Hazikoop kooperatibak sustatzeko elkarteak (lehen Elkar-Lan zenak) Hazikoop up! proiektu teknologikoen inkubazio eta azelerazio programaren 2026ko deialdia ireki du, 100.000 euroko aurrekontuarekin, hasierako fasean dauden eta eredu kooperatiboaren menpean hazten ari diren start-upak bultzatu asmoz.
Programa Bilboko B Accelerator Toweren (BAT) garatuko dute, eta gaur egin dute haren aurkezpena. Azeleragailuaren lehen edizioa izango da aurtengoa, eta hautagaitzak maiatzaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira. Programaren diseinuak azeleragailu teknologiko tradizionalen antzeko logikari erantzuten dio, baina eredu kooperatibora egokituta.
Mikel Larrea erakundeko presidenteak azpimarratu duenez, "aukera argia dago kooperatibismoak hazkunde handiko esparruetan presentzia izan dezan, baldin eta berrikuntza-ekosistemetan integratzeko eta profil teknologikoak dituen talentu ekintzailea erakartzeko gai bada".
Bestalde, Marta Areizaga Hazikoopeko zuzendariak nabarmendu du "helburua ekintzailetza-prozesuaren une goiztiarragoan esku hartzea” dela, eta “eta abiadura, espezializazioa eta finantzaketa-sareetarako sarbidea eskatzen duten proiektu teknologikoetara egokitutako tresnekin egitea".
Programa berria aurkezteaz gain, Hazikoopek 2025eko balantzea eskaini du. Iaz, 118 kooperatiba berri sortu ziren EAEn (65 Gipuzkoan, 40 Bizkaian eta 13 Araban), eta horiek 271 lanpostu sortu zituzten. Larrearen hitzetan, “kooperatibismoak jarduera ekonomikoari eusteko eta enplegua sortzeko duen gaitasuna, eraldaketa produktiboko testuinguru batean” eman dira datuok.
Hazikoopen jarduera ez da enpresa berriak sortzera mugatzen. Urtean zehar erakundeak 2.891 kontsultari erantzun die, kooperatiben eraketari, barne-funtzionamenduari, alderdi fiskalei edo enpresa-eraldaketako prozesuei buruzkoak.
2002an sortu zenetik, Hazikoopek 3.398 kooperatiba baino gehiago bultzatu ditu, %73tik gorako biziraupen-tasarekin.