41 kooperatiba sartu ziren iaz Konfekoopen

Erakundeak iazko ekitaldiaren balantze baikorra egin du. 63.000 enplegu zuzen baino gehiago sortu ditu

Rosa Lavin eta Mikel Larrea, gaur, Bilbon | Argazkia: Konfekoop
Rosa Lavin eta Mikel Larrea, gaur, Bilbon | Argazkia: Konfekoop
2026ko maiatzaren 15a - 13:10
Eg. 2026ko maiatzaren 15a - 16:24

Konfekoopek 2025aren balantze positiboa egin du gaur goizean Bilbon eginiko prentsaurrekoan. Nazioarteko testuinguru "konplexu, aldakor eta zorrotz" batek baldintzatutako urtea izan dela azpimarratu dute Rosa Lavin erakundeko presidenteak eta Mikel Larrea zuzendariak, eta adierazi dute euskal kooperatibismoak berriro ere erakutsi duela “bere erresilientzia, egokitzeko gaitasuna eta lurraldearekiko konpromisoa".

 

Larreak nabarmendu du 2025 "ekitaldi ona" izan dela erakundearentzat, eta Konfekoopek "indartu" egin duela "kooperatibentzat erabilgarria eta hurbila den enpresa-erakunde gisa duen eginkizuna".

Egun Konfekoop 1.432 kooperatibek osatzen dute, aurreko urtean baino 41 gehiagok, zeintzuek 63.000 enplegu zuzen baino gehiago sortu eta ia 1,6 milioi bazkide biltzen dituzten.

 

Halaber, azaldu dutenaren arabera, enplegu kooperatiboa %10 baino gehiago hazi da azken bost urteetan EAEn, eta, Larrearen hitzetan, enpresa-eredu "sendoa, lehiakorra eta lurraldean errotuta dagoena" indartu egin da

Lavinek, bestalde, Konfekoopek bultzatutako Industria Kooperatiben Mahaiaren bitartez egindako lana azpimarratu du, "Euskadiren beharrezko berrindustrializazioan eta industria-autonomia estrategikoan laguntzeko".

Presidenteak adierazi duenez, "kooperatibismo industriala euskal produkzio-ereduaren zutabea da", eta positibotzat jo du Konfekoop Industriaren Euskal Kontseiluan sartzeko konpromisoa, "erakundeen presentzia sendotzen duen eta gure eragiteko gaitasuna indartzen duen" antolaketarako urrats estrategikoa baita.

2025ean kooperatibak sustatzeko bederatzi programa bultzatu ditu Konfekoopek, 73 prestakuntza-jarduera antolatu ditu 1.900 parte-hartzaile baino gehiagorekin, eta 1.800 kontsulta eta bilera baino gehiago izan ditu kooperatibekin, aurreko ekitaldian baino %12 gehiago.

Gauzak horrela, entitateak maiatzaren 20an egingo du bere Batzar Nagusia, Donostiako Kursaal Jauregian.