Abian, gurpil-ohol artisauak modu jasangarrian

Eskuz egindako egurrezko skateak diseinatzen ditu Abian Skateboardsek, hala nola surfboard, longboard edo minilongak

Arri Altuna eta Jose Inazio Andreano bikoteak sortu zuen enpresa, eta Getarian dute tailerra | Argazkia: Abian Arri Altuna eta Jose Inazio Andreano bikoteak sortu zuen enpresa, eta Getarian dute tailerra | Argazkia: Abian

%100 jasangarriak eta artisau-lanean ondutako era askotariko gurpil-oholak egiten dituzte Arri Altuna eta Jose Inazio Andreano bikoteak euren Getariako tailerrean. Surfarekiko zuten maitasuna zela eta, hasiera batean itsasoko surf taulak egiten zituzten. “Nire senarrak beretzat eta bere ezagunentzat egiten zituen”, dio Altunak. Pawlonia egurrarekin lantzen zituzten surf taula hauek, baina zaletasun bat besterik ez zen eurentzat.

Duela sei bat urte, ordea, euren inguruko zenbait ezagun hasi zitzaizkien eskatzen longboard eta antzeko gurpil-oholak egin zitzaten. Nolabaiteko ikerketa egin ondoren, euren skate propioak diseinatzen hasi ziren. “Hasi ginen eta jendeari gustatu zitzaizkion gure skateak. Esaten zuten oso politak zirela, baita ondo ibili ere, eta erabaki genuen produktu berri horrekin ekitea. Gaur egun, gure jardunaren %95 skateboardak dira, eta surfeko taulak enkarguz egiten ditugu soilik”, azaldu du proiektuaren sortzaileak.

Arri Altuna: "Gaur egun, gure jardunaren %95 skateboardak dira eta surfeko taulak enkarguz egiten ditugu soilik”

Mota guztietako skateboardak egiten dituzte: Ohikoenak edo klasikotzat jotzen direnak (cruiserrak), surfskateak, longboardak eta minilongak besteak beste. Altunaren arabera, egun modan dagoena eta gehien saltzen dena surfskatea da. “Surfaren mugimenduak simulatzen dituen ardatz mota bat du. Hasieran, surflariek erosten zuten olatuak ez zeudenean entrenatzeko edo surf eskolek ikasleei erakusteko, baina egun edonork erosten du”. Gurpil-ohol mota honekin gorputzaren bidez hartzen da inertzia eta ez da hankekin indarrik egin behar.

Minilonga longboardaren bertsio txikiago bat da eta Altunaren hitzetan, hiriburuan mugitzeko tresna bikaina da, oso arina eta dibertigarria. Longboardak berriz, 60 eta 70 arteko hazbetekoak egiten dituzte, eta orain arte ardatz finkoarekin egin arren, surfskaten ardatzarekin ere egiten hasi dira.

Abian Pro sistema

Abian Skateboardsen produktuak erabat jasangarriak dira. Lixa urratzaileak erabili ordez, silizezko hondarrarekin egindako lixa natural bat baliatzen dute gurpil-oholak taxutzeko. Kola eta berniza ureztatuak dira eta erosten dituzten egur guztiek ziurtagiria daukate, baso jasangarrietatik baitatoz. “Produktu esklusibo bat dugu, eskuz egindakoa eta %100 iraunkorra”. Ardatzak Txinatik ekarri arren —Technic izenekoak—, ingurugiroarekiko inpaktua minimizatzeko saiakeran euren ardatz propioa garatzen aritu dira eta Abian Pro sistema da horren emaitza.

27 enero (1) (1)
Abian Skateboardsen produktuak erabat jasangarriak dira | Argazkia: Abian

Hain justu, merkatuan dauden ardatz ugari probatu eta bakoitzetik ideia bat hartuta garatutako sistema da. “Gure skaten ardatza erregulagarria da. Kontrol numerikoan eginda daude piezak banan-banan eta kalitate handiko malgukiak dituzte. Orain arte behintzat ez zaigu bat ere hautsi”. Halaber, Abian Pro sistema duten ardatzekin lanean aritu arren, Txinatik ekarritako Technic ardatza ez dute baztertu. Izan ere, Altunaren hitzetan, Technic eskatzen duten bezeroak badituzte oraindik.

Arri Altuna: “Gure skaten ardatza erregulagarria da. Kontrol numerikoan eginda daude piezak banan-banan eta kalitate handiko malgukiak dituzte. Orain arte behintzat ez zaigu bat ere hautsi”

Egurrari dagokionez, urkia erabiltzen dute gehienbat eta Euskal Herrian aurkitu daitekeen arren, Finlandia eta Estoniatik ekarri behar izaten dute tamaina dela eta. “26 zentimetroko zabalera behar izaten dugu gutxienez”. Urkiaz gain, Abianen skateboard bat eskuetan izanez gero, goialdean hainbat egur mota dituztela ohar daiteke bat, dekorazioa deitzen diote horri, goiko azalerako azken kapa hainbat egurrekin egindako konposaketa baita.

Egurrarekin lan egiten jarraitzeko desira

Getariko tailerrean erakusketa txiki bat dute eta bertan bezeroak gurpil-oholak probatzeko parada du. “Erosi aurretik probatzeko produktu bat da gurea, sentsazioak ezagutzeko”. Web-orritik ere saltzen dute, baina gehien bat azoketan aritzen dira. “Aukera bikaina dugu azoketan, artisauak izanik, artisau azoka askotara joatea daukagu eta surfeko produktuak eginda, surf txapelketa eta festibaletara ere bai”.

Dena den, orain arte bezeroarengana joan baino, haiek etorri dira eurengana gehiago, Altunak dioenez. Soldatapean beste bi lankide izanda ere, gutxi dira eta orain arte euren beste ogibideekin uztartu dute jarduna. Orain, ordea, hasi dira nolabaiteko lanketa baten bidez dendetara iristeko bidea egiten eta Alemanian ere pertsona bat kontratatu dute euren marka zabaldu ahal izateko. “UP Surfboardsen bidez hasiko gara saltzen, eta Decathlon ere jarri da gurekin harremanetan”.

Arri Altuna: “Hobby bezala hasi genuen jarduera eta orain honetaz bizi nahi dugu. Dena den, konturatu gara enpresa txiki bat sortzean denetatik jakin behar duzula"

Dena den, azoketako presentziari ere eutsi nahi diote. Udaran esaterako, ekainaren 23tik abuztuaren 8ra arte Donostiako Alderdi Ederren izango dira. “Turista ugari egoten dira orduan, eta guk batez ere haiei saltzen diegu”, nabarmendu du. Gainera, Altunaren iritziz, hemengoek baino gehiago baloratzen dute atzerritarrek eskuz egindako produktuak eta azokan erostearen ideia ere askoz barneratuagoa dute. “Kalean saltzeagatik soilik merkeago saldu behar dugula uste dute askok”.

Iaz 495 skate salduta, aurten gehiago salduko dutela ziur dira, urtetik urtera enpresaren salmentak areagotzen joan baitira. Proiektuaren hazkundeari buruz galdetuta, egurrarekin berrikuntzak egiten segitu nahi dutela esan du. “Hobby bezala hasi genuen jarduera eta orain honetaz bizi nahi dugu. Dena den, konturatu gara enpresa txiki bat sortzean denetatik jakin behar duzula: zenbakiez, produktuaz, merkatuaz, saltzeaz, etab. Tailerrean lanean biok lasai bizi ahal izatea nahiko genuke; ez dugu helburu harrapaezin bat bilatzen”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK