40 urtez bizitzak salbatzen

Desfibriladoreak diseinatu, ekoiztu eta merkaturatzen dituen Espainiar estatu mailako enpresa bakarra da Bexen Cardio. Mondragon taldeko kooperatiba honek, 40 urteko jakintza du sektorean, eta telemedizinan nahiz "contract manufacturing" delakoan ari dira lanean egun

 Argazkia: Bexen Cardio Argazkia: Bexen Cardio

Pasa den ostirala, irailaren 29, bihotzaren nazioarteko eguna izan zen. Muskuluz osatutako organoaren taupadak odola ponpatzen du gorputzaren barnean, eta gizakion bizitza ahalbidetzen du nolabait. Baina, organoaz harago, bihotza sinbolismo asko duen kontzeptua da, nagusiki, maitasunarekin lotua. Halaber, bihotz taupaden erritmoa bortizki azeleratzean denean gertatzen da bihotzekoa, zoritxarrez nahiko ohikoak direnak, izan ere, gaixotasuna kardiobaskularrak mundu mailan heriotza kausa nagusienetako bat dira. Desfibrilaroreek bihotzeko bat artatzeko parada ematen digute, eta horiek diseinatzeaz, ekoizteaz eta saltzeaz arduratzen da Bexen Cardio Mondragon taldeko kooperatiba.

50 langileko enpresa ermuarra, bakarra da estatu mailan desfibriladoreak diseinatzen, ekoizten eta saltzen, eta 40 urteko ibilbidea ondu dute jada. Hiru desfibriladore mota egiten dituztela azaldu du Oxel Etxebarria zuzendari eta gerenteak: ospitalerako, anbulantzietarako eta publiko orokorrerako. “Lehenengoak desfibrilatzeaz gain, pazienteen hainbat parametro biometriko monitorizatzea ahalbidetzen du, zirkulazioa eta presioa, adibidez. Anbulantzietakoak, ospital aurreko laguntza ematen du, eta hirugarrena edozeinek erabiltzeko modukoak dira, kiroldegietan aurki daitezkeenak, esaterako.

Jakintza askoko merkatuan

Ermuako kooperatibak hasiera batean medikuntza arloko produktuak egiten hasi zen, esfortzu bizikletak, monitoreak, etab… “Gama zabal bat hasi ginen ekoizten lizentzia bidez, baina gero konturatu ginen komeni dela espezializatzea, eta merkatuko arrazoiengatik erabakitzen da desfibriladoreetan zentratzea”, azaldu du Etxebarriak.

Oxel Etxebarria: “Gama zabal bat hasi ginen ekoizten lizentzia bidez, baina gero konturatu ginen komeni dela espezializatzea, eta merkatuko arrazoiengatik erabakitzen da desfibriladoreetan zentratzea"

Zinez deigarria Espainiar estatu osoan halako enpresarik ez izatea. Taldeko zuzendariaren ustez, sektorera sartzeko hesiak oso gogorrak direlako da. “Alde batetik, jakintza oso espezifikoa behar da, eta oso produktu exijenteak dira. Azken batean, ekipo batean energia asko behar duzu, honek desfibrilatzen duenean energia piloa askatzen baitu”, nabarmendu du. Gainera, potentzia emateko erabiltzen den elektronikaren oinarria oso zaila dela dio zuzendariak. “Jakintza aldetik hesia oso handia da, eta sektorea ere oso exijentea da arautegiari dagokionez”.

Boluntario komunitate bat

Bexen Cardioren hirugarren negozio lerroan, publiko orokorrari zuzendutakoan, jarri nahi izan du azpimarra Etxebarriak, edonor izan behar baita desfibriladore bat erabiltzeko eta leku publikoetan laguntzeko gai. Gerenteak dio ezeren aurretik bihotzeko bat ematen denean, 112ra deitu behar dela eta ondoren, desfibriladorearen tapa kendu. “Tresna berak esango dizu zer egin behar duzun. Elektrodo batzuk gorputzean zabaldu, pertsonaren bularrean eta saihetsaren alde batean, eta gero ekipoak erabakitzen du desfibrilatu behar duen edo ez”. Izan ere, sistema adimendu baten bidez funtzionatzen du, algoritmo batek aztertzen du elektrokardiogramaren seinalea fibrilatzen edo desfibrilatzen dabilen. “Bihotzak jarduera elektroniko kaotiko bat badu, ekipoak antzematen du, eta sekulako energia askatzen du, bihotza nolabait "erreseteatzeko". Bihotza lasai badauka, gailuak ez du ezer ere ez egingo, ez du energiarik askatuko”, argitu du.

Hala, egun, telemedizinari esker, kooperatiba buru belarri dabil kardio babesguneak deritzon espazioak sortzen, eta zer dira espazio hauek? “Fabrikak, herriko plazak edota auzoak kardiobabestea da”, esan du. Izan ere, Etxebarriak azaldu duenez, urtean 30.000 pertsona hiltzen dira estatuan bihotz geldialdi baten bidez ospitaletik kanpo. Are gehiago, Euskal Herrian, Osakidetzako emergentzia datuen arabera, anbulantzia bat pazientearengana heltzeko denbora 11 minutu eta 21 segundotakoa da,  eta pertsonak batek bihotzekoa duenetik 6 minutu lehenago artatzen ez bada hiltzeko edo oso egoera txarrean bizirauteko probabilitatea nabarmen areagotzen da.

 M6A0500(1)
Argazkia: Bexen Cardio

“Guk kasuistika horiek ezagututa, osasun sistemak laguntza behar duela ikusten dugu”, dio zuzendariak. Kardio babesguneak eraiki nahi dira hortaz, eta horretarako hiru alderdi hartu behar dira kontuan: formazioa, kontzientziazioa eta aktibazioa. “Ez da herriko plaza desfibriladore bat jartzearekin soilik babesgune bat lortzen. Lehenengo, kontzientzia piztu behar da, jendeari azaldu arazo bat dagoela. Bigarrenik, formakuntza eskaini behar da, jendeari desfibriladorea erabiltzen erakutsi behar zaio”.

Finean, boluntario komunitate bat sortu nahi Bexen Cardiok. App bat ere izango baitute erabilgarri, eta bihotzeko bat dagoenean, aplikazioak jakinarazpena bidaliko du. Honela, kooperatibak formatutako boluntarioek laguntzeko aukera izango dute, erantzun azkarra bermatuz.

Produktuaz haragoko osasun soluzioak

Bada, produktuaz harago, merkatuan soluzio oso bat eskaintzen du kooperatibak. “Kardio osasun edo gaixotasunekin zerikusia daukaten soluzioen hornitzaileak” direla dio Etxebarriak. Egun, salmenta gehienak nazioartean egiten dituzte, nahiz eta merkatu garrantzitsuena Euskal Herria eta Espainia izan (fakturazioaren %20). Beste bi merkatu garrantzitsuenak Suedia eta Italia dira (%30- %40), baina Marokon, Argelian, Malasian, Vietnamen edota Mexikon ere saltzen dituzte dedfibrilagailuak.

Osakidetzako emergentzia datuen arabera, anbulantzia bat pazientearengana heltzeko denbora 11 minutu eta 21 segundotakoa da,  eta pertsonak batek bihotzekoa duenetik 6 minutu lehenago artatzen ez bada hiltzeko probalitatea nabarmen areagotzen da

Azkeneko hiru urteetan, %60 inguru hazi da kooperatibaren urteko fakturazioa. 2019an, 5 milioi euro fakturatu zituzten, eta orain 8 milioi euro inguruan dabiltzala kontatu du zuzendariak. “Laster plan estrategiko berria egingo dugu, eta gure asmoa dibertsifikazioaren lerroa indartzea da”.

Kooperatiba dinamikoa

Izan ere, azkeneko urteotan Bexen Cardioren erronka nagusienetako jardueraren dibertsifikazioa izan da, bi arlotan, zehazki: contract manufacturing eta telemedizinan. Contract manufacturing, kooperatibak 40 urteetan duen jakintza start-up eta proiektu berritzaileetan zabaltzean datza. “Proiektu hauek teknologia berri asko dute, baina zailtasunak dituzte merkatura iristeko, ziurtagiriak, industrializazioa edo kalitate sistemak direla eta. Guk lagundu egiten diegu, partner bilakatuz, eurek teknologia eta guk jakintza ipinita”, azaldu du Etxebarriak.

Oxel Etxebarria: “Laster plan estrategiko berria egingo dugu, eta gure asmoa dibertsifikazioaren lerroa indartzea da"

Beste arlo batzuetara salto egiten ari da beraz, Ermuako kooperatiba, “enpresa dinamiko bat” baitira. Horren harira, bai administrazio publikotik bai ekimen pribatutik EAEko osasun sektorean proiektu asko ugaltzen ari direla uste du Etxebarriak, eta lurraldean “osasun polo bihurtze horretan, Bexen Cardio aktore garrantzitsua” izatea nahiko luketela adierazi du. “Mondragon garelako, Mondragon Health dagoelako, eta baditugulako konpetentziak eta jakintzak aktore izan eta asko laguntzeko”, bukatu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK