• ENPRESAK GAUR
  • Artechek %168,5 handitu ditu irabazi garbiak lehen seihilekoan

Artechek %168,5 handitu ditu irabazi garbiak lehen seihilekoan

Taldearen salmentak 256,2 milioi eurokoak izan dira, iaz baino %13,9 gehiago

Enpresaren karbono-aztarna %35 jaitsi da 2022az geroztik | Argazkia: Arteche
Enpresaren karbono-aztarna %35 jaitsi da 2022az geroztik | Argazkia: Arteche
2025eko irailaren 8a - 10:11

Arteche taldeak %168,5ean handitu ditu irabazi garbiak urteko lehen seihilekoan, 19,9 milioi euro lortu baititu. Transformadore eta gailu elektrikoak ekoizten dituen taldearen Ebitda 38,3 milioi euroan kokatu da, %55,6ko urte arteko hazkundearekin; zor finantzario garbia, aldiz, 37,3 milioi eurokoa izan da.

 

Enpresak helburu zuen salmentak %10 handitzea, eta soberan lortu du: salmentak 256,2 milioi eurokoak izan dira, aurreko urteko epe beraren aldean baino %13,9 gehiago. Are gehiago, 2022ko lehen seihilekoarekin alderatuta, salmentek %64,1eko igoera izan dute. Kontratazioari dagokionez ere, taldeak inoiz baino zenbateko altuagoa lortu du, lehen aldiz 300 milioi eurotik gorakoa izan baita inbertsioa; zehazki, 302,2 milioi euro bideratu dira kontrataziora, hau da, iaz baino %6,2 gehiago.

Zenbait negozio lerro ditu taldeak, eta prentsa oharrean jakinarazi duenez, alor guztien balantzea positiboa izan da lehen sei hilabeteetan. Neurketa eta monitorizazioa negozioko salmentak %20 handitu dira, transmisio- eta banaketa-sareen automatizazioa negozioan kontratazioa %4,4 handitu da, eta sarearen fidagarritasunaren negozioan ere %44,3 hazi da kontratazioa. Bestalde, 0,166 eurokoa izan da 2024ko ekitaldiko emaitzen konturako akziodunei emandako ordainsaria.

 

Halaber, enpresak azken hilabeteetan egindako zenbait proiektu azpimarratu ditu: aireko isolamendua duten transformadore optiko berriak egin ditu, Ouadior-en (Senegal) landa-elektrifikazio proiektua garatu du, Dominikar Errepublikako Guayubin azpiestazio digitala (345 kW) jarri du martxan, eta Amets Power Electronics sortu du Mondragonekin elkarlanean.

Azkenik, Artechek jasangarritasunaren alde duen konpromisoa berretsi du, eta jakinarazi du enpresaren karbono-aztarna %35 jaitsi dela 2022az geroztik. Horrez gain, energia kontsumo totalaren %67 iturri berriztagarrietatik sortutakoa dela gaineratu du taldeak, baita birziklatze tasa %76koa dela ere.