Aparraren 'urtopia'

Kalitatezko lehengaiak eta Euskal Herriko hornitzaileak lehenetsiz, euskal garagardo naturala ekoizten eta banatzen du Boga Mungiako kooperatibak

Herri mugimendutik sortu zen Boga, 2014ean | Argazkia: Boga Herri mugimendutik sortu zen Boga, 2014ean | Argazkia: Boga

Euskal garagardo naturala ekoizteaz eta banatzeaz harago, garagardoaren laguntzaz esperientzia kultural zein eraldatzaileak bizitzeko sortutako kooperatiba da Boga. 2014ean jaioa, herri mugimenduan du jatorria taldeak. “Duela zortzi urte sortu genuen kooperatiba, baina lehenago bagenuen nolabaiteko harremana mundu honekin. Bilbon, modu informal batean, aisialdi alternatiba bezala egiten genuen gure garagardoa. Gaztetxeko barrako kontsumo alternatiba gisa, besteak beste”, adierazi du Urtzi Ugaldek, kooperatibako sortzaile eta, egun, marketin eta salmenten arduraduna denak.

Urte batzuk beranduago, herri mugimenduko zenbait kide berriz elkartu, eta kooperatiba sortzea erabaki zuten. Katalunian jada nahiko garatua zegoen garagardoaren kultura berri hau, baina Euskal Herrian booma 2014 edo 2015 inguruan izan zen. “Alba Donadeuk, kooperatibako administrari eta garagardo maisuak, hainbat kontaktu zituen Katalunian, eta zenbait bidai egin ondoren, gure proiektu propio eraikitzea erabaki genuen hemen”, azaldu du Ugaldek.

Urtzi Ugalde: “kooperatiba sortu nahi genuen herri mugimendutik gentozelako, eta guretzat funtzionatzeko modu arruntena eta justuena delako”

Garagardo kultura berriaren olatura igotzeko kooperatiba ereduaren alde egin zuen taldeak. Ugalderen hitzetan, “kooperatiba sortu nahi genuen herri mugimendutik gentozelako, eta guretzat funtzionatzeko modu arruntena eta justuena delako. Azken finean, langileok gara enpresaren jabe, eta estrategia zein erabaki nagusietan parte hartzen dugu denok”. Sei bazkidek osatu zuten kooperatiba, eta sortu eta gutxira, ehun pertsona eta eragile sozialen babes ekonomikoa jaso zuten proiektu aurrera ateratzeko.

Produktu naturalekin egindako euskal garagardoa

“Hemengo hornitzaileekin lan egitea da gure lehentasuna, baina ez da beti erraza”, dio kooperatibako marketin eta salmenta arduradunak. “Oraindik garatzen ari den sektorea da gurea, oso autogestionatua. Fabrika eta industriaren partea erantzuten ari da, baina lehen sektorean asko dago egiteko. Batez ere, lehengaietan, bai garagarrean edo lupuluan, inbertsio gehiago egin behar da. Hemen, adibidez, ezinezkoa da Ameriketako Estatu Batuetan duten lupulu kopuru adina edukitzea”, gaineratu du. Hala eta guztiz ere, Euskal Herrian ere barietate asko dagoela dio Ugaldek: “Araba, Nafarroa eta Burgoseko garagar malta ekartzen dugu. Lupulua Araba eta Leonetik. Saiatzen gara, ahal den heinean, Euskal Herritik ekartzen, eta bestela, ahalik eta gertuenetik. Kilometro 0 filosofia aintzat hartu dugu”.

Euren filosofiaren bat datozen elkarteekin egiten dute lan, Korrikarekin, Ibilaldiarekin eta Olatukoopekin, besteak beste.

Online bidezko eskaera eginez, urte osoan zehar eskuratu daitekeen garagardo katalogo bat dute. Edizio mugatuak eta zenbait elkarte zein eragilerekin egindako elkarlanak ere badituzte. Atera duten azken edizio mugatuko serieak Urtopiak du izena, eta garagardo “zale amorratuenentzat” da. Elkarlanei dagokienez, euren filosofiaren bat datozen elkarteekin egiten dute lan. “Korrikaren hiru edizio daramagu garagardo bat ateratzen, eta Olatukoopekin, Ibilaldiarekin eta beste zenbait eragilerekin ere atera dugu”, azpimarratu du Ugaldek.

Fermin Muguruzaren Black is Beltza proiektuarekin ere egin du bat Bogak. Lehen filma estreinatu zenean, izen bereko Strout estiloko garagardoa atera zuten. Orain, bigarren filmarekin batera, Ainhoa izeneko beste garagardo bat egin dute. Taldeko salmenta arduradunaren arabera, “laguntza eman nahi genien komunikazio aldetik, eta gure partetik proiektu horrekiko dugun lotura erakutsi”.

Zortzigarren urteurrena ospatzeko Boga jaia

“Garagardoaren kultura borobiltzeko eta marka atxikipena zein bezeroren fidelizazioa areagotzeko” zenbait zerbitzu eskaintzen ditu kooperatibak. Esaterako, bisita gidatuak egiten dituzte Mungian duten fabrikan, eta hainbat lekutara joaten dira dastaketak edota afariak egitera. Ekoizpen tailerrak ere antolatzen dituzte, garagardoaren ekoizpenean hasiberriak direnentzat. Garagardo berri bat ateratzean, jai txiki bat egin ohi dute fabrikan, kontzertu eta guzti.

Datorren ekainaren 18an kooperatibaren zortzi urteko ibilbidea ospatzeko jaia antolatu du taldeak. Arratsaldeko 15:00etan, sukalkia prestatuko dute Euskal Herriko eta Mungiako zenbait sukaldari txapeldunek. 17:00etan, Tabernaria izeneko antzerki emanaldia eskainiko du Mikel Martinezek, eta 19:00tan, McConak eta Deiedra Rebel Folk taldeen kontzertuaz gozatzeko parada izango da fabrikara gerturatzen direnentzat. “Egindako ibilbidea ospatu nahi dugu. Azken bi urteak oso gogorrak izan dira. Bizirik gaudela ospatzea eta garagardoa dastatzea da jaiaren helburua”, aitortu du Ugaldek.

Urtzi Ugalde: “Azken bi urteak oso gogorrak izan dira. Bizirik gaudela ospatzea eta garagardoa dastatzea da jaiaren helburua”

COVID-19ak eta Ukrainako gerrak eragindako krisi ekonomikoak kalte handia egin dio Bogari. Mundu mailako krisi sakon honek “bete-betean” harrapatu dituela nabarmendu du Ugaldek. “Pandemiak salmenta kanalen krisia ekarri zigun. Izan ere, ostalaritza, jai herrikoiak edota txosnak oso garrantzitsuak ziren guretzat. Gerrak eragindako krisi ekonomikoa, berriz, enpresaren errentagarritasunarentzat kolpe gogorra izan da. Kasu batzuetan hirukoiztu edo boskoiztu egin dira lehengaien prezioak”, adierazi du.

Ziurtasunaren bila

Etorkizuneko proiektuei buruz galdetuta, “buruan gauza pila bat” dituela dio Ugaldek, baina sektoreak “ziurtasun” gutxi eskaintzen du. “Gure salmenta kanala normalizatu, berreskuratu eta indartu nahi dugu. Euskal Herritik kanpo gure garagardoak saltzeko nazioarte mailako plana jarri nahi dugu abian. Bilbon salmenta puntu propio bat ere jartzea gustatuko litzaiguke. Proiektu berrietan sartu nahi dugu, baina tentuz, arrisku eramangarri batekin abiatu nahi dugu eta”, azaldu du Ugaldek.

Dena den, uste du sektoreak berak erronka askori egin behar diela aurre, eta bertan jarduten duten enpresen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du. Horren erakusle da Basque Beer marka kolektiboaren proiektua. Aitzitik, erronka handiena “marka handi eta multinazionalek daukaten oligopolioari aurre egitea” dela iritzi dio.

Ziurtasunez esan daitekeena zera da: Boga kooperatibak bi sari eskuratu zituela duela hilabete inguru ospatu zen Bartzelonako Beer Challenge lehiaketan. Europa eta mundu mailako garagardo marka ugari aurkezten dira bertara, eta Bogak urrezko domina bat eta zilarrezko beste bat eskuratu zituen Tosta eta Ainhoa garagardoekin, hurrenez hurren. “Tostarekin hirugarren aldia da domina lortzen duguna. Oso maila altuko txapelketa da Bartzelonakoa eta pozik gaude”, azaldu du kooperatibako marketin arduradunak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK