Sektore elektrikorako ekipoak ekoizten dituen Arteche konpainiak akziodunen batzar orokorra egin du eta iazko kontu ekonomikoak onartu ditu. Enpresak 508,4 milioi euroren salmentak izan zituen iaz, 2024an baino %15,3 gehiago, eta 45,3 milioi euroren irabaziak erdietsi zituen. Halaber, konpainiaren kontratazioak guztira 590,1 milioi eurokoak izan dira eta ebitda 80,5 milioi eurokoa, 2024koa baino %43,6 gehiago.
Artecheren Administrazio Kontseiluak mozkin garbien erdia (%50) dibidenduetan banatzea adostu du. Hots, akzioko 0,3969 euro banatuko dira, 2024ko ekitaldian baino %140 gehiago.
2026ra begira, Artechek hazten jarraitzea aurreikusten du, eskaria “sendo” mantenduko dela uste baitu. Hortaz, 555 eta 585 milioi euroren arteko salmentak izatea espero du konpainiak eta 87,7 eta 95,4 milioi arteko ebitda, %15,8 eta %16,3 arteko marjina mantenduta.
Era berean, Administrazio Kontseiluak onartu du Eusko Jaurlaritza, Finkatuz funtsaren bidez, konpainiako gobernantzan sartzea datorren lau urteetarako, baita Aurora Graciaren izendapena ere Administrazio Kontseiluko kide gisa.