Akziodunen batzarrak babes zabala eman dio Sanchez Galani Iberdrolako presidente izaten jarraitzeko

Bere hautagaitza onartzeaz gain, %98ko babesa izan du konpainiaren iazko kudeaketak. Galanek nabarmendu du konpainia "indartsu, jasangarri eta dibertsifikatua" dela egun Iberdrola

2027ra arte jarraituko du karguan Sanchez Galanek | Argazkia: Iberdrola 2027ra arte jarraituko du karguan Sanchez Galanek | Argazkia: Iberdrola

Ezustekorik gabe egin du Iberdrolak bere urteroko akziodunen batzar nagusia. Parte-hartze quorumaren % 72arekin, akziodunen batzarrak %98ko babesarekin onartu ditu gai-zerrendako puntu guztiak. Hasteko, konpainiaren kudeaketa bera. 2022 "errekorren urtea" izan zen Iberdrolarentzat Galanek gogorarazi duenez, inbertsioei, emaitzei eta beste hainbat alderdiri dagokionez. Une honetan, 76.000 milioi euro burtsa-kapitalizazioa du Iberdrolak, eta Europako lehen enpresa elektrikoa izateaz gain, mundu mailako bi handienetarikoa izatera ere igaro da —duela bi hamarkada 20.ena zen—. Gainera, 20 urtean akzioak 3,5euroko balioa izatetik 12 eurokoa izatera igaro dira. Galanen ustez, "bi hamarkadatan landuriko estrategiak" ahalbidetu du bide hori, eta konpainia "indartsu, jasangarri eta dibertsifikatua" da egun Iberdrola.

Gai-zerrendako beste puntu garrantzitsua izan da Ignacio Sanchez Galan presidente izaten jarraitzeko bozketa. Bide beretik, akziodunek onartu egin dute berrautaketa, eta 2027ra arte izango da karguan. 2001etik darama taldearen lehendakaritzan Galanek. Urte horretan iritsi zen Ibedrolara lehendakariorde exekutibo eta kontseilari nagusi gisa, eta 2006an izendatu zuten presidente.

Hala ere, Sanchez Galanek orain arte izandako presidente exekutibo eta kontseilari nagusi karguak bitan banatuko dira. Presidenteak alboan izango du Armando Martínez, Iberdrolako kontseilari nagusi berria. Galanen hitzetan, bereizketa hori ez da "iraultza", "jarraipena" baizik, "planifikatutakoa" baita. 

Era berean, María Helena Antolín Antolin taldeko lehendakari ordeak kanpo-aholkulari izaten jarraituko du, eta Manuel Moreu Seaplace S.L.ko presidente eta Tubacexeko presidenteordea, Sara de la Rica ekonomia katedraduna eta Xabier Sagredo BBKko presidente exekutiboa aholkulari independente izango dira berriro ere, batzarrak hala bozkatuta. Administrazio kontseiluak 14 kide izango ditu.

Bonu estrategikoa eta dibidendoak

Akziodunen batzarrak ordainsari eta dibidendoei loturiko bozketak ere egin ditu. Batetik, onartu egin du akzio bakoitzeko 0,49 euroko ordainsaria izatea, alegia, urtebete lehenago banatutakoa baino %10 handiagoa. Bestetik, kapital sozialaren %70eko eratze quoruma baino gehiago lortu denez —%72koa izan da—, parte-hartzeari loturiko dibidendoa ere onartu dute, 0,005 euro gordin akzioko (euro bana 200 akzio bakoitzeko).

Bestalde, bonu estrategiko bat abiaraziko du energiaren erraldoiak 2023-2025 eperako, taldeko 300 goi-kargurentzat, akzioetan banatuko direnak. Guztira 14 milioi akzio izango dira, eta 2,5 milioi aholkulari exekutiboentzat izango da, betiere karguan jarraitzen badute bonusa likidatzeko unean. Horiek parametro operatibo, finantzario eta erantzukizun sozial korporatiboei loturik izango dira. 

EAEn eragina

Akziodunen batzarraren atarian aurkeztu zituen Iberdrolak EAEn duten eraginari buruzko datuak. 1.830 langile ditu bertan, eta lurraldeko 600 hornitzaileri egiten dizkie erosketak, 1.700 milioi euro baino gehiagoan.

Eraginari erreparatuta, 2.700 milioiko eragin sozioekonomikoa izan zuen iaz, 2021ean baino %30 gehiago. Horrekin batera, Iberdrolak 400 milioi euroko zerga ekarpena egin zuen, EAEko BPGren %2ren baliokidea. Zifra horrek gora egin dezake aurten konpainia elektrikoen gaineko zerga mantendu egiten bada. Era berean, 241 milioi euro inbertitu zituen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa artean

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK