Talgok 20 tren egingo ditu Saudi Arabiarako

1.332 milioi euroko kontratua da hitzartutakoa

Argazkia: Talgo
Argazkia: Talgo
2026eko otsailaren 9a - 09:56

Talgok kontratu berri bat lortu du Saudi Arabiako Meka, Medina eta Yeda hiriak lotzen dituen Haramain linearako abiadura handiko 20 tren fabrikatu eta mantentzeko. Esleipena Saudi Arabiako Garraio, Logistika eta Finantza ministerioek egin dute, Saudi Spanish Train Project Company trenbidearen proiektuaren arduradunaren bitartez; konpainiak Jainaga buru izanik lortu duen lehen kontratua da.

 

Eskaera horri esker, 1.332 milioi euro gehiago izango ditu konpainiak, eta 6.000 milioi euro inguruko bolumena izango du bere karterak. Ekoitzi beharko dituen tren berriak 2018an hornitutako eta gaur egun Saudi Arabia Railwaysek operatutako linea horretan zerbitzuan dauden 35 trenei gehituko zaizkie.

Unitate berri bakoitzak lehendik dagoen flotaren antzeko egitura izango du: bi lokomotor eta 13 kotxe izango ditu, 417 plazako edukiera eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokitutako espazioak. Trenak orduko 300 kilometroko abiadura komertzial maximorako eta muturreko baldintza klimatikoetan lan egiteko diseinatuta daude.

 

Fabrikazioaz gain, Haramain proiektuaren II. Faseko mantentze-lanen akordioa zabaldu du kontratuak. Talgo arduratuko da flota osoaren (55 tren) mantentze-lanez, 2033ra arte, zerbitzua 2038ra arte luzatzeko aukerarekin. 450 kilometroko linea horrek 100 zerbitzu baino gehiago ditu egunean, eta kopuru hori nabarmen handitzen da urteko erromesaldian.