Hazikoop EAEko kooperatibak sustatzeko sozietatea da; 2002az geroztik, eredu kooperatiboaren aldeko apustua egiten duten ekintzaileei eta enpresa-proiektuei laguntzen die, haien sorrera, sendotzea eta hazkundea bultzatuz.
Hogei urte hauetan 2.280 kooperatiba baino gehiago sortzen lagundu du sozietateak, eta horietatik %73k baino gehiagok aktibo jarraitzen dute, 8.350 enplegu baino gehiago sortuz. Ibilbide horrek aukera eman die etapa berri bati oinarri sendoarekin eta kooperatiba bideragarriak eta etorkizunekoak bultzatzeko behar den eskarmentuarekin aurre egiteko.
“Hazikoop urteetan Elkar-Lan izan denaren bilakaera naturala da. Nortasun berritua da, metatutako ibilbide hori guztia jasotzen duena, baina etorkizunari argi eta garbi begiratzen diona”, adierazi du Marta Areizaga Hazikoopen zuzendariak. Kooperatibismoari bultzada berria eman nahi diote, ekonomiaren, berrikuntza teknologikoaren, jasangarritasunaren eta inpaktu sozialaren egungo erronkekin lotuta, eredu kooperatiboa definitzen duten balioak galdu gabe.
Orain dela gutxira arte Elkar-Lan zineten, orain Hazikoop. Nola eta noiz sortzen da aldaketa hori? Zergatik?
Aldaketa hausnarketa estrategiko sakon baten ondoren sortu zen. Elkar-Lanek aintzatespen sendoa zuen, baina gure nortasuna eguneratzeko beharra sentitzen genuen, gaur egungo unea eta eraiki nahi dugun etorkizuna hobeto islatzeko.
Hazikoop irudi garaikideagoa proiektatzeko sortu zen, belaunaldi ekintzaile berriekin konektatzeko eta Euskadin kooperatibismoaren eragile gisa dugun papera indartzeko. Bilakaera bat da, ez haustura bat: kontrastatutako ibilbide batetik abiatzen gara bultzada berri bat emateko.
Zein da helburu nagusia?
Gure helburu nagusia kooperatibismoa bultzatzea da, enpresa-eredu lehiakorra, berritzailea eta benetako eragin soziala duena. Kooperatiba berriak sustatzen jarraitu nahi dugu, lehendik daudenak indartu eta talentu gaztea erakarri, bereziki Euskadiren eraldaketa ekonomiko eta sozialerako estrategikoak diren sektoreetan.
Aldi berean, Hazikoop ekintzailetza kooperatiboari laguntzeko erreferente gisa sendotzea eta euskal esperientzia gizarte-ekonomian proiektatzea bilatzen dugu.
"Kooperatiba berriak sustatzen jarraitu nahi dugu, lehendik daudenak indartu eta talentu gaztea erakarri, bereziki Euskadiren eraldaketa ekonomiko eta sozialerako estrategikoak diren sektoreetan"
Zer lan eredu mota daukazue?
Gure eredua laguntza integral eta pertsonalizatuan oinarritzen da. Ekintzaileengandik oso gertu lan egiten dugu, ideiaren hasierako fasetik proiektua finkatu arte, aholkularitza teknikoa, prestakuntza espezializatua, mentoringa eta finantzaketa-sareekiko eta ekosistemako eragileekiko konexioa uztartuta.
Gainera, bai Hazikoopen, bai Hazikoop UP!-en eskaintzen dugun laguntza guztiz doakoa da, eta horrek aukera ematen du ekintzailetza kooperatiborako sarbidea errazteko eta potentziala duten proiektuak babesteko, kostua oztopo izan gabe.
Udaberrian Hazikoop UP! hasiko da, gorabidean dauden sektoreetako proiektuen inkubagailua. Zertan datza egitasmoa?
Hazikoop UP! etapa berri honetako funtsezko proiektu estrategikoetako bat da. Ez da soilik ohiko inkubagailua, baizik eta ekintzailetza kooperatiboari laguntzeko espazio integrala, bereziki proiektu teknologikoetara eta ahalmen eraldatzaile handiko proiektuetara zuzendutakoa. Bilboko BAT dorrean egongo da, berrikuntza eta ekintzailetzaren erreferentziazko ingurunean, eta oso bokazio argiarekin sortu zen: ekintzaileen ideiak kooperatiba bideragarri eta sendo bihurtzea, kalitatezko enplegua sortzen dutelarik
Programak honako alderdi hauek barne hartzen ditu: laguntza tekniko espezializatua, proiektuaren fase bakoitzera egokitutako prestakuntza, mentoring pertsonalizatua eta ekosistemako funtsezko eragileekiko zuzeneko lotura (finantzaketa, unibertsitateak, zentro teknologikoak, klusterrak eta kooperatiba finkatuak), betiere ikuspegi praktikoarekin eta epe luzerako iraunkortasunean oinarrituta.
Osasuna eta biomedikuntza, nekazaritza-industria, digitalizazioa, ekonomia zirkularra edo inpaktu sozialeko zerbitzuei buruzko ekimenak ditugu jomugan, berrikuntzak, benetako beharrek eta balio kooperatiboek bat egiten duten sektoreetan, hain zuzen ere. Gainera, Hazikoop UP! proiektuak gune erakargarria izan nahi du talentu gaztearentzat eta enpresa eredu parte-hartzailea eta konprometitua oinarri hartuta ekitea bilatzen duten pertsonentzat.
"Kooperatibismoa erresilientziarako, egokitzapenerako eta berrikuntzarako gaitasun handia erakusten ari da, bereziki aldaketa teknologikoko eta trantsizio ekologikoko testuinguruetan"
Eraldaketa ekonomiko eta sozial sakoneko une baten gaude. Beraz, zein da sektorearen egoera egun?
Ziurgabetasuna dago, baina baita aukera asko ere. Kooperatibismoa erresilientziarako, egokitzapenerako eta berrikuntzarako gaitasun handia erakusten ari da, bereziki aldaketa teknologikoko eta trantsizio ekologikoko testuinguruetan. Gero eta jende gehiagok bilatzen ditu errentagarritasuna eta balioak uztartzen dituen enpresa eredua, eta kooperatibismoak oso erantzun sendoa ematen dio eskaera horri.
Zeintzuk dira zuen erronka nagusiak?
Kooperatibismoa talentu gaztearekin eta hazten ari diren sektoreekin lotzea da erronka nagusietako bat, ereduaren funtsa galdu gabe. Funtsezkoa da, halaber, finantzaketarako sarbidea erraztea, hazkunde-prozesuei laguntzea eta kooperatiben profesionalizazioa indartzea. Azken batean, erronka eboluzionatzen eta hazten jarraitzea da, gero eta ingurune zorrotzago eta aldakorrago batean.
Nola deskribatuko zenuke ekonomia berria? Gaur egun, zer negozio-ideiek funtzionatzen dute gehiago?
Ekonomia berria digitalagoa da, baina, aldi berean, iraunkorragoa eta pertsonengan zentratuagoa. Bereziki ondo funtzionatzen ari dira benetako beharrei erantzuten dieten proiektuak, hala nola zaintzari, osasunari, elikadura iraunkorrari, inpaktu soziala duen teknologiari edo trantsizio ekologikoari lotutakoak. Ekimen horietan lankidetza, berrikuntza eta helburua ez dira balio erantsi bat, proiektuaren muina baizik, eta hor eredu kooperatiboak indar handia du.