Mathieu Haristoy: “Gure haize-errotak guztiz aldatzen du orain arteko eredua”

Donibane Lohizuneko E-Taranis enpresak neurri txikiko haize-sorgailu bat asmatu du, norberaren etxean jarri eta haize-energia erabiltzeko. Irailetik aurrera ikusi ahal izango dira Ipar Euskal Herriko hainbat teilatutan, Mathieu Haristoy zuzendari nagusiak dioenez

E-Taraniseko sortzaileak | Argazkia: E-Taranis E-Taraniseko sortzaileak | Argazkia: E-Taranis

Haize berria dator energia eolikoaren sektorera, eta Iparraldetik joko du honakoan. Donibane Lohizunen (Lapurdi), E-Taranis enpresak ideia berritzailea garatu du: Alae izeneko aerosorgailu bat, txikia, isila eta norberarena. Etxe, enpresa edota erakundeen teilatuetan jarrita, ufada indartsua eman nahi diote energia berriztagarriari. Jaldai industrialdean duten bulegotik, xehe eta argi mintzo da Mathieu Haristoy zuzendari nagusia.

Enpresa gaztea da E-Taranis. Nola aurkeztuko zenuke zeuen burua?

Energia berriztagarrien sektorean aterabideak bilatzen ditugu E-Taranisen, eta haize-energia da gure proiektuaren lehen etapa. 2020. urte bukaeran sortu genuen sozietatea hiru bazkidek: Thibault Eudierrek, Jérémy Pelék eta hirurok. Donibandarrak gara eta kolegiotik ezagutzen dugu elkar; lagunarteko istorio bat da beraz, ororen gainetik.

Proiektuaren lehen ideia Thibaultek izan zuen, bere familiaren behar energetikoak asetu nahi baitzituen. Eguzki-energia nahiko garatua zela ikusirik, pentsatu zuen fokua bere osagarrian jartzea: haize-energian. Eguzki-energiak hiru bider ekoizten du udan neguan baino; eolikoak, berriz, bi bider neguan udan baino. Urte osoan zehar ekoizpen ona izateko, hobe da biak izatea, kontuan izanik beroa batez ere neguan behar dugula eta energia-beharrak ere handiagoak direla.

Haize-energia hori teilatuetara eramateko ideia izan zenuten orduan.

Thibaultek garatu zuen Alae kontzeptua teilatuetarako: masta bat, eta horizontalean bira ematen duten oihalezko hiru bela, hegaluzearen isatsaren formarekin. Itsasoan bere pisuarekiko indar handiena egiten duen arraina da, eta gure asmoa zen indar hori hartzea, baina urarekin beharrean, haizearekin. Noski, horrek aldatzen du 200 metroko haize-sorgailu handiez dugun imajinario hori, beldurra eragiten duena. Gu saiatzen gara ahalik eta ikusezinen izaten, eragozpen edota trabarik sortu gabe, eta energia eolikoari buruzko iruditeria eta eredua aldatzen ditugu, guztiz.

"Horrek aldatzen du 200 metroko haize-sorgailu handiez dugun imajinario hori, beldurra eragiten duena. Gu saiatzen gara ahalik eta ikusezinen izaten, eragozpen edota trabarik sortu gabe"

Zein esango zenuke direla Alaeren abantaila nagusiak?

Energia eskuragarri, sinple, eraginkor eta eragozpen txikienekoa eskaintzen saiatzen gara. Horretarako, errota ahalik eta haize gutxienarekin hasten da biraka (10 km/h nahikoa dira), eta energia ahalik eta modu erregularrenean ekoizten du. Arina da, 100 kilora ere ez da iristen. Ez du soinurik egiten. Instalatzeko erraza da (Herriko Etxean adierazpen bat baino ez da aurkeztu behar, ez eraikitze baimen bat). Eta biziraupen luzekoa da, gainera. Euria eta kazkabarra ere ez dira arazo, eta gehiegizko haizea ere ez… Ipar Euskal Herriko inguru irekienean, Zokoan, izandako abiadura maximoak jasan ditugu.

Eta bertatik sortzen den energia-kopurua nahikoa da etxe batentzat?

Bai eta ez. Kasuz kasu begiratzen dugu: bikain kokatutako etxe batean bagara, itsasoaren parean, altueran… 4 pertsonentzako adina ekoitz daiteke urtean. Erran behar da saihestu egiten ditugula arazoak dituzten inguruak: etxearen kokapena txarra bada (baso baten erdian, adibidez), bezeroei jakinarazten diegu. Eginahala egiten dugu beti baldintza onenetan izateko. Bestenaz, egoera normaletan, beharren %70 asetzeko gai izan gaitezke, baina oso zehatza da, kasuz kasu aztertu beharrekoa. Hori bai, 40-50 km/hko haizearekin, maximoa ekoizten dugu: 2 kilowatt orduko.

E-Taranisen aerosorgailua | Argazkia: E-Taranis
E-Taranisen aerosorgailua | Argazkia: E-Taranis

Nola egiten da haize-sorgailuaren eta eraikinaren arteko lotura?

Lehena aerosorgailua pausatzea da: paretaren kontra finkatzen dugu normalean, teknikoki errazena delako, baina teilatuan bertan ere finka daiteke. Behin jarrita, haizearekin errota biraka hasi, eta bertatik lorturiko energia sareko frekuentziara moldatzen dugu; hortik ateratzen da etxearen sistemak hartzen duen argindarra. Bi egoera posible daude orduan: sorturikoa baino kontsumo handiagoa badu etxeak, beste iturrietatik ere elikatuko da, arazorik gabe. Alta, haize-sorgailuak etxeak behar duena baino gehiago ekoizten badu, “soberakin” hori sarera joanen da, bizilagunei ere banatzeko. Hori Enedis argindar-konpainiarekin adosten da: ekoiztutako hori sal daiteke edo dohainik eskaini, hautazkoa da.

Alaerekin sortutako energia hori gordetzea posible izango litzateke?

Energia berriztagarrien arazoa energiaren metatzea da, hain zuzen. Horrexegatik, etxeetara egokituriko metatze berri bat garatzen ari gara. Egun diren sistemekiko desberdina izanen da: urpekaritzarako erabiltzen diren botilen antzeko bat baliatuta, aire konprimatuaren bidez metatu nahi dugu energia. Erabiltzaileak beharra duenean, airea ireki eta turbina batera joango da; bertatik sortuko da etxera joanen den argindarra. Sistema biziki jasangarria eta egingarria da, sinplea, baina oraino garapenean ari gara.

"Etxeetara egokituriko metatze berri bat garatzen ari gara. Egun diren sistemekiko desberdina izanen da: urpekaritzarako erabiltzen diren botilen antzeko bat baliatuta, aire konprimatuaren bidez metatu nahi dugu energia"

Egun, Donibane Lohizuneko Jaldai gunean da zuen tailerra. Nola moldatzen zarete ekoizpenerako?

Hemen asmakuntzan eta sorkuntzan ari gara, etorkizunerako sistema guziak diseinatzen ditugu. Gogoa dugu ahalik eta gehien hemen egiteko. Fabrikazioari dagokionez, bereziki Vendée eskualdean ditugu partaideak, baina emeki-emeki hona ekarri nahiko genuke dena. Sorgailuen muntaketa, momentuz hamar bat hilean, hemen eginen dugu. Euskal Herrian lortu nahi dugu: hiru euskaldun gara, eta erronka bat ere bada, lurraldeak dituen ezaugarriak ikusita. Erronka handia, baina etxean gara! Gainera, ez dugu eskaini nahi atzerriko produktuen mende izango den soluziorik.

Oraindik ez dugu zuen produktua martxan ikusteko aukerarik izan, baina nolakoa izan da momentuz jasotako erantzuna?

Harrituak gara; komunikazioan egin dugun esfortzu txikiarekin feedback handia jaso dugu. Hor ikusten da zinez behar bat badela. Eskaria biziki handia da: 500 eskaeratik gora izan ditugu aerosorgailuetarako. Lehen sinadurak izan ditugu, baina oraino ez dugu batere jartzeko denborarik izan. Etengabeko hobekuntzak egiten ari gara, eta irailean jarri nahiko genuke lehena.

"Komunikazioan egin dugun esfortzu txikiarekin feedback handia jaso dugu. Hor ikusten da zinez behar bat badela"

Halere, partikular, enpresa edota instituzio, denengan sumatu dugu interesa. Partikularrak naturalki datoz guregana; enpresak ere bai, oihalak neurrira egindakoak baitira eta publizitatea egiteko balio baitute, ikurrekin pertsonalizatuta. Herriak lotsatiagoak dira: Donibane Lohizunek eta Ziburuk erosi dizkigute jadanik, baina esperoan dira ea zer gertatuko den. Interesa, ordea, argia da. Gainera, Akitania Berria eskualdeak gonbidaturik, Bordelen izan berri gara, Trantsizio Energetikorako Jardunaldi Europarretan, eta ekain erdian Parisen izanen gara, VivaTech saloian.

Kontatzen duzunarengatik, hilabete mugituak datozkio E-Taranisi. Zein da zuen aurreikuspena?

Helburua da, hemendik pare bat urtera, 50 aerosorgailu ekoizteko gai izatea hilabetean; ekoizpena eta muntaketa hemen eginda. Atelierrez aldatu nahiko genuke, 600-1000 m2 bilatzen ditugu. Industria jarduera bat ezarri nahi dugu gure helburura iristeko, eta horrek aldaketa handia ekarriko du gure jardunean. Ongi bidean, diru-bilketa bat eginen dugu gure webgunean, irailean hasita. Sartze honetan berrikuntza ugari gertatuko dira! Baina momentuz, hainbat auzo edo etxetara iritsi ahal bagara, lehen urrats bat emanen dugu gure bidean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK