
Hazteko marjina handia duen sektorea da sare elektrikoarena. Iberiar Penintsulan jazotako itzalaldiak agerian utzi du sarean inbertsioa handitu beharra dagoela. Sare elektriko fidagarriagoak behar dira, punta-puntako teknologia berritzaileez hornituak, seguruagoak eta malguagoak izan daitezen. Sektoreak duen potentzialaz jabetuta, Amets Power Electronics enpresa eratu dute Artechek eta Mondragonek elkarlanean.
Gaur egin dute sozietate berriaren aurkezpena Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan izan dira Alex Artetxe eta Pello Rodriguez bi entitateetako presidenteak, eta enpresa berriaren gaineko xehetasunak eman dituzte. Artetxek azaldu du energiaren merkatua eraldaketa fase batean dagoela eta horri aurre egiteko sistema elektrikoa eraginkorragoak behar direla. “Ametsek nazioarteko erreferente izan nahi du sareko soluzio berritzaileetan, energiaren kalitatea hobetzeko”, esan du.
Sare elektrikoen, energia berriztagarrien eta industria astunetara bideratutako potentzia-elektronikako soluzioak garatzeaz arduratuko da konpainia berria. Artecheren sare elektrikoaren merkatuko ezagutza, Mondragon taldearen fabrikazio industriala eta Ikerlanen teknologia izango ditu oinarri konpainiak berriak. Hain zuzen, Ikerlan izango baita soluzioak garatzeko gaitasun teknologikoa ezarriko duena.
Elkarte mugatu gisa eratu da, eta jabetza erdibanatuko dute Artechek eta Mondragonek. Entitate bakoitzak 2,5 milioi euroko inbertsioa egingo du, hasierako teknologia garatzeko asmoz. Mondragoni dagokion inbertsio zatian, %40 Mondragon Inversionesek jarriko du eta gainerako %10 Ikerlanek.
Proiektuaren lehen fase honetan, produktuen teknologia garatzeaz arduratuko dira, eta bi urteren buruan, lehen produktuak merkaturatzea aurreikusten dute. Horrekin batera, 50-55 lanpostu sortzea espero dute.
Ikerlanen teknologiarekin
Rodriguezek nabarmendu du Mondragon taldeak normalean “etxe barruko kolaborazioak” egin ohi dituela, baina Artecherekin bat etorri direla, eta ia urtebetez aritu direla proiektua garatzen. “Bakarka ezinezkoa litzateke horrelako proiektu bat aurrera ateratzea”, esan du.
Gogoratu du Ikerlan izango dela euskarri teknologikoa eskainiko duena, eta proiektuaren helburua “jarduera ekonomikoa sortzea eta kalitatezko enplegua bultzatzea” dela. Energia sektorean geroz eta presentzia handiago du Mondragonek (Ekiola kooperatiben sustatzaileetako bat da eta Arabako Ekienea parke fotovolatikoaren proiektua bultzatu du), eta horren erakusle da enpresa berri honen eraketan parte hartzea.
Proiektu honek Mondragonek 2028rako ondutako plan estrategikoko lau ardatzetatik biri erantzuten diola ere gogoratu du Rodriguezek: etorkizuneko sektoreen aldeko apustua egitea eta beste erakunde batzuekin lankidetzak garatzea.
Nazioarteko sareetan produktuak txertatzea
Mundu osoko sare elektriko askok dute inbertsio beharra, eta horrek egiten du sektorea benetan erakargarria izatea. Artechek eskarmentu handia du sistema elektrikoen merkatuan eta Mondragon taldearekin elkarlanean, euren posizioa “indartu” nahi duela argitu du Artetxek. “Gu jada merkatuan gaude, baina mundu oso bat irekitzen ari da eta bertan egon nahi dugu hazten jarraitzeko”.
Euskal Herrian errotutako entitateak izanik ere, ikuspegi “globala” dutela gogoratu dute bi presidenteek. Espainia, Estatu Batuak, Mexiko, Australia eta Brasil aipatu dituzte erreferentziazko merkatu bezala, eta lehen fasea amaituta 30 milioi euroko fakturazioa izatea espero dute. Egoitza Bizkaian izango du Amets Power Electronicsek, baina oraingoz ez du lantegi finkorik izango. Bi urte barru, produktuaren ekoizpenari ekitean, erabakiko dute fabrika non ezarri, betiere Euskal Herrian.