Gasolindegi alternatiboen hornigailuetan

Penintsulako gasolindegi guztiek oinarrizko erregai berdina jasotzen dute, ostera gehigarriekin osatzeko. Prezioetan, ostera, aldeak daude. Prezio apalekoak dira Easygas edota Bidasoil. Nahiz eta termino hori ez duten gustuko

Hondarribian kokaturiko Easygas gasolindegia | Argazkia: Easygas Hondarribian kokaturiko Easygas gasolindegia | Argazkia: Easygas

Erregaien prezio alderaketa egitea egunerokotasunean beharrezko jarduera bilakatu da, tarte nabarmena baitago toki batetik bestera. Hainbat gasolindegietara joateko hautua egitea ohiko bihurtu da horrela, prezio merkeagoaren ehizan murgilduta. Erregaiaren merkatua bi zatitan banatuta dago egun: gasolindegi handiak; eta prezio apaleko edo 'low cost' bezala ezagutzen direnak.

'Prezio apaleko', baina, definizio ezegokia iruditzen zaio Joseba Barrenengoa Easygas enpresaren sortzaileari. “Gure eredua guztiz kontrakoa da, erregaia merkatuko prezio hoberenean zerbitzatu nahi dugulako”. Eta horixe bera uste du Nereak —bere abizena ez du eman nahi izan—, Iruneko Behobia auzoan kokatuta dagoen Bidasoil gasolindegiko langileak. 2021. urte amaieran sortu zen tratu “gertukoa eta euskalduna” emateko helburuarekin. “Ez dagokigu, ez dugu horretan sartu nahi; beste zerbitzu bat ematen dugu”. Beraz, hemendik aurrera, gasolindegi 'alternatibo' izango dira erreportaje honetan.

Aldea zergatik?

Petrolio enpresa handiak dira erregaia fintzen dituztenak Espainian: Repsol, CEPSA eta Bp. Gainontzeko gasolindegiek, alternatiboek kasu, horiei erosi behar diete, beste aukerarik ez dutelako. Berez, bitartekariekin egiten dituzte salerosketak, handizkako kopuruetan gauzatzen dituztenak. Kontuan izan behar da zentimo bakar bateko aldea dagoela prezio garestienaren eta merkeenaren aldean.

Gasolindegi handi ezagunek marjin handiarekin saltzen dute haien produktua: 30 bat zentimo litroko gutxi gorabehera. "Horregatik aberasten dira”, adierazi du Nereak. Aitzitik, gasolindegi alternatiboek bertatik lortutako erregai findua saltzen dute, baina marjina txikiago bat aplikatuta, erregaiaren prezioa merkatzeko. “Gure enpresan marjina askoz ere baxuagoa aplikatzen dugu, bederatzi zentimo litroko, hain zuzen”, kontatu du Barrenengoak. Prezio horrekin langile zein instalazio kostuei aurre egiten diete, betiere kopuru handi bat saltzen baldin badute. “Gure negozio ereduak kopuru handia saltzen du, eta marjina txikiagoa bolumen handiagoarekin betetzen dugu”, argitu du adituak. Formula “ona” dela uste du, orotara, 19 gasolindegik osatzen baitute Easygas egun.

Nerea (Bidasoil): “Diesela eta gasolina ereduak eraman izan ditugu ikerketak egitera, eta ez dago inongo tranparik”

Bidasoilen ere marjina txikiagoarekin saltzen dute produktua. Bezeroei konfiantza helarazteko helburuarekin abiatu ziren horrela, prezioak merkatzen: “Hasieran bageneukan mesfidatia zen iritzi orokor hori, jendeak ez dakielako merkeagoa izatearen zergatia”, mahaigaineratu du Bidasoilekoak. Kalitate azterketak, aldiz, ez du ezer txarrik erakutsi, eta bezeroen konfiantza bermatu dute: “Diesela eta gasolina ereduak eraman izan ditugu ikerketak egitera, eta ez dago inongo tranparik”. Bi urte hauetan bezeroen aldetik ez dute kexarik jaso.

Erregai bera guztientzat

Oinarrizko produktu gisa ezagutzen da findutako erregai hura. Berau, EXOLUM izeneko andeletan isurtzen da, Espainian zehar sakabanaturik daudenak. Guztiak oliobideen bitartez konektatuta daude eta, beraz, penintsulako hainbat tokitara heltzeko ahalmena dute.

Edozein gasolindegi marka EXOLUM delakoetara hurbiltzen da zisterna kamioi propioak bete eta gasolindegietara eramateko. Alegia, gasolindegi guztiek oinarrizko produktu berdina kargatzen dute, ostera bakoitzak bere gehigarriak ezartzeko.

Joseba Barrenengoa: “Inork ez daki, esaterako, Repsolek zenbat gehigarri erabiltzen duen, eta aspalditik salatzen ari garen egoera da”

Gehigarriek egiten dute erregaia ezberdin gasolindegi bakoitzean, nahiz eta izatez, oinarrizko erregaia gehigarririk gabe jada kalitate nahikoa izan. “EN590 araudiak legeztatzen du erregaien gutxieneko kalitatea Espainian, eta findegi guztiek aldizkako azterketak egiten dute kalitate hura bermatzeko”, nabarmendu du Barrenengoak. Hala ere, gehigarririk gabeko produktua “erdipurdikoa” dela dio adituak, hori dela eta ezartzen dituzte gehigarriak.

Easygas enpresako sortzaileak konfiantza osoa du haren produktuan: “Espainia mailako gasolindegi bakarra gara erabiltzen dugun gehigarria zein den ezagutzera ematen duena”. Enpresak EXOP1000 gehigarria ezartzen dio oinarrizko erregaiari, 1000ppm (partikulak milioiko) dituena. Hau da, erregai litro bakoitzeko, zentimetro kubiko bat gehigarri ezartzen diote. “Inork ez daki, esaterako, Repsolek zenbat gehigarri erabiltzen duen, eta aspalditik salatzen ari garen egoera da”.

Merkatu desorekatua

Merkatua “oligopolioa” dela dio Barrenengoak, gasolindegi alternatiboek hiru enpresa handi horiei soilik erosi diezaieketelako produktu findua. Haren ahalmenaz “abusatu” egiten dutela kontatu du, eta salaketa ugari egin ditu hainbat urtetan zehar.

Aurreko urteko lehen hiruhilekoan Easygasek Merkatuaren eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren aurrean salatu zuen estatuko bonifikazioaren inguruko paktu bat gauzatu zutela. “Bonifikazioa zena deskontu gisa aurkeztu zuten”, erabilera komertziala eginaz. 20 zentimoko hobaria ezarri bazuen entitate publikoak erregai litro bakoitzeko, 30 zentimoko “deskontu” gisa azalarazi zuten petrolio enpresek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK