Zilarrezko ekonomia, gaurko eta biharko erronka

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak Adinberri Silver Forum ekitaldia aurkeztu dute gaur Donostian. Azaroaren 8an eta 9an egingo da topaketa Kursaal Jauregian. Egun, "Silver Economy" delakoa lurraldeko BPGaren %5,5 eta enpleguaren %9,2 da

Adinberri Silver Forumen aurkezpen prentsaurrekoan | Argazkia: EnpresaBIDEA Adinberri Silver Forumen aurkezpen prentsaurrekoan | Argazkia: EnpresaBIDEA

2050erako munduko heren batek 65 urte baino gehiago izango dituela diote hainbat ikerketek. Gizartea zahartzen ari den heinean, zilarrezko ekonomiak edo Silver Economy delakoak gero eta garrantzia handiagoa du. Honek, kontsumitzeko erak aldatuko, eta adineko pertsonak ekonomia motan honen motor bilakatuko ditu.

Egoera jakitun, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak Adinberri Silver Forum ekitaldia aurkeztu dute gaur Donostian. Euskal Autonomia Erkidegoko zilarrezko ekonomiari buruzko lehen nazioarteko foroa izango da, eta Donostiako Kursaalean egingo da azaroaren 8an eta 9an.

Sektoreko adituek hartuko dute parte topaketan egingo den azokan nahiz kongresuan, eta zahartzearen arloko hainbat berrikuntza aurkeztuko dira bertan. Azokari dagokionez, 40 erakusketari eta 30 tailer izango dira. Gaurko prentsaurrekoan, Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatuak aurkeztu du azaroko topaketa. “Denok dakigu gero eta gehiago bizi garela eta gero eta gizarte zaharkituagoa dugula, eta etorkizuneko aurreikuspenek ere joera hori berresten dute”, azaldu du.

Errealitate horrek sortu ditzakeen erronkei aurre egiteko sortu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Adinberri Fundazioa: “Gipuzkoako zahartze osasuntsurako estrategia” dela nabarmendu du diputatuak. “Lankidetzan oinarritutako ekosistema sortuz, adinekoen bizi kalitatea hobetzeko produktu, zerbitzu eta ekimen berrien bidez, eta jarduera ekonomiko berriak bultzatuz” sortutako proiektua, hain zuzen.

Lurraldeko BPGaren %5,5

Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendaria ere izan da prentsaurrekoan, eta fundazioaren ikuspegi bikoitzean jarri nahi izan du azpimarra: ikuspegi soziala eta ekonomikoa. “Adinekoan beharrak asetzen dituen aukera ekonomiko guztiak dira zilarrezkoa ekonomia”, eta datuek ekonomia hau bultzatu beharra dagoela berresten dutela adierazi du. Izan ere, ekonomia mota hau lurraldeko BPGaren %5,5 da, hau da, 1.472 milioi euro, eta enpleguaren %9,2, 31.000 enplegu.

Are gehiago, Europako Batzordearen arabera, 2025erako Europako Batasuneko BPGaren %32 izango da zilarrezko ekonomia, eta enpleguaren %38, urtero %5eko hazkunde tasa izanik. Hala, “eskaintza eta eskariak lotzeko topagunea” izango dela azaldu du zuzendariak. Formatu hibridoa izango du topaketak, “nazioarteko erreferentziazko hizlariekin kongresua eta silver economy arloko berrikuntzak ezagutzeko azoka uztartuko ditu”. Honela bi ezaugarri nagusi dituela argitu du San Sebastianek, alde batetik, "ikuspegi berritzailea", eta bestetik, "praktikotasuna".

2025erako Europako Batasuneko BPGaren %32 izango da zilarrezko ekonomia, eta enpleguaren %38

Topaketan ikusi ahalko diren zenbait produktu nahiz zerbitzu ere aurkezteko parada izan da prentsaurrekoan. Rafael Barroso Euskalteleko ordezkariak adineko pertsonei zuzendutako teknologia eta telekomunikazio ekosistema aurkeztu du, besteak beste, erloju eta telefono adimenduak edota mugikorreko aplikazioak. Euskaltelen gizarte zaharkituaren errealitateaz jakitun direla adierazi du Barrosok, eta telekomunikazio arloan bildutako teknologia ezagutzei esker, adineko pertsonentzat konponbide digitalak eskaintzeko helburua dutela kontatu du.

Azkenik, Alisys konpainiko Eduardo Gomezek hartu du hitza. Besteak beste, osasungintzara bideratutako robotak ekoizten ditu Alisysek, adimen artifizialaren bidez, eta euren produktuak azokan ikusteko aukera izango da. Gomezek, azken urteotan robotika sozialean egindako lana azaldu eta teknologia honek adineko pertsonengan izan ditzakeen onurak mahaigaineratu ditu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK