• ENPRESAK GAUR
  • Addimatek AM-Europerekin eta fabrikazio gehigarriaren aldeko manifestuarekin bat egin du

Addimatek AM-Europerekin eta fabrikazio gehigarriaren aldeko manifestuarekin bat egin du

Europa mailan fabrikazio gehigarria sustatzeko inbertsioa, talentua eta lankidetza planteatzen ditu manifestuak

Virgilio García Cecimoko presidentea | Argazkia: Addimat
Virgilio García Cecimoko presidentea | Argazkia: Addimat
2025eko uztailaren 4a - 13:59

AM-Europe izeneko CECIMOren plataforma berrira gehitu da Addimat, Fabrikazio Gehigarriko eta 3Dko Teknologien Espainiako Elkartea. CECIMO Fabrikazio Teknologien Europako Elkartea da, zeinak europa mailako fabrikazio gehigarriaren sektoreko elkarte nazional nagusiak biltzen dituen.

 

AM-Europe plataforma berriak ahotsa eman nahi dio, hain zuzen, Europako fabrikazio gehigarriaren sektoreari, modu koordinatuan alor horretako erakundeek azken urteetan egin dituzten ahaleginak sustatuta. Addimatek adierazi du guztiz bat egiten duela plataformaren helburuekin, eta elkarlanerako konpromisoa berretsi du. Plataformaz gain, manifestu bat ere aurkeztu dute, non ibilbide orri estrategikoa garatu duten Europa fabrikazio gehigarriko mundu mailako lider bilakatzeko helburuarekin.

Gipuzkoan sortu zen Addimaten esanetan, fabrikazio gehigarria “industria-erresilientziaren, trantsizio berde eta digitalaren, zein Europako enpresen lehiakortasunaren motorra da”. Hala ere, sektorea eskala handian (Europa mailan) ezartzeko erronka askori egin behar zaie aurre, “inbertsio, talentu espezializatu eta lankidetza publiko-pribatu gehiago behar baitu”.

 

Hain zuzen, manifestua eta plataformaren bitartez Europa mailan modu koordinatuan lan egiteko konpromisoa berretsi nahi izan du sektoreak. Eman beharreko aurrerapausoen artean, erakunde europar publiko-pribatu baten beharra azpimarratu dute, baita fabrikazio gehigarriari garrantzia handiagoa ematea ere, “teknologia baliagarria baita industriaren erresilientziarako eta ezustekoei aurre egiteko, ekoizteko malgua eta azkarra delako”.