30 urte errepideak koloreztatzen

Errepideen zein kaleetako osagai higiezinen seinaleztapen zerbitzuak emateaz arduratzen da Sisca Señalizaciones. Seinaleak diseinatu eta margotzen dituzte

Argazkia: Sisca señalizaciones Argazkia: Sisca señalizaciones

1991ean Pinturas Diaz e Hijos izenarekin sortutako enpresa da, egun, Sisca Señalizaciones dena. Lehenengo bi urteetan barneko (etxeak, pabiloiak, etab.) pintura arloan aritzen zen enpresa, baina harrezkeroztik, errepideetako seinaleak margotzen ditu gehien bat. “Gasteizen seinaleztapen zerbitzuak ematen zituen enpresa bat itxi ostean sartu ginen gu merkatuan. Haiekin harremanetan jarri ginen, eta haien eskutik hasi ginen errepide eta beste zenbait espazioak margotzen”, azaldu du Rocio Bravok, egun Siscako zuzendaria denak. “Honetan espezializatzea erabaki genuen merkatuan ez baitzegoen beste inor”, gaineratu du.

Seinaleekin lotutako hainbat zerbitzu eskaintzen ditu enpresak. Seinaleztapen horizontal zein bertikala, errepideetako markak, trafiko eta obretako seinaleak, hiri-altzariak, balizajeak eta parke edo kirol instalazioetako markak egiten dituzte, besteak beste. Seinale hauek diseinatzeaz eta margotzeaz arduratzen dira. “Seinaleztapen arloan merkatu asko hartzen dugu, ez errepidetakoak bakarrik, mendikoak ere bai adibidez. Azken finean, udaletxe edo herri batetik deitzean behar dutena ematen saiatzen gara. Dena delakoa, bezeroari konponbide bat ematen saiatzen gara”, adierazi du Bravok.

Seinaleztapen horizontal zein bertikala, errepideetako markak, trafiko eta obretako seinaleak, hiri-altzariak, balizajeak eta parke edo kirol instalazioetako markak egiten dituzte, besteak beste

Diseinatzeaz eta margotzeaz gain, errotuluak ere jartzen ditu Gasteizko enpresa honek. “Xafla ez ditugu guk ekoizten, beste enpresa batzuei erosten dizkiegu, eta gero guk horren gainean egiten dugu lan”, azpimarratu du zuzendariak.

Esperientzia, kalitatea eta zerbitzu azkarra

Hego Euskal Herriaz gain, inguruko beste zenbait eremutaraino iristen da Siscaren jarduera. “Kantabriatik Nafarroarainoko tartean egiten dugu lan, Errioxatik pasatuz”, dio Bravok. Burgosen ere aritzen dira. “Dena den, beste nonbaitetik deitzen badigute eta ekonomikoki errentagarria bada guretzat, bertara joateko ez dugu inolako arazorik”. Halaber, seinaleak instalatzeaz aparte, hornitzeaz ere arduratzen da enpresa. Gisa honetan, eskari bat jasoz gero seinaleak bidaltzen dituzte bezeroarengana.

Bezero nagusiak udaletxeak, administrazio batzarrak eta enpresa pribatuak izan ohi dira, baina bezero partikularrei ere eskaintzen dizkiete euren zerbitzuak. Udaletxe zein beste instituzio publikoekin jarduteko konkurtsoetara aurkezten da Sisca.

Sisca Señalizacioneseko langileen erdiak 30 urte inguru daramatza sektorean lanean

Merkatuko beste enpresengandik bereizten duena kalitatea eta zerbitzu azkarra direla adierazi du zuzendariak. “Errepideetako seinaleztapen integral osoa egiten dugu, eta konpetentzia baina kalitate altuagoa eskaintzen dugu. Gainera, diseinu bat egiteko eskatzen badigute, unean bertan egiteko eta hurrengo egunerako bidaltzeko gaitasuna dugu. Zentzu horretan, autonomoak gara. Esperientzia ere nabarmendu du enpresaren arrakastaren gako bezala, izan ere, taldeko langileen erdiak 30 urte inguru daramatza sektorean lanean.

Salmenta hazkunde handia azkeneko urteetan

“Aurten milioi bat euro fakturatzea espero dugu. Azkeneko bost urteetan, % 30 eta % 40 inguru hazi dira gure salmentak”, azaldu du zuzendariak. Duela bost urte sartu zen zuzendaritza berria enpresan, eta Bravoren iritziz, hori da enpresaren hazkundearen arrazoi nagusia.

Lehengaien eskasiaren aurka borrokan ari direla ere onartu du, baina “pausoz pauso” doaz aurrera. “Gure helburua ez da salmenta zifra zehatz batera iristea, zerbitzu ona ematea baizik. Nahiago dugu gutxiago fakturatu zerbitzu hobea ematen badugu”, gehitu du.

Ingurugiroaren alde zenbait estrategia martxan jartzeko asmoa du Siscak. Esaterako, trafiko seinaleen berrerabilpen proiektu batean ari dira lanean. “Gasteizko hirian karbono emisioak gutxitzeko garatzen ari den estrategia aprobetxatuz, aukera polita dela uste dugu. Bestalde, seinaleen birziklapenean ere gabiltza”.

Rocio Bravo: “Gure helburua ez da salmenta zifra zehatz batera iristea, zerbitzu ona ematea baizik. Nahiago dugu gutxiago fakturatu zerbitzu hobea ematen badugu”

Sektoreari etorkizunari begira, digitalizazioa eta inteligentzian oinarritutako teknologia ez ditu mehatxu bezala ikusten enpresako zuzendariak. “Margotzaileok margotzen jarraituko dugu. Errepideak eta kaleko elementu higiezinak dauden heinean, beti izango da mantentze-lan bat, baita berrikuntza lanak ere. Digitalizazioaren arloan hasi da lanean merkatua, eta horretara egokitzea tokatuko zaigu”. Hala eta guztiz ere, etorkizunean, berrikuntzan oinarritutako beste seinaleztapen mota bat garatuko dela argi du Bravok, baina hori guztia ezartzea “kosta egingo dela”, iritzi dio.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK