Urteko lehenengo hiruhilekoan %2,1eko gorakada izan du CIE Automotivek mozkin garbietan, alegia, 96 milioi euro lortu ditu. Salmentetan ere %3,85eko hazkundea izan du konpainiak, 1.052 milioi eurora iritsita. Gauzak horrela, lehen aldiz 200 milioi euroko hiruhileko Ebitda gainditu du enpresak. Hala jakinarazi dio gaur industria taldeak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari, hain justu, Bilbon Akziodunen Batzar Nagusiari hasiera eman baino lehen.
Zenbatekoei erreparatuta, konpainiak adierazi du urtea “posizio indartsu” batetik abiatu duela, eta nabarmendu du azken urteetan garatutako eredu industriala “egonkorra eta hazkunde errentagarria sortzeko kapaza” dela. 2026-2027 urteetarako bide-orri “oso argia” du enpresak: “merkatua baino gehiago haztea, bikaintasun operatiboari eustea eta posizio finantzarioa indartzen jarraitzea”.