• ENPRESAK GAUR
  • Arabako enpresetan euskara sustatzeko foroa mantentzea eskatu dute parte hartzaileek

Arabako enpresetan euskara sustatzeko foroa mantentzea eskatu dute parte hartzaileek

Hamalau enpresa elkartu dira urteko azkeneko bileran, eta praktika onak ezagutu eta euskararekiko konpromisoak ezarri dituzte

Arabako Enpresen Foroko kideak | Argazkia: Bai Euskarari elkartea
Arabako Enpresen Foroko kideak | Argazkia: Bai Euskarari elkartea
Gasteiz
2021eko abenduaren 2a - 18:30
Eg. 2026ko uztailaren 2a - 13:31

Arabako Enpresen Foroa gaur bildu da Gasteizen lurraldeko enpresetan euskararen erabilera sustatzeko lanarekin jarraitzeko. Urteko hirugarren bilera honen helburua zen horretarako tresna erabilgarriak aurkeztea, praktika onak partekatzea eta euskararekiko konpromisoak hartzea. Guztira hamalau enpresek hartu dute parte foroan, eta Bai Euskarari elkarteak bideratu du.

 

Antolatzaileek diotenez, erremintak eta adibide onak ezagutzea baliagarria izan daiteke enpresa bakoitzak dituen erronkei aurre egiteko. Hain zuzen ere, jardunaldi honetan Euskalitek sortutako hizkuntzen kudeaketa praktika bilatzaileari buruz aritu dira. Tresna honek euskara enpresetan sustatzeko eta erabiltzeko praktika onak jasotzen ditu, hainbat enpresen adibideak aipatuta. Foroan kasu horietako bi izan ditu hizpide, zehazki, Danobat Groupena eta Ulmarena.

Era berean, bileran izan diren hamalau enpresek euskararekiko hainbat konpromiso eta erronka ezarri dituzte, norberak bereak, eta horiekin guztiekin mapa bat osatu dute. Bestalde, eskatu dute datorren urtean foroarekin jarraitzea, hartutako konpromisoetan aurrera egin ahal izateko eta enpresa gehiago forora erakartzeko helburuarekin.

 

Arabako Enpresen Foroa iaz sortu zuten, lurraldeko esparru sozioekonomikoan euskara sustatzeko helburuarekin. Egitasmoa Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko udalak bultzatu dute, Lanabes izeneko ekimenaren barruan. 2020an arlo sozioekonomikoan euskara bultzatzeko sarearen garrantzia landu zuten, eta 2021ko helburua izan da enpresa bakoitzak bere erronka eta konpromisoak ezartzea, horretarako baliabideak aztertuta. Guztira, hiru bilera egin dituzte, den-denak irailetik abendura bitartean.

 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain