunen esleipenean akatsak" daude.


Subiranotasun digitala, funtsezko

Ziur zentroak zutabe gisa finkatu ditu, batetik, subiranotasun digitala, eta bestetik, araudia betetzea. Lehenengoari dagokionez, zentroak azaldu du subiranotasuna gakoa dela tentsio geopolitikoen aurrean babesteko eta mendekotasun teknologikorik ez pairatzeko; hala, zibersegurtasuna indartzeko azpiegitura propioak eta arriskuak kudeatzeko estrategia sendoak funtsezkoak direla nabarmendu du. "Subiranotasun digitalean inbertitzea funtsezko zutabea da etorkizuneko industriako aktibo kritikoen kontrola, autonomia eta babesa bermatzeko", berretsi du Penillak. 

Beste aldetik, araudia betetzeak industriarentzat gero eta pisu handiagoa duela baieztatu dute zentrokoek, eta betebeharra izateaz harago, "etengabeko hobekuntza, berrikuntza eta lehiakortasun jasangarria bultzatzen dituen motorra" dela gehitu du Penillak.