Zaila da Argentinan proiektu bati, bakarka, ekitea. Zaila da aurreikustea zeintzuk izango diren baldintza ekonomikoak, politikoak eta sozialak. Hego Amerikako herrialde honetan inflazioa eta ezegonkortasuna izaten dira konstante bakarrak —behintzat azken hamarkada hauetan—. Hau guztia jakinda, 2007. urtean, Marcelo Echechipiak Alimentaria Donosti enpresa sortu eta bizkotxo-fabrika bat erosi zuen. Hogei urte beranduago, esan liteke Bay Biscuit marka ikonikoa berreskuratzea eta finkatzea lortu duela enpresaburuak.
Gaur egun, Ignacio Echechipia, Marceloren semea, dabil lanean fabrikan plantako eta operazioetako gerente gisara. Azaldu duenez, bera eta bere aita dira, momentu honetan, Alimentaria Donostin lan egiten duten Echechipia familiako kide bakarrak. Hala ere, guztira 28 pertsona daude lanean enpresan. “Kontuan hartu behar da 28 familia bizi direla gure enpresari esker. Horrek esanahi erraldoia du guretzat”, adierazi du gerenteak.
Alimentaria Donosti enpresaren historiari errepasoa egin baino lehenago, jakin behar da Bay Biscuit zer den. Galleta goxo hau XIX. mendean sortu zen Genovan, Italian, eta Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuen. Kondairaren arabera, eskoziar batek probatu zuen Brasilen —Salvador de la Bahía hirian, zehazki— eta berehala jarri zion izena: Bay Biscuit (ingelesez, badiako bizkotxoa).
Hortik aurrera, behintzat Hego Amerikan, bizkotxoa izen berri horren pean masifikatu zen, eta hainbat belaunaldi hazi ziren Bay Biscuit galletak janez. “Belaunaldi askorentzat, galleta hau da haurtzaroko galleta, amonarekin partekatzen zutena”, kontatu du Echechipiak.
Ignacio Echechipia: “Kontuan hartu behar da 28 familia bizi direla gure enpresari esker. Horrek esanahi erraldoia du guretzat”
Hala ere, mende bateko tradizioaren ondoren, 2000. urtean, Bay Biscuit markako bizkotxoaren produkzioa eten egin zuten. Arrazoia markaren izena bera da: biscuit berbak, frantsesez, “bi aldiz labean eginda” esan nahi du. Bizkotxoa ekoizteko prozesua luzea denez —labekatu, gero hotzetan utzi eta ondoren berriro ere labekatu behar da—, Kraft multinazionalak utzi egin zion produzitzeari.
Elikagaigintzan eskarmentu handia zeukan Marcelo Echechipiak erabaki zuen bizkotxoa berreskuratzea 2007. urtean, baina, berez, Bay Biscuit marka, 2012. urtean berrartu zuen. Azken 14 urte hauetan, Alimentaria Donosti dezente hazi da, eta Bay Biscuit komertzializatzen du “merkataritza kate nagusi guztietan”.

Euskal ukitua
Echechipia familiak Euskal Herriko hainbat txokotan ditu sustraiak. Lucio Echechipiak, Marceloren aitaren aldeko aitona, Getzetik (Nafarroa) migratu zuen Buenos Airesera. Hiriko erdigunean kafe-etxe bat jarri zuen. Ignacio ziur da bere birraitonak ere saltzen zuela Bay Biscuit bere dendan: “Garai hartan, tipikoa zen arratsaldeetan Bay Biscuit jatea”.
Marceloren amonak ere Nafarroatik alde egin zuen Argentinara. Almandoz herritik gertu dagoen Etxotoa baserrian jaio zen María Subizar, eta Argentinan ezagutu zuen gerora bere senar bihurtuko zen Lucio Echechipia.
Hori gutxi balitz, Marceloren amaren aldeko aitonak ere Euskal Herritik emigratu zuen Buenos Airesera. Angel Linazasoro Pasai Antxokoa zen, eta gerra batean parte hartu ostean, Argentinara bidaiatu zuen.
"Oso argentinarra da (Marcelo), baina Euskal Herria Argentinaren parean jartzen du, beti izan da kultura horren mireslea”
Askotan gertatzen den legez, Marceloren lagunek “El Vasco” deitzen diote. “Euskal Herriarekin zerikusia duen guztiarekiko zaletasuna dauka, kultura izugarri gustatzen zaio”, arrazoitu du Ignaciok, eta gehitu du: “Oso argentinarra da, baina Euskal Herria Argentinaren parean jartzen du, beti izan da kultura horren mireslea”.
Ez da harritzekoa, beraz, berak sortutako enpresaren izena: Alimentaria Donosti. Halaxe izendatu zuen bere sustraien eta bere arbasoen kulturaren omenez.

Alimentaria Donosti gaur egun
Fabrika bat aurrera eramateak mota askotako erronkak ditu, Ignacioren hitzetan: “Asko ikasten ari gara, pentsa zer den produkzio-lerro bat: makinaz beteta dago, pertsona askok egiten dute lan, eta guretzat eguneroko konplexutasun asko daude, lan handia eskatzen dutenak”.
Hala ere, inflazioa ez da gaur egun erronkarik nagusiena: “Esango nuke ez dela arazorik handienetakoa, nahiz eta hilabetean %2 edo %3 izan; %15eko inflazioa izatera ohituta geunden orain dela hiru urte”.
Javier Mileiren politika ekonomikoei dagokienez, Echechipiak azaldu du: “Argentinak inportazioak ireki zituen, eta, horren ondorioz, fabrika eta enpresa asko itxi egin dira, hau da, langabeziak gora egin du, jendeak diru-sarrera gutxiago ditu, eta kalean diru gutxiago dago”.
“2025ean, 2023. urtearekin alderatuta, galleten eta okinduen kontsumoa %40 jaitsi zen, supermerkatuetan irinaren salmenta maila historikoetara iritsi zen aldi berean; horrek esan nahi du klase ertaineko jendeak galletatxoak erosteari utzi diola eta zuzenean irina erosi eta bere ogia egin duela”, gehitu du.
“Argentinak inportazioak ireki zituen, eta, horren ondorioz, fabrika eta enpresa asko itxi egin dira, hau da, langabeziak gora egin du, jendeak diru-sarrera gutxiago ditu, eta kalean diru gutxiago dago”
Hala ere, inportazioek alde onak ere badituztela uste du enpresaren arduradunak. Elikagaigintzan, zehazki, ez da ohikoa produktuak inportatzea. Zentzu horretan, Alimentaria Donostik ez du arazorik izan momentura arte.
Izan ere, enpresarentzat inportazioen irekiera albiste ona izan da. Echechipiak dosifikazio-makina baten adibidea ekarri du: “Argentinan, makina horrek 30.000 dolar balio ditu, eta 30 urteko teknologia du; Txinatik ekarrita, ordea, 5.000 dolar balio ditu”.
Horren ondorioz, enpresa “eraginkorragoa” bihurtzen da: “Merkeago ekoitz dezaket nire produktua, diru gehiago lor dezaket eta produktu berriak eta gehiago hazteko aukera daukat”.
Lehen, enpresa nagusiek soilik zeukaten teknologia berriak erosteko aukera. Gaur egun, Alimentaria Donosti bezalako enpresa ertainek ere badaukate aukera hori, eta horrek lehiakorrago bihurtzen ditu. Horrez gain, inportazioen irekierak enpresa handien monopolioa eragozten du. Prezio altuegiak jarriz gero, produktu merkeagoak helduko dira kanpotik. “Elikagaigintzan, protekzionismoak enpresa handiak babesten ditu, haiek nahi duten prezioak jartzea ahalbidetzen duelako”, uste du gerenteak.
Inportazioen irekieraren inguruko eztabaida “handia eta luzea” dela ondorioztatu du Echechipiak, eta momentuz, alde onei begiratzea erabaki du.