Amatiño: "Komunikatzaileek, zirti-zartako kinkan, nekez lehenetsiko dute euskara"

"Lana, lan-urteak eta lan-orduak" bere bizitzan izan duten garrantzia nabarmendu du kazetaritza eta komunikazio adituak

Argazkia: utzitakoa Argazkia: utzitakoa

Jubilazioa hartu berri du Luis Aranberri Amatiñok. Komunikazioak, eta bereziki euskarazko komunikazioak bizi izan duen aldaketen eta erronken lekuko zuzena izan da. Tira, lekuko baino, protagonista hitza da egokiagoa seguru asko. Zeruko Argian lehen pausoak emanda, EITBren sorreran parte hartu eta aurkezle zein zuzendari lanetan trebatu zen. Deian ere erredaktore eta zuzendari aritutakoa da, baita Eusko Jaurlaritzako hainbat postutan ere. "Maratoia". Halaxe definitzen du bere lan-karrera. Azken kilometroa Petronorren Komunikazio arduradun gisa egin du.

Luis Aranberri zara, baina Amatiño ezizenez ezaguna. Nondik dator izengoitia?

Aitona nuen Bergarako Amatiño baserrian jaioa eta Eibarren ezkondua. Hamabost urte bete arte berarekin bizi izateko zoria izan nuen. 18 urterekin hasi nintzen, erdi ezkutuan, Zeruko Argia astekarira Eibarko albisteak bidaltzen, eta baserriaren izenaz sinatu nituen ekinera beretik.

Nola deskribatuko zenuke zure ibilbidea hitz bakar baten?
Maratoia.

Zergatik hitz hori?
Iraupen-lasterketa izan delako. Baina ez zait luze egin.

Ba al da zure lan ibilbidetik bereziki modu goxoan gordetzen duzun esperientziarik?
Gehien-gehienak gozoak. Aukeratzekotan, behar bada Zeruko Argiako Zenbat Gara saila eta ETBko Gaur Egun gozoenetakoak izan ziren. Baita Josu Jon Imazekin lan egin ahal izana ere.

Eta zeinetan ikasi zenuen gehien?
Bizitza katea baino ez da, hurrenez hurren etengabeko katebegiz josia. Nekez uler daiteke hurrena, aurrekoaren esperientziarik gabe. Gure ama zenak mutikotan esan zidan ez dagoela liburu txarrik. Beti ikasten dela zerbait.

EITBren sorreran izan zinen. Orduko hedabideen papera eta gaurkoena ikusita, nola aldatu da paper hori?

Hasierako helbururik behinena espazioa betetzea zen. Orain lehian egin behar da.

"EITBren eboluzioa, euskararena bezalaxe, sekulakoa izan da, zentzurik literalenean. Beste kontu bat da, hala ere, aski ote den"

Euskal Herriari eta euskarari berari bultzada eman asmoz sortu zen. Nola ikusi duzu taldearen eboluzioa?

EITBren eboluzioa, euskararena bezalaxe, sekulakoa izan da, zentzurik literalenean. Beste kontu bat da, hala ere, aski ote den. Orain 50 urte, gogo asko eta baliabide gutxi. Orain baliabide ugari eta ez orduan besteko gogorik.

Aurreikusitakoa bete al da?

Espazioan parte hartzearena, bai. Baina, aldi berean, unibertsoa erabat zabaldu da. Inoiz baino espazio gehiago dago, orain badakigu amaitezina dela, eta nekez hel daitekeela denetara. Hasieran presentzia lortzea genuen xede. Orain presentzia ez da aski. Gutxienez, zerbaitetan, burua atera behar da.

Euskarak lortu al du komunikazio propioa izatea, menpekoa ez dena?

Segurutik biak. Batetik, euskarak komunikazio propioa lortu du hainbat esparrutan, Euskadi Irratian, esaterako. Baina, oro har, euskarak jarraitzen du menpeko komunikazio-hizkuntza izaten. Komunikatzaileek, zirti-zartako kinkan, nekez lehenetsiko dute euskara.  

AmatinoEitb2(1)
Argazkia: utzitakoa

Zein erronka ditu euskarazko komunikabideen sektoreak?

Erronkarik nagusiena, egungo oskarbi izarratuan, kontsumitzaileak bereganatzea da.

Komunikabideak baditugu, baina zein puntura arte erabiltzen ditugu?

Sarri esan izan dut euskaldunok hobeak garela eskakizunak aldarrikatzen, erdietsitako lorpenak baliatzen baino. Maiz ematen du ez ditugula gauzak eskatzen guk kontsumitzeko, baditugula esateko baino. Umeak bezala, oso kementsuak gara eskatzen baina, behin lortuz gero, arduragabe samarrak gara.

"Sarri esan izan dut euskaldunok hobeak garela eskakizunak aldarrikatzen, erdietsitako lorpenak baliatzen baino. Maiz ematen du ez ditugula gauzak eskatzen guk kontsumitzeko, baditugula esateko baino"

Eta nola erabiltzen ditugu?

“Ditugu” horren subjektua oso anitza da, baina, euskal gizarte anitz horren barruan esango nuke, afankeria gehiagoz benetako erabilpenaz baino. Euskarak, oraindik ere, militantzia asko eskatzen du, baina militantzia ez da egungo joerarik nagusienetakoa.

Duela 40 urte, orduko gabeziei erantzuteko apustua irrati-telebista sortzea izan bazen, zeintzuk dira egungo gabeziak, eta zein litzateke apustu nagusia 2023an?

Ez dakit. Zuzen nahiz oker, 1960, 1970 eta 1980ko hamarkadetan nik uste nuen banekiela zer egin behar zen. Orain, ostera, ez dakit. Sinetsi nahi nuke nire zahartzaroko kamuskeria besterik dela eta gazteek, ordea, badakitela. Guk bagenuen orduan, orain ez dagoen hainbat maratila, hau da: errutina, kemena, adorea, kosta ahala kosta jarraitu behar zela uste izana. Gaurko gizarteak beste dohain batzuk ditu, batere zalantzarik gabe, baina “ekin eta jarrai” ez da lelorik maitatuena. Gu maratoian hasiak eta heziak gara, orain denak dira sprinterrak, azken andanako alpinistei begiratu baino ez dago.

Beste esparru bat da enpresa mailako komunikazioa. Zein puntura arte ematen zaio behar duen balioa komunikazioari enpresetan?

Urtetan, komunikaziorik eza izan da euskal enpresaren ohiko komunikazio-estrategia jatorra. Batetik, tradizioz, euskal ekintzaileak ez du oraintsu arte uste izan ezer komunikatu beharrik zeukanik ere. Ahalik eta gehien eta ondoen lan egin eta kito. Marketina eta publizitatea ez baziren egin beharreko zerrendaburuetan jartzen, lekutan komunikazioa. Bestetik, 1970etik 2010ra arte euskal enpresariak ez zuen batere giro aproposik bizi izan inon muturra erakusteko. Bi baldintza horiek tarteko, diskrezioa eta “perfil baxua” nagusi izan dira luzaro. XXI. mende honetan, ordea, ikuspegia nabarmen aldatu da. Enpresak jabetu dira, zuk ez baldin baduzu zeure buruaz hitz egiten, beste norbaitek beteko duela zure isilunea, eta ez, gero, zure alde.

"Euskarak, oraindik ere, militantzia asko eskatzen du, baina militantzia ez da egungo joerarik nagusienetakoa"

Zergatik eta zertarako deitu zintuzteten Petronorreko komunikazioa eramateko?

Petronorrek urteak zeramatzan, ondo lan eginez, ahalik eta erreparorik handienaz, bere nondik norakoaz inori azalpenik eman beharrik ez zuelakoan. Lehengo gizarteari ez bezala, ordea, oraingoari zilegi zaio pentsatzea isilegi ari bazara ez ote den zer ezkutatu duzulako izango. Mesfidantza-salda horretan, Petronorri, iraungo bazuen, hil ala biziko eraberritze egitasmoa indarrean jarri beharra egokitu zitzaion, ziklo-aldaketa. Eta auzo-gizartea, bere inguru hurbileneko gizartea, asaldatu zen eta esan zuen: nahikoa da! Proiektua bideratu ezinean sentitu zenean, enpresak ordu arte behar ez omen zuen komunikazioaz gogoratu zen. Mila laguneko plantillan bakarra ere ez zuenez horretaz zekienik, kanpora atera behar izan zuen bila, eta komunikazio-estrategia aurkeztea eskatu zidaten.

Koke plantaren eraikuntzaren inguruan suspertu zen giro latza izan al zen, komunikazio arloan, zuk bizi izan duzun krisirik nabariena?

Praktikan, behar bada, bai. Baina, teoriaz, ez zen batere erronka zaila. Petronor ez zen gezurretan ari, ez zuen zer ezkutatu, legez ziharduen. Mila milioi euro inbertitu nahi zituen bere etorkizuna segurtatzeko, eta ez zeukan zertaz lotsatu.

"XXI. mende honetan, ordea, ikuspegia nabarmen aldatu da. Enpresak jabetu dira, zuk ez baldin baduzu zeure buruaz hitz egiten, beste norbaitek beteko duela zure isilunea, eta ez, gero, zure alde"

Hala ere, hainbat plataforma izan zuen protestaka, gogor eta temati. Nola bizi zenuen zeuk?

Euskalduna aurrelaria izan da beti energia-ekoizpenetan. Aitzindaria, haize-errota, ibai-bolu eta ur-presa kontuetan, baina zorabiatu samar egiten da industria-energiaz. Garia eta lastoa bereiztu behar dira. Esan nahi dut, zeren kontra zaude? Gasolinaren ala Petronorren kontra? Gasolinaren kontra bazaude, ez erosi eta kito. Eta Petronorren kontra bazaude, zer egingo duzu Petronor itxi ondoren, sei mila lagun kalera bota eta zure autoa betetzeko Euskal Herritik kanpoko gasolina ekarri? Nik uste dut jendeak ulertzen duela informazioaz jabetzeko aukera ematen zaionean. Alegiazko Euskadi independentean, azkenen itxiko litzatekeen enpresa gasolina-findegia izango litzateke.

Eta aurrera begiratzen ere jakin egin behar da. Eraberrikuntza ez da lehengo teknologiak bertan behera laga eta berriak hutsetik hasi, etengabe berritzea eta urratsez urrats eraldatzea baizik. Oraingo bioerregaiak, erregai sintetikoak eta hidrogenoaren apostua, gaitzetsi nahi izan zen Koke Plantaren kimuak dira.

+34 605 71 96 00 20230923 131637
Amatiño, prentsako eta komunikazio esparruko hainbat profesionalekin, bere omenezko ekitaldiaren egunean | Argazkia: utzitakoa

Nola lotzen eta enfokatzen da komunikazioa enpresaren estrategiarekin?

Lehen eta behingoz, enpresaren zuzendaritzak onetsi behar du komunikazioa behar dela. Komunikazio-batzordea (barrukoa zein kontratatua) beste edozein arlo bezala lanean hasten denean enpresa-kudeaketaren baitan, dena bideratzen da berez-berez. Komunikazioa ez da abstrakzio hutsa. Jakineko baliabideak ditu eta finkatu beharreko helburu zehatzak. Hortik aurrera, enpresa-eledunak, arduradunak, teknikariak… denak dira, nor bere arloan, komunikatzailerik onenak. Gustuko dute kontatzea zer egiten duten eta zergatik. Jendea uste baino normalagoa da. Komunikazio-arduradunoi norabideak betearaztea, bidezidorrak erraztea eta seinaleak jartzea baino ez dagokigu. Trafiko-kontua da.

Komunikazioa propaganda aparatu gisa ikusten al da enpresetan?

Lehen eta behingoz, enpresak gardena izan behar du. Eginak azaltzeko eta gaizki eginak aitortzeko, baina baita ondo eginak adierazteko ere. Ez dago ezkutuan jarduterik, ez gezurretan aritzerik, baina ezta autozentsuratan tronpatzerik ere.

Zein rol jokatu dezake komunikazioak enpresa baten errotzean?

Komunikazioa informazioaren zubigintza da. Testuingurua ulertzeko informazioa behar da. Alde batera zein bestera iritzia sakontzeko, informazioa behar da. Erabaki bat edo beste hartzeko, informazioa behar da. Komunikazioa ez da ez marketina eta ez propaganda. Komunikazioa informazioa da eta informazioa… informazio besterik ez da. Gero, lagungarri gertatuko den ala ez, beste kontu bat da. Baina ezin dezala inork ez zekienik esan.

"1963an hasi nintzen ni lanean. Orduko egoera eta egungoa ez dira alderagarri. Oraingo prestakuntza ordukoa baino nabarmen handiagoa da; baina dezente zailago, aldiz, orain lanpostu finkorik aurkitzea. Orduko ereduak nekez balio dezake egun"

Petronor enpresa handi eta erreferentziazkoa da, industria sistemaren oinarrian kokatzen dena. Bertako komunikazio arduradun izan zarenez gero, nola ikusten duzu egungo euskal enpresen egitura?

Ez dakit. Nahiko zeregin mila langileko enpresa traktorearen informazio-arduradun izatea, inoren larrainean sartu beharrik gabe. Zenbat buru hainbat aburu dio esaera zaharrak, eta, segurutik, zenbat enpresa-mota hainbat komunikazio-molde. Esaterako, ni Petronorren komunikazioaz arduratzeaz gainera, Gasteizko EGA Master enpresaren komunikazioaz ere arduratu izan naiz, azken hamabost urteotan. EGA Master enpresa familiar eta multinazionala da, industria eta segurtasun erreminta profesionalaren erreferentzia mundu osoan. Nazioarteko 150 herrialdetan saltzen du eta, Euskal Herrian, ezta %1 ere. Bi enpresa nabarmen ezberdinak dira, hainbat arlotan elkarren antipodetan daudenak, biek dakite komunikazioaren garrantziaren berri, eta biek behar dute komunikazio-trataera berdineza.

Energiaren esparruan erronka nagusia trantsizio energetikoa bada, zein gaitasun ditugu?

Trantsizio energetikoa ez da lore-jokoa. Ez dago trantsizio energetikorik industria eta teknologia-estrategiarik gabe. Euskal gizartearen —eta oro har Europaren—  ongizatea industria eta teknologia garapenaren ondorio da. Gu, europarrok oro har, soluzioaren parte gara, parte izan nahi dugu, eta parte hartzen baino ez dugu konponbiderik lortuko.

Eta zein ahulezia?

Trantsizioa energetikoa lore-jokoa dela uste nahi izatea. Kosturik gabe egina eman beharko liguketen  jokoa, eta gutako bakoitzaren gustura gainera.

IMG 20220825 WA0000
Aranberri bere familiarekin | Argazkia: utzitakoa

Denon ahotan dagoen kontzeptua (eta erronka) da talentuarena. Oso zaila da egungo gazte batek zuk egindako ibilbidea egitea: karrera luzea, eta ardura desberdinetan. Nola ikusten duzu egungo gazteen karrera/lan ibilbidea?

1963an hasi nintzen ni lanean. Orduko egoera eta egungoa ez dira alderagarri. Oraingo prestakuntza ordukoa baino nabarmen handiagoa da; baina dezente zailago, aldiz, orain lanpostu finkorik aurkitzea. Orduko ereduak nekez balio dezake egun. Nik esango nuke gu ezjakinagoak ginela, baina langileagoak. Nire andregaiarekin hasi nintzenean, “langile amorratua” nintzela izan zen haren gurasoei nitaz eman zioten erreferentzia nagusia. Lana, lan-urteak eta lan-orduak, nire bizitzaren parte garrantzitsua izan dira. Ez diot horrela izan behar duenik orain, lehen horrela zela baizik. Eta ez naiz batere damutzen.

Euskaraz lan-ibilbidea garatu nahi duen norbaiti zer esango zenioke?

Ni erosoago sentitzen naiz euskaraz, gaztelaniaz baino. Baina ez nintzateke ausartuko esatera gaztelaniaz euskaraz baino gutxiago dakidala. Kontua ez da bata ala bestea, biak baizik. Gogotik erabat elebiduna izatea luxua da. Arazoa elebakarrarena da. Eta gure zeregina, berriz, berak duen arazo horretaz konturatu dadin ahalegintzea. Ez amore ematea. Gero gerokoak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK