• ENPRESAK GAUR
  • 618 milioi euroko negozio zifra eta 394 milioi euroko zorra du Talgok

618 milioi euroko negozio zifra eta 394 milioi euroko zorra du Talgok

100 milioi euroren galerak izan ditu tren konpainiak azken ekitaldian. Iazko emaitza %6,7 hobetu du

Argazkia: Talgo
Argazkia: Talgo
2026eko otsailaren 27a - 18:14

2025eko udazkenean, Sidenor buru duen partzuergoak Talgo erosi eta bere zorrari aurre egitea erabaki zuenetik, tren fabrikatzaileak etapa berri bati ekin dio. Bada, etapa berri hori hasi aurretiko emaitzak eman dituzte gaur argitzera: 2025ean 618 milioi euroko negozio zifra izan du Talgok.

 

394 milioi euroko zorra du tren konpainiak egun, eta horrek erabat baldintzatu bere azken ekitaldia. Hala, 100 milioi euroren galerak izan ditu, iazko emaitza %6,7 hobetuz (107,9 milioi galdu zituen 2024ko ekitaldian).

2025aren amaieran, akziodun berriak sartzearekin batera, Talgok bere ondare-egoera eta finantza-ahalmena indartu duela azaldu du. Horrela, konpainia behar adina baliabidez hornitu da hurrengo urteetarako aurreikusten diren inbertsioak egiteko eta proiektuen zorroari behar bezala aurre egiteko.

 

Horrekin batera, pasa den abenduan finantzazio egitura berria ezarri zuen tren fabrikatzaileak, eta 45 milioi euroko kapital handitzea egin zuen SEPIren bitartez.

Eskari zorro "egonkorra"

Talgok azaldu duenez, bere eskari zorroaren balioa 4.446 milioi eurokoa izan zen iaz, eta 2026an 6.000 milioi eurora gerturatzea aurreikusten du, Saudi Arabian erdietsi berri duen kontratua dela eta.

Europa eta Ekialde Ertaina ditu Talgok merkatu estrategikotzat, eta uste du etorkizunean aukera izango duela kontratu gehiago ixteko zonalde horietan, baita Afrika iparraldean ere. Halaber, tren konpainiak azaldu du kontratu berri horietako asko lehenagotik sinatutako kontratuen luzapenak izango direla, eta horri esker, eraginkorragoak izango direla ekoizpen aldetik.

Aipatutako Saudi Arabiako kontratuaz gain, Flixtrain konpainiarekin akordioa itxi du 65 tren egiteko, 2.400 milioi euroren truke. Europa osorako trenak izango dira eta mantenuaz ere arduratuko da Talgo.

2026ra begira

Aurten industria jarduera areagotzea espero du euskal enpresak eta diru-sarreretan 750 milioi euro erdiestea. Kontratu berriei esker, Ebitdaren marjina %8koa izatea espero du.

Gauzak horrela, hurrengo urteetan 7.900 euroren balioa duten proiektuak egitea aurreikusten du. Europan egingo ditu proiektu guztien %60. Horretarako,  200 bat langile berri kontratatzeko asmoa du.