• ENPRESAK GAUR
  • Akordiorik gabe amaitu da Tubos Reunidosen enplegu erregulazio espedientearen negoziazioa

Akordiorik gabe amaitu da Tubos Reunidosen enplegu erregulazio espedientearen negoziazioa

Enpresaren azken proposamena ez onartzea erabaki dute LAB, ELA, ESK eta UGTk

Argazkia: David de Haro / Europa Press
Argazkia: David de Haro / Europa Press
2026eko martxoaren 13a - 14:35

Tubos Reunidos enpresak abiatutako lan erregulazio espedientearen kontsulta aldia akordiorik gabe amaitu da. Konpainiak azken eskaintza bat aurkeztu du, baina gaurkoan ere ez dira adostasun batera ailegatu Amurrioko lantegian eta sindikatuek ez dituzte kaleratzeak onartu.

 

Orain hilabete pasatxo jakinarazi zuen Tubos Reunidosek 301 behargin kaleratzeko asmoa zuela, eta zuzendaritzak hainbat eskaintza egin baditu ere, langileek ez dute bat bera ere onartu. Gaur eginiko azken eskaintzan zuzendaritzak kaleratze adostuak eta erretiro batzuk aurreratzea proposatu dizkie Amurrioko lantegiko beharginei.

Proposamen hau ez da bozkatu ere egin, izan ere, LAB, ELA eta ESK sindikatuek kaleratzeak ez dituztela onartuko azaldu dute eta amaitutzat eman dute kontsulta aldia. UGTk ere ez ditu kaleratzeak onetsi eta ondorioz akordiorik ez dute lortu.

 

Akordiorik gabe langileek legeak ezartzen dituen kalte ordainak jasoko dituzte, eta sindikatuek auzitara eramango dute enplegu erregulazio espedientea.

Trapagarango lantegian 27 kaleratze aurreikusten dira, eta Amurrion, berriz, 274. Ostegun honetan bozkatu zuten Trapagaranen eta langileen %95,07k akordioa sinatzearen alde egin zuen.

Enpresaren zuzendaritzak ohar bidez jakinarazi duenez, negoziazio batzordeak uko egin dio 1.000 langileren jarduera eta enplegua babestuko lukeen akordioa onartzeari. Kaleratze guztiak borondatezkoak izatea eskaini duela gogoratu du. Hala, Tubos Reunisosek lan erregulazio espedientea gauzatuko du, hitzartutako baldintzarik gabe.