24 orduko fotosintesirako zuhaitzak

Bromalgae euskal enpresa zuhaitz artifizialen diseinua hobetzeko prozesuan lanean ari da. AEBetan hasi zuen teknologia garatzen, nahiz eta egun Barakaldon duen egoitza

Baionan GarbiAir zuhaitza instalatu du Bromalgaek | Argazkia: Bromalgae Baionan GarbiAir zuhaitza instalatu du Bromalgaek | Argazkia: Bromalgae

Industriak sortzen dituen berotegi efektuko gas igorpenak murrizteko helburuarekin jaio da Bromalgae euskal enpresa, GarbiAir izeneko zuhaitz artifizialak sortzen dituena. Hiri eremuetako airea garbitzea dute xede, fotosintesia garatzen baitute soluzio kimiko bati esker. Enpresa teknologiko berritzaile gisa definitzen dira, hobetzeko marjina duena. Zuhaitz artifizialen diseinuan aurrerapausoak gauzatu nahi dituzte etorkizunera begira.

Duela hilabete eskas Baionan GarbiAir zuhaitz berri bat instalatu berri dute, enpresaren bigarren modeloa dena. Lehena Barakaldon eraiki zuten 2023ko ekainean, instalazio pilotu gisa. Zuhaitz artifizialek duten funtzioaz aritu da Uxue Nuñez Larrauri, Bromalgaeko ingeniari kimikoa. Nuñezen arabera, Barakaldokoa “prototipoa” da, hobekuntzak egiteko erabiltzen dutelarik. GarbiAir zuhaitzen prozesua azaltzeko, barnean duen fotobioerreaktoreak izan ditu ahotan.

“Zuhaitzaren kopa izango litzatekeena da fotobioerreaktorea”, argitu du. Bertan, likido berde bat nabari daitekeela dio ingeniariak, kolore hori mikroalga batzuei dagokiena. “Mikroalgek ematen diote kolore hori”. GarbiAir sistemak airea xurgatzen du, zuhaitzara burbuila bidez sartzeko difusore baten bitartez. Burbuilak likidoa irabiatzeaz gain, kutsagarriak diren karbono dioxidoa bezalako elementuak disolbatzen laguntzen du, mikroalgek elementu horiek hobeto asimilatzeko. Orduan, likidoan dauden mantenugai batzuekin eta eguzki argiarekin oxigenoa sortzen da: “Mikroalgek fotosintesia egiten dute”.

GarbiAir sistemak airea xurgatzen du, zuhaitzara burbuila bidez sartzeko difusore baten bitartez. Burbuilak likidoa irabiatzeaz gain, kutsagarriak diren karbono dioxidoa bezalako elementuak disolbatzen laguntzen du, mikroalgek elementu horiek hobeto asimilatzeko

Eguzki argiaz gain, sistemak berak LED argiak ditu, zeinak prozesuan laguntzen duen. Nuñezek dio GarbiAir zuhaitzen berezitasun handiena dela: “Fotosintesia 24 orduz egiten du gauez LED argiak erabiltzen dituelako”. Hori dela eta zuhaitz naturalak baino “askoz” ere eraginkorragoak dira. Hori bai, kontuan hartu behar da non kokatu daitezkeen. “Zenbat eta inguru kutsakorragoa izan, eraginkortasuna hobeto frogatzen da”.

1 (1)
Soluzio kimiko bati esker, fotosintesia garatzen dute | Argazkia: Bromalgae

Ingeniari kimikoak nabarmendu du horrelako sistema bat zuhaitz asko dauden toki batean jartzeak ez duela zentzurik, sistemaren eraginkortasuna txikiagoa izango litzatekeelako. Landatu ezin daitekeen lekuetan, trafiko handia dagoen espazioetan edota hiri eremuetan kokatzea da aproposena, haren aburuz. Era berean, GarbiAir beraren azpiegitura aproposa da: “Hormigoiaz eta altzairuaz egina dago eta horrek elementu mugikorra izatea ahalbidetzen du”. Hau da, sistema instalatzeko obra zibilik ez dela egin behar mahaigaineratu du, prozesua erabat erraztuz.

Diseinua hobetzeke

Abantailak abantaila, erronka ugari ere badituzte Bromalgaen. Diseinua hobetzea dute jomugan lehenik eta behin: “Egia da orain daukan diseinua ez dela oso erakargarria”. GarbiAir bera ingurura hobeto “integratu” behar dela azpimarratu du Nuñezek, pertsonentzat “ikusgarriagoa” izateko. Adibide gisa, zuhaitz inguruan eserlekuak jartzea aipatu du, ingurua aprobetxatzeko. “Bista aldetik zein erabilera aldetik hobetu dezakegu”.

Eraginkortasun energetikoan ere hobekuntzak egin ditzakete, nahiz eta sistemak berak gutxi kontsumitzen duen. Adituaren arabera, “ideala” izango litzatekeena sistema autonomoa eta energia berriztagarriekin elikatua bilakatzea da. Baina ez da lan erreza: “Denbora asko daramagu sistema egiten, eta hobekuntza hauek dira gure erronka nagusienak”. Soluzio gisa plaka fotovoltaikoak ezartzea izan du hizpide, baina ikerkuntza prozesuan dagoen auzia da oraindik.

GarbiAir bera ingurura hobeto “integratu” behar dela azpimarratu du Nuñezek, pertsonentzat “ikusgarriagoa” izateko

2018an sortua, Bromalgae enpresak Kalifornian du oinarria, Alging S.L zuela aurreko firma. 2013an sortu zen hura, eta bere ulermen kontzeptual eta metodologikoak AEBetan egin ziren, zehazki Kaliforniako Unibertsitate Teknologia Institutuan. “Bertan enpresak ezin izan zuen teknologia garatzen jarraitu, eta hona ekarri zen”, argitu du Nuñezek. GarbiAir proiektua 2020an hasi zen, lehenik eta behin sistemen diseinua eta ingeniaritzan sakonduz. 2021an muntaketa prozesua burutu zen eta, 2023ko ekainean, Barakaldon ezarri zuten prototipoa. Bertan, Barakaldon, du egoitza egun enpresak. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK