Energia, industria zein mugikortasun sektorea deskarbonizatzeko Euskal Herrian hidrogenoaren ekosistema eratzea helburu du BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridoreak. Petronor eta Repsolek sustatuko erakundeak beste 70 bat eragile publiko zein pribaturekin elkarlanean 50 proiektu inguru ditu martxan egun, eta arrakasta kasu gisa aurkeztu berri dute asteazkenean eginiko Innobasqueren Batzar Nagusian.
Hidrogenoaren ekonomia berriztagarria garatzeko proiektu estrategiko honek 1.100 milioiko inbertsioa ekarriko du 2026 arte. Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusi eta Hidrogenoaren Euskal Korridorearen lehendakariordaren hitzetan, “energia eta ekonomia garbiago bat edukitzea da helburua, eta bide horretan lagunduko digun bektore energetikoa da hidrogenoa”.
Halaber, industriaren deskarbonizazioaren helburuaren baitan hainbat arlotan izango du eragina hidrogenoaren erabilerak. Erregai fosil ugari erabiltzen dituen industria da gurea Ansolaren esanetan, eta erregai horiek ezin dira elektrifikatu; hots, prozesu industrial batzuk ezin dira argindar bihurtu. Gas naturala erabiltzen den prozesuetan, esaterako, hidrogenoak paper garrantzitsua izan dezakeela iritzi dio zuzendariak.
Iñigo Ansola: “Energia eta ekonomia garbiago bat edukitzea da helburua, eta bide horretan lagunduko digun bektore energetikoa da hidrogenoa”
Gainera, mix energetikoan geroz eta energia berriztagarri gehiago txertatzen diren heinean, eguzki edota haize bidez sortzen den argindarrak arazo bat izan dezakeela dio EEEko zuzendari orokorrak, energiaren kontsumo eta sorkuntzak bat ez egitea, hain zuzen. Sortutako argindar horren metaketan hidrogenoak lagundu dezake bere aburuz, elektrolisiaren bidez ura deskonposatuz eta hidrogenoa sortuz.
Finean, erakunde publiko zein pribatuen bitartez merkatu bat sortu nahi dela nabarmendu du Ansolak, non eragile batzuk ekoizleak izango diren eta beste batzuk kontsumitzaileak, eta modu horretan, bektore energetiko berriaren eskuz, euskal industria eta teknologiaren garapena ahalbidetu.
Energia, industria eta mugikortasunaren deskarbonizazioa
Bost multzotan bana daitezkeen jardueretara bideratutako 49 proiektu bultzatzen ditu egun erakundeak: ekoizpena; garraioa, banaketa eta biltegiratzea; industria; mugikortasuna; eta zeharkako proiektuak kontsideratzen direnak. Muskizen hidrogenoa sortzeko 2,5MWko elektrolizagailua eraiki dute jada, eta Petronorrek Enagas eta EEErekin batera Bilboko portuan eraikiko du 10 MWko elektrolizagailua ere, besteak beste.
Abanton Zierbenan zabaldu berri den parke teknologiko berrian, EIC eraikina erabili ahal izango dute Petronor, AMPO, Tubacex, Tubos Reunidos eta Vicinay enpresek trantsizio energetikoarekin lotutako teknologia garatu ahal izateko
Abanton Zierbenan zabaldu berri den parke teknologiko berrian, EIC eraikina erabili ahal izango dute Petronor, AMPO, Tubacex, Tubos Reunidos eta Vicinay enpresek trantsizio energetikoarekin lotutako teknologia garatu ahal izateko, eta eraikinean bertan hidrogeno hornitegi (hidrogetegi) bat eratuko dute, baita hidrogenoa bertara eramango duen hidrozubi bat ere. Dagoeneko instalatuta dagoena parkea energia berriztagarriz hornituko duen 2,5MWko elektrolizagailua da. “Hidrogenoaren balio kate guztia garatzeko eta teknologia garatzeko gune garrantzitsua izango da hau, eta askotariko eragileek bat egingo dute”.
Europar Batasunaren estrategiarekin lerrokatuta
Ansolaren arabera, BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorearen bitartez 230.000 tona CO2 murriztuko dira hurrengo urteetan, eta 2026rako helburua elektrolizagailuen bidez 132,5MW edukitzea da. Bestalde, 8.000 erregai sintetiko sortu nahi dira, eta urtean 21.000 tona hidrogeno.
Ansolaren arabera, BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorearen bitartez 230.000 tona CO2 murriztuko dira hurrengo urteetan
Trantsizio energetiko bete-betean, estrategikotasun handiko proiektua dela aitortu du Ansolak. Hain zuzen ere, gurean garatutako proiektua izan arren, Europa mailako helburu bat ere badela azpimarratu du zuzendariak: “oso lerrokatuta doa Europar Batasuneko politikekin, eta guk agente aktibo bat izan nahi dugu”. Era berean, gehitu nahi izan du Ukrainako gerrak agerrarazi duen Europaren dependentzia energetikoa, eta beraz, oso apustu sendoa dela uste du.