Alokairuko etxebizitza turistikoak iragartzen dituen Airbnb plataforma ezagunari isuna ezarri dio Espainiako Kontsumo Ministerioak, 64,05 milioi eurokoa, hain zuzen ere. Arrazoiak bat baino gehiago diren arren, argiena honakoa: lizentziarik gabeko etxebizitzak iragarri izana.
Ondorioz, iragarki horiek ezabatzeaz gain, plataformak ministerioak ezarritako isuna publikoki argitaratu beharko du, egindako akatsa aitortuz. Izan ere, ez dira gutxi araudia betetzen ez zituzten iragarkiak: 65.122 arau-hauste identifikatu dira. Pablo Bustinduy buru duen ministerioak ezarritako isunak sei aldiz biderkatzen du iragarkiak argitaratuta izandako epean plataformak lortutako etekina.
Bestalde, Airbnb-ri leporatu zaio maizterrei buruzko informazioa ezkutatu izana, baita Kontsumok ezarritako behin-behineko neurrien aurka egin izana ere. Isunaren harira, kontsumitzaileen eskubideak babestuko dituztela gogorarazi du Bustinduyk, “gehiegikeriazko edo iruzurreko jardueretan inplikatutako enpresak zein handiak edo boteretsuak diren axola gabe”. Kontsumo ministerioak inoiz ezarritako bigarren zigorrik handiena izan da, Ryanairri eskuko ekipajearengatik errekargua kobratzeagatik jarritako 108 milioi euroko isunaren atzetik.