• EKONOMIA
  • Mikel Larrea (Konfekoop): "Eredu kooperatiboa ezezaguna da oraindik askorentzat"

Mikel Larrea (Konfekoop): "Eredu kooperatiboa ezezaguna da oraindik askorentzat"

Konfekoopeko zuzendari berriak 2025-2028 plan estrategikoaz, enplegu-politika publikoez eta kooperatiba ereduaz hausnartu du

Mikel Larrea Konfekoopeko zuzendari da urtarrilaz geroztik | Argazkia: Raul Bogajo / Foku
Mikel Larrea Konfekoopeko zuzendari da urtarrilaz geroztik | Argazkia: Raul Bogajo / Foku
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko maiatzaren 4a - 05:30
Eg. 2026ko maiatzaren 4a - 07:45

Lekuko aldaketa irailean iragarri bazen ere, urtarrilean hartu zuen Konfekoopeko zuzendari kargua elkarrizketatuak: Mikel Larrea Azpeitiak. Lehen hilabeteak "interesgarriak eta biziak" izan direla baieztatu dio EnpresaBIDEAri, nahiz eta argi izan oraindik ere egiteko asko daudela. Gizartearentzat kooperatiba eredua ez da berak nahi bezain ezaguna, baina jada 1.492 kooperatiba ordezkatzen ditu buru duen erakundeak; are gehiago, iaz 118 berri sortu ziren, urteroko "joera egonkorrari" jarraiki.

 

Nolakoak izan dira Konfekoopeko zuzendari gisa egin dituzun lehen hilabeteak?

Zuzendari gisa urtarrilean hasi nintzen, dela gutxi bete ditut lehen ehun egunak, eta normalean esaten den bezala, tarte horrek marjina pixka bat ematen du lehen balorazio bat egiteko. Zerbait esatekotan, hilabeteak oso biziak, interesgarriak eta azkarrak izan direla azpimarratuko nuke. Barne taldea ezagutzeak denbora eskatzen du, baina gustura egiten den prozesua da. Ekosistema bera ere sakonago ulertu behar izan dut: nahiz eta aurretik ere ingurune honetatik etorri, erronka guztiak barneratzeak badu bere lana. Gainera, 2026ko plangintza taldearekin batera lantzea egokitu zait. Lan handia baina polita izan da.

 

Eroskin ia 34 urtez lan egin duzu, horietako asko idazkari nagusi gisa. Zer ekarpen egiten diozu orain Konfekoopi ibilbide horri esker?

Nik esango nuke ekarpen nagusia barrutik kooperatibak ezagutzea dela. Kooperatiben ekosistema ez da ohikoa, eta kanpotik datorrenarentzat ez da erraza izaten: gobernantza, helburu bereziak edo balioak ez dira beti berehala barneratzen. Gainera, ulermen hori arlo finantzariotik harago doa: dimentsio soziala, filosofikoa eta beste hainbat alderdi uztartzen dira. Horregatik, kooperatiban ibilbide bat eginda izateak lagundu egiten du sistema hori sakonago ulertzen.

Kanpora begira ere badu balioa esperientziak. Urte hauetan harreman estua izan dut hainbat eragilerekin (instituzioak, administrazioak eta bestelako erakundeak) eta horrek gaur egun lana errazten du.

Erraza izan da, beraz?

Ez, ez da erraza izan. Halako erakunde bat kudeatzeko erraztasuna denborarekin etortzen dela uste dut, baina egia da neurri batean pertsona bakoitzaren araberakoa ere badela. Gauzak erraz doazenean, askotan geuk ere erronka berriak jartzen ditugu mahai gainean, egoera gehiago konplikatuz. Edonola ere, asteak ez dira errazak izan, baina bai oso biziak eta interesgarriak.

Zer alde dago kooperatiba jakin bat kudeatzearen eta kooperatiben talde osoa ordezkatzearen artean?

Kooperatiba bakar bat kudeatzean, nahiz eta kasu honetan Eroski bezalako egitura handia eta konplexua izan, egunerokotasunak pisu handia du: salmentak, marjinak, errentagarritasuna edo eguneroko arazoak etengabe kudeatu behar dira. Erakunde mailatik begiratuta, ordea, ikuspegia zabalagoa da. Epe luzera begiratzen da, eta proiektuak ere horizonte horretan kokatzen dira. Egunerokoak ez du horrenbesteko pisurik.

Argazkia: Raul Bogajo / Foku
Argazkia: Raul Bogajo / Foku

Bestalde, kooperatiba batean aritzeak autonomia handiagoa ematen du: erantzukizunak eta arazoak zureak dira, eta erantzunak ere zuk bilatu behar dituzu, besteen laguntzarekin bada ere. Elkarte batean, aldiz, jarduera zeharkakoagoa da, eta askotan kooperatiben inplikazioa behar da gauzak aurrera eramateko. Horrek autonomia maila aldatzen du, nahiz eta bi kasuak oso interesgarriak izan.

2025 Kooperatiben Nazioarteko Urtea izan zen. Zertarako izan zen baliagarria? Izan al du benetako eraginik ala sinbolikoa izan da?

Nazioarteko egunek beti dute karga sinboliko bat, eta sinbolismo hori baliatzen da gauzak mugitzeko; nolabait, aitzakia bat dira ekimenak sustatzeko. Gure kasuan, kooperatibak eta haien errealitatea gure ohiko esparruetatik kanpo ikusarazteko balio izan du. Adibidez, Legebiltzarrak urte horren harira kooperatiben erabilgarritasunari buruzko PNL premiazko neurrien legea onartu zuen. Hori garrantzitsua da, alderdi politiko guztiak ados jartzen direlako kooperatibek gizartean duten lekua eta ekarpena aitortzeko.

"Batzuetan arraroa dirudi izaera sozialeko erakunde bat emaitzetan oinarritzea, baina kontuan hartzen badugu enpresak direla, logikoa da. Hemen gakoa dena da zer egiten den emaitzekin"

Beraz, sinbolismoa badago, baina ez da horretara soilik mugatzen: errealitatean eragiteko balio du, eta kudeaketa bera ere bultzatzen laguntzen du. Eragina, beraz, badu.

2025-2028 plan estrategikoaren erdian zaudete, gutxi gorabehera. Zein puntutan dago estrategia? Zein helburu bete dituzue jada, eta zer dago oraindik egiteke?

Plan estrategiko batek epe luzeko helburuak ezartzen ditu. Horrek esan nahi du lehen urtean ildo batzuk martxan jartzen direla, ondorengo urteetan garatzeko. Hasieratik guretzat estrategikoa izan den ideia bat dago: gu enpresa kooperatibak gara. Kooperatibak gara, bai, baina enpresak ere bai. Bi dimentsio horien arteko oreka funtsezkoa da. Izan ere, alde batetik kooperatibek badute dimentsio sozial indartsu bat: gobernantza, parte-hartzea… baina, aldi berean, guztiak dira enpresak, txikiak zein handiak. Horrek esan nahi du arlo ekonomikoak pisu handia duela. Ildo horretan, beti defendatu izan dugu kooperatiba baten helburuak betetzeko jasangarritasun ekonomikoa ezinbestekoa dela, bestela ez delako posible jasangarritasun soziala bermatzea. Batzuetan arraroa dirudi izaera sozialeko erakunde bat emaitzetan oinarritzea, baina kontuan hartzen badugu enpresak direla, logikoa da. Hemen gakoa dena da zer egiten den emaitzekin, nola banatzen diren, zertara bideratzen diren eta zein parte-hartze dagoen prozesu horretan.

Bestalde, plan estrategikoan egiteko asko dago oraindik. Gure eginkizunen artean dago enpresa kooperatiba kontzeptua zabaltzea eta haren garrantzia azpimarratzea, baita kooperatiben interesak defendatzea ere. Horretarako, ordezkaritza zabaldu behar dugu historikoki egon ez garen esparruetara, horrek aukera ematen digulako gure ahotsa entzuteko gure interesak defendatu behar diren guneetan. Aurrera begira, ordezkaritza hori sendotzen jarraitzea izango da helburua.

Era berean, interkooperazioa indartu behar dugu, hau da, kooperatiben arteko lankidetza. Elkarte gisa eskaintzen ditugun zerbitzuak ere egokitzen joan behar dira, gaur egun ordezkatzen ditugun 1.492 kooperatiben beharretara moldatuz. Azkenik, barne egitura bera ere egokitu behar dugu. Behar berriak daude, eta horiei erantzuteko gure gaitasunak eta eskaintza eguneratu behar ditugu.

Beharrezkoa izan al da planaren norabidea aldatzea testuinguru ekonomikoa dela eta?

Norabidea ez dugu aldatu, helburu nagusiak bere horretan mantentzen direlako. Hala ere, helburu horietara iristeko bidea egoeraren arabera moldatzen joan behar gara, hori bai.

Konfekoopek denbora zeraman Lanbideko Administrazio Kontseiluan presentzia eskatzen. 2024ko urrian akordioa lortu zenuten. Zer aldatu da geroztik?

Aldaketa nagusia da gure ahotsa bertan entzuten dela, eta hori da benetan garrantzitsuena. Hortik aurrera, aukera dugu gure interesak defendatzeko, ez bakarrik kooperatibenak, baita gizarte osoarenak ere. Gure eredua ez da soilik geurea babestera mugatzen; gizartearen eraldaketa bilatzen du. Egia da 2025 urtea berezia izan dela Lanbiden, bere estatutuak eta izaera juridikoa aldatu direlako, eta horrek beste gai batzuetarako tarte gutxiago utzi du.

"Gure pisua ekonomian ez da nahi genukeena, eta eredu hegemonikoak markatzen ditu neurri handi batean legeak eta politika publikoak"

Hala ere, pauso garrantzitsua eman dugu: bertan egotea lortu dugu, funtzionamendua ezagutzen hasi gara, eta zer aukera dauden identifikatzen ari gara. Kontuan izan behar da, hala ere, hamabost kidetik bat garela gu. Baina balorazioa positiboa da. Etorkizunean erritmoa hartzea espero dugu, Lanbidek bere egitura egonkortzen duen heinean.

Eredu kooperatiboa nahikoa kontuan izaten ari al dira enplegu-politika publikoetan?

Nahikoa ez, ezta gutxiago ere. Eredu kooperatiboa ezezaguna da oraindik askorentzat. Eta ez naiz ari soilik Lanbideri buruz, baizik eta orokorrean. Gure pisua ekonomian ez da nahi genukeena, eta eredu hegemonikoak markatzen ditu neurri handi batean legeak eta politika publikoak. Horregatik, gure helburu nagusietako bat da ezagutza handitzea, legegileek kooperatibak gehiago kontuan har ditzaten hasiera-hasieratik. Sarritan gertatzen da lege-aldaketak egitean gure izaera ez dela kontuan hartzen, eta ondoren moldaketak egitea zaila izaten da. Hasieratik kooperatiba eredua integratzea lortuko bagenu, askoz errazagoa litzateke ondorengo garapena. Hortaz, oraindik bide luzea dugu: ezagunak gara, baina ez nahi genukeen neurrian.

Argazkia: Raul Bogajo / Foku
Argazkia: Raul Bogajo / Foku

Hazikoopek 118 kooperatiba sortzea bultzatu zuen 2025ean.

Bai, oso pozik gaude, benetan. Kontuan izan behar da ekintzailetza maila lotuta dagoela langabeziaren egoerarekin: langabezia handia denean proiektu gehiago sortzen dira, eta baxua denean, kontrara, gutxiago. Gainera, gaur egun gero eta jende gehiagok bilatzen du enplegu egonkorra, adibidez administrazioan, eta horrek ere eragina du. Testuinguru horretan, 118 kooperatiba sortzea datu egonkorra dela esango nuke. Ekonomiaren egoerak eragin handia du: une jakin batean ekintzailetzarako laguntza espezifikoak sortzen badira, horrek berehala eragiten du datuetan. Baina esan bezala, joera nahiko egonkorra da: urtero 110 eta 130 kooperatiba artean sortzen dira. 

Helburua litzateke sortzen diren enpresen artean kooperatiben pisua handitzea. Ekintzailetza orokorra eraldatzea ez dago gure esku, baina bai eredu kooperatiboa gehiago zabaltzea. Horretarako, funtsezkoa da ekintzailetzaren inguruan lan egiten duten eragileekin (aholkulariak, erakundeak eta abar) lankidetza handitzea, kooperatiba eredua gero eta gehiago sustatzeko.

Zenbatekoa da kooperatiben ehunekoa sortzen diren enpresen artean?

Urtez urte aldatzen da, baina gutxi gorabehera sortzen diren enpresen %10 inguru kooperatibak izaten dira, beraz, badaukagu zer hobetu. Kontuan izan behar da ekintzailetza proiektuak sarri pertsona bakarrekoak izaten direla, eta kasu horietan ezin dela kooperatibarik sortu, gutxienez bi bazkide behar direlako. 

Zein sektoretan ari dira sortzen kooperatiba gehien gaur egun? Eta zein profil dute kooperatibista berriek?

Kooperatibak askotarikoak dira: irakaskuntzakoak, lan batukoak, etxebizitzakoak… Hala ere, sortzen diren gehienak lan batukoak izaten dira; 118 horietatik 107 izan ziren iaz. Aldiz, gutxiago izaten dira kontsumokoak, etxebizitzakoak, bigarren mailakoak edo nekazaritzakoak.

Sektoreei dagokienez, zerbitzuen arloa da nagusi: 118tik 42 zerbitzuetakoak izan ziren; ondoren datoz eraikuntza, 36 kooperatiba berrirekin, eta ostalaritza, 13rekin. Gainerakoak merkataritza, hezkuntza eta bestelako sektoreetan banatzen dira.

Jatorriari begiratuta, gero eta kooperatiba gehiago sortzen ari dira atzerritik etorritako pertsonen eskutik. Azken urtean, 118tik 35 izan dira profil horretakoak. Adibidez, Errumaniatik etorritakoek 12 sortu dituzte, eta Iberoamerikatik etorritakoek, multzo gisa hartuta, 17. Beste herrialde batzuetatik etorritako ekintzaileak ere badaude, hala nola, Maroko edo Txinatik.

"Kooperatiben balioek badute erakartzeko indarra: gazteek zentzua eta helburua bilatzen dituzte proiektuetan, ez soilik soldata on bat"

Eta adinari dagokionez?

2025eko analisia oraindik argitaratzeke dago, 2024ko datuak emango dizkizut: profil nagusia 34 eta 44 urte arteko ekintzaileena da, eta ikasketa mailari dagokionez, ertain edo altua izaten dute normalean. Ez da espero alde handirik egotea ekainean argitaratuko diren 2025eko datuetan.

Belaunaldi aldaketa erronka handia da sektore askotan. Nola eragiten ari da kooperatibetan? Gazteak erakartzeko gaitasuna duzue?

Gu enpresa kooperatibak gara, eta beste enpresek dituzten arazo berak partekatzen ditugu. Aldea da arazo horiek nola kudeatzen diren, eta kooperatiba mota bakoitzean zerk eragin duten. Nekazaritza kooperatibetan, adibidez, belaunaldi aldaketa erronka nagusietako bat da, eta gazteen edo etorkinen parte-hartzea beharrezkoa da prozesu hori bermatzeko. Kontsumo kooperatibetan, berriz, gizartearen aldaketek zuzenean eragiten dute: kontsumo ohiturak aldatzen dira, eta horrek baldintzatzen du zer eskaintzen den eta zer eskatzen den. Lan batuko kooperatibetan, berriz, talentua erakartzea eta atxikitzea da erronka nagusietako bat. 

Gazteak erakartzeko gaitasunari dagokionez, baditugu datu interesgarriak. Duela hilabete batzuk egindako inkesta batean, 800 gazteri galdetu zitzaien lanaren inguruan. Emaitzen arabera, askok egonkortasuna lehenesten dute, %70ek funtzionario izan nahi dutela baitiote. Hala ere, kooperatiben balioek badute erakartzeko indarra: gazteek zentzua eta helburua bilatzen dituzte proiektuetan, ez soilik soldata on bat. Demokrazia, parte-hartzea, justizia soziala eta berdintasuna ere baloratzen dituzte.

Teoria hori praktikara eramatea da gure erronka. Ildo horretan, iazko abenduan lehen topaketa egin genuen gazteen eta kooperatiben artean. Ehun bat lagun elkartu ziren, eta elkarrekin aztertu zuten zer den kooperatiba bat eta zerk erakartzen duen. Ondorioak positiboak izan ziren: deklaratzen denaren eta egiten denaren artean askotan tartea egon arren, kasu honetan balorazioa baikorra da. Kooperatibek badituzte gazteak erakartzeko tresnak.

Argazkia: Raul Bogajo / Foku
Argazkia: Raul Bogajo / Foku

Euskal industria une konplexuan dago: Irango gerra, muga-zergak… Nola ari dira erantzuten kooperatibak egoera horien aurrean?

Kooperatibak ere kezka handiz ari dira egoera aztertzen, gainerako enpresak bezala. Lehiakortasuna mantentzen saiatzen ari dira, beren gobernantza-ereduak ematen dizkien tresnak baliatuz. Aldi berean, eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko prozesuak lantzen ari dira. Kezka ez da soilik propioa: hornitzaileen, bezeroen eta, oro har, gizartearen egoerak ere arduratzen ditu. Egoerak okerrera eginez gero, kontsumoaren beherakada etor daiteke, eta horrek kate osoan izango luke eragina.

Eskakizunei dagokienez, neurri fiskalak eskatzen dira energia kostuen igoera arintzeko, baita ETEentzako berme-lerroak indartzea ere. Gainera, administrazioarekin kooperatibentzako neurri espezifikoak zehaztea beharrezkotzat jotzen da.

"Kooperatibetan ez dira ohikoak aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak; bestelako neurriak hartzen dira, hala nola, soldaten egokitzapena edo barne antolaketa moldatzea"

Aipatzekoa da kooperatibek badituztela berezko tresnak egoera hauei aurre egiteko. Adibidez, ez dira ohikoak aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak, bazkideekin gutxienez; horren ordez, bestelako neurriak hartzen dira, hala nola, soldaten egokitzapena edo barne antolaketa moldatzea. Horregatik esaten da kooperatibak erresilienteak direla: bazkideek duten autonomiari esker, egoerara egokitzeko gaitasuna handiagoa da. Oraingoz ez gaude egoera horretan, baina testuinguruak hala eskatuko balu, kapazak gara berriz halako moldaketak egiteko.

Patronalek ikuspegi kritikoa agertu dute absentismoaren inguruan. Partekatzen duzue kezka hori?

Ez dizut esango absentismoa ez denik kezka bat. Arazo hori ez du konpontzen kooperatiba izaerak, eta gure bazkideen artean ere badaude datu altuak kasu batzuetan. Gure kezka nagusia izango litzateke absentismoa kulturalki onartzea, hau da, arazo gisa ez ikustea. Lehenik eta behin, pertsonen arazoa da: absentismoa badago esan nahi du pertsona horiek osasunagatik-edo sufritzen ari direla. Era berean, horrek ondorioak ditu proiektuetan, kasu honetan, kooperatibetan.

Ez dugu uste gai hau normaltasunetik ulertu behar denik, ezta ardura alde batera edo bestera botaz konponduko denik ere. Elkarlanean landu beharreko gaia da. Beraz, kritikoak baino gehiago, esango nuke kezkatuta gaudela eta irtenbideak lantzeko beharra ikusten dugu.

Azkenik, labur-labur, nola definituko zenuke zer den kooperatiba bat?

Proiektu komun bat da, bere onura eta arriskuekin. Parte-hartzea ezinbestekoa duen eredua da: proiektuan sartzea borondatezkoa da, baina barruan zaudenean parte hartzea derrigorrezkoa bihurtzen da. 

Kooperatibek badituzte ezaugarri bereziak. Adibidez, deslokalizazioa ez dator bat eredu honekin. Deslokalizazioa gertatzen da kapitalak lanak baino pisu handiagoa duenean; kooperatibetan, aldiz, lana da ardatza. Bazkideak bertakoak dira, eta ez da inor etorriko esatera jarduera beste leku batera eramango dela. Horrek tokiko ekonomia indartzen du: hornitzaileak gertukoak izaten dira, sortzen den aberastasuna inguruan banatzen da, eta horrek eragin zuzena du gizartean.

Horren adibide bat da Gini indizea —desberdintasun ekonomikoa neurtzen duena—: Gipuzkoak Europako baxuenetako bat du. Horrek zerikusia du, neurri batean, kooperatiben presentziarekin. Ez da soilik kooperatiban lan egiten dutenek diru-sarrerak izatea; ingurune osoa aberasten da. Hori da, laburbilduz, kooperatiba bat.