• ENPRESAK GAUR
  • Medikuek greba mugagabea egingo dute irailetik, greba batzordeak esan duenez

Medikuek greba mugagabea egingo dute irailetik, greba batzordeak esan duenez

Estatutu propioa defendatzeko aldarriari eutsiko diote, formatua eta hasiera data zehaztu gabe badago ere

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko ekainaren 15a - 11:11
Eg. 2026ko ekainaren 15a - 14:53

Irailetik aurrera medikuek greba orokorra abiatuko dute. Erabakia "hartuta" dagoela adierazi du gaur Madrilen eginiko elkarretaratzean Rafael Ojeda SMA sindikatuaren bozeramaileak, nahiz eta ez duen hasiera datarik iragarri. "Irailean zehaztuko dugu greba mugagabeak zer formatu izango duen eta kolektiboaren aldarrikapenei eusteko zeintzuk neurri hartuko diren". Iragarpena ekaineko greba asteko lehen egunean egin dute, otsailetik egin duten bosgarren lanuzte astean. 

 

Espainiako Osasun ministerioak langile soziosanitario guztientzako aurkezturiko estatutu markoarekin ez datoz bat grebara joan diren mediku eta sindikatuek. Estatutu propioa aldarrikatzen dute haiek. Akordio falta, bereziki, guardia orduen, guardien ordainketaren, lan jardunen eta kategoria profesionalaren esparruetan dago.

Ojedaren adierazpenetatik ulertu daiteke astebeteko greba formatu hori, momentuz, eten egingo dela udan, datozen egunetan besterik igartzen ez bada, eta irailean iragarriko dela nola egingo den hortik aurrera. Baina SMN Nafarroako Sindikatu Medikoak joan den astean iragarri zuenez, uztailean arratsaldetan lanuzteak egingo dituzte Osasunbideako medikuek, "haserrea eta ezinegona" tarteko.  "Greba autonomikoa" izango da, alegia, Espaniako Estatuan deituko diren balizko beste lanuzteetara ere batuko lirateke.

 

EAEren kasuan, udarako ez dute greba berririk iragarri medikuek. Aitzitik, EAEko medikuen plataformaren eta MUD Beren Eskubideen Alde Batutako Medikuak elkarteko ordezkariek joan den astean dagoeneko aurreratu zuten negoziazioek aurrera egin ezean "greba mugagabea" bihur zitekeela. Orduan, gainera, Espainiako Ministerioari ez ezik, Eusko Jaurlaritzari ere egin zioten erreferentzia lehen aldiz. "Gure eskaera nagusiak hemen konpondu daitezke, eta hemen konpondu behar dira. Haiek badakite", adierazi zuten.

Hain zuzen ere, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo Radio Euskadin eginiko adierazpenetan, onartu zuen hala dela, hainbat gai haien esku daudela, horretarako bilerak egiten ari direla, eta Osakidetza negoziazio mahaiak zabaltzeko prest dagoela, egoera “arintzeko”. Hala ere, aitortu zuen guardien eredua ezin dela “egun batetik bestera” aldatu. Hala ere, dei egin dio Espainiako Ministerioari medikuak entzun ditzan Estatutu Markoari dagokionez.