Asier Vitoria: "Lehiakorra izan zaitezke egokitzapenak eginda? Gureakek egunero erakusten du baietz"

Zuzendari nagusiaren ustez, lan berriak interpretatzen jarraitzea da Gureaken erronka nagusienetako bat

Asier Vitoria | Argazkia: Jaboga Manterola/Foku Asier Vitoria | Argazkia: Jaboga Manterola/Foku

Lehen aldiz entitate batek jasoko du Ekonomistak Euskal Ekonomisten Elkargoak urtero banatzen duen saria. Gaur arratsaldean Gureak Taldearen lana aitortuko du elkargoak, ekonomia eta enpresen garapenari eta enpleguaren sorrerari gindako ekarpena, berrikuntza sustatzea, eta gizarteratze eta laneratzeko konpromisoa aintzat hartuta. 1975ean sortua, taldearen DNAren funtsak berdintsu mantendu dira Asier Vitoria egungo zuzendari nagusiaren ustez, sektore bakoitzean lehiakor izaten jarraitzeko eta desgaitasuna duten pertsonen lan-ibilbideak sustatzeko oreka horretan nabigatuz. Hemendik aurrerako erronka ere ez da makala: ziurgabetasunak geroz eta toki gehiago duen merkatu bati egokitzea, langileek behar dituzten 360ºko egokitzapenei uko egin gabe. Bestela esanda, berrikuntza bultzatzen jarraitzea, produktuetan ez ezik, prozesuetan ere.

Saria espero zenuten?

Ezusteko atsegina izan da. Gainera esango nuke sari esanguratsua dela guretzat. Alde batetik, nondik datorren kontuan izanda. Bestetik, saria jakinarazi zigutenean ikusi genuen aurrez nori eman zaion, eta listoia altu dago. Pertsona garrantzitsu eta esanguratsuak dira. Eta badago beste parte bat: Gureak alor sozialean identifikatzen dute gizarteak eta erakundeek; gure pisu ekonomikoa eta proiekzio enpresariala askotan ez da erraza azaleratzen. Beraz, iruditzen zait guretzat aukera ezinhobea dela, saria aprobetxatuz, mahaigaineratzeko ekonomia soziala garela horrek dituen atributu guztiekin, baina baita proiekzio enpresarial hori ere.

Gureakek aitortzak jaso, jaso ditu. Orain artekoek gehiago jo dute esparru sozial hori aitortzera?

Egia da hor kokatu izan gaituztela, baina azkenaldian hori pixka bat aldatzen ari da. Gipuzkoako Bazkundeak Zerbitzuetako Enpresa Onenaren saria ere eman zigun.

"Iruditzen zait guretzat aukera ezinhobea dela, saria aprobetxatuz, mahaigaineratzeko ekonomia soziala garela horrek dituen atributu guztiekin, baina baita proiekzio enpresarial hori ere"

Alor sozialak izan duen pisuak enpresa ikuspegi hori alde batera utzi al du gizarte mailan?

Ez dakit. Gureakek hainbat alor ditu, baina gure kokapen nagusia enpleguan da. Gureak Taldea 6.000 lagunek osatzen badugu gutxi gora behera —6.200en bueltan itxiko dute urtea—, 5.200 enpleguan gaude, eta beste 800 zerbitzu okupazionaletan, lan aurreko programetan... Gure funtsa enplegua da, laguntza premia handiagoa duten pertsonei lanak egokituz, formakuntza eta babesa emanez, ingurua egokituz, euren inklusio soziolaborala lortzeko. Baditugu berezitasunak, baina hor gaude kokatuta.

Hain zuzen ere horregatik, zer egiten den ez ezik, nola egiten den ere gako da Gureaken kasuan. Nola aldatu da egiteko modu hori?

Asko eragin ohi du zein jardueratan eta sektoretan zauden. Gureaken hastapenetan genituen lanak oso azpikontratazio mailakoak ziren. Gaur beste maila baten gaude, eta hala errekonozitzen gaituzte. Punta-puntako sektoreetan ari gara, eta industria jardueran gure bezeroak Europa mailan ari diren multinazionalak dira; euren plantetara bidaltzen ditugu gure produktuak. Lehen mailan zaude, eta sektore horietan izateak exijentzia askoz altuagoa eskatzen dizu bai zerbitzu aldetik, bai kalitate aldetik, bai antolakuntza aldetik.

asier vitoria jaboga manterola 2
Asier Vitoria | Argazkia: Jaboga Manterola/Foku

Horrek guztiak azken urteetan derrigortu gaitu fabrikak egokitzera, eta maila horretan jartzera. Eta gainera, gure berezitasunarekin, alegia, langileek behar dituzten egokitzapenak eginda eta babesak emanda. Beti gabiltza dikotomia horretan, non inklusio soziolaboralak eta lehiakortasunak kontrajarritako bi kontzeptu diruditen. Lehiakorra izan zaitezke baldintza horiekin? Gureakek egunero erakusten du baietz, ahal dela.

Zer eskatzen du horrek?

Eskatzen dizu bezeroen eskakizun horietaz harago joatea, etxe barruan ere bestelako egokitzapenak egin behar dituzulako. Baina esango nuke sektore horietan egotea —automobilgintzan, energia berriztagarrietan, etab.— plus bat izan dela. Behartu gaitu profesionalizatzera egiteko erak, prozesuak, prozedurak. Horri esker pertsonen ibilbide profesionalak askoz aberatsagoak izan daitezke.

"Premia gehien dutenen kasuan lanak lortu eta egokitzeak —lanpostuaz harago, ingurua, prozesua, lantaldeak...— asko markatzen du gure egiteko era. 360ºko egokitzapena dela esan ohi dugu"

Zer mantentzen da?

Nik uste dut Gureaken DNAn funtsa mantentzen dela. Funts horretan, bi ezaugarri dira nagusi. Bata, laguntza premia gehien duten pertsonak erdigunean izaten jarraitzea, alegia, desgaitasun intelektuala eta gaixotasun mentalen bat duten langileak. Gureaken 6.000 langileetatik %83 desgaitasunen bat duten pertsonak dira, eta horietatik erdia baino gehiago dira laguntza premia gehien dutenak. Soilik desgaitasun fisiko edo sentsorialak dituzten pertsonen kasuan egokitzapenak lanpostu edo prozesuei lotuta egin behar dira. Baina premia gehien dutenen kasuan lanak lortu eta egokitzeak —lanpostuaz harago, ingurua, prozesua, lantaldeak...— asko markatzen du gure egiteko era. 360ºko egokitzapena dela esan ohi dugu, eta Egokituzen —Gureaken dagoen zeharkako departamentu moduko baten— bitartez egiten dugu. Hori hasiera-hasieratik izan da ezaugarrietako bat eta urteetan mantendu dugu.

Eta bigarren ezaugarria?

Dibertsifikazioa. Unibertsitatean ikasten dugu arriskua dibertsifikatu behar dela, eta hori ondo dago, eta beharrezkoa da. Baina Gureakek duen plus berezia da dibertsifikazio horrek ahalbidetzen duela bakoitzaren ibilbide profesionaletarako aukera zabalagoak izaten, guk pertsonari eskaini ahal dizkiogunak, lotura egokiagoa izan dadin.

"Gureaken hastapenetan genituen lanak oso azpikontratazio mailakoak ziren. Gaur beste maila baten gaude, eta hala errekonozitzen gaituzte. Punta-puntako sektoreetan ari gara, eta industria jardueran gure bezeroak Europa mailan ari diren multinazionalak dira"

Euren gustura egokitzeko, adibidez.

Eta beharretara. Zenbait pertsona hobe sentitzen dira jendearekin kontaktuan. Eta Gureakek badauzka hainbat eta hainbat jarduera non jendearekin kontaktuan zauden. Beste batzuk seguruago sentitzen dira inguru babestuago eta kontrolatuago batean, zentro propioak izango liratekeenak. Jarduera desberdinak edukitzeak bermatzen digu pertsonei aukera desberdinak ere eman ahal izatea, eta zenbat eta jarduera gehiago izan, orduan eta errazagoa izango da lotura hori.

Arestian aipatu duzu lehiakortasuna eta inklusio soziolaborala kontrajarri ohi direla, eta zuek erdibidean mugitzen zaretela. Non dago oreka Gureakentzat?

Aipatutako sektore guztietan lehiatzen dugunean, enpresa ordinarioekin egiten dugu lehia. Gure konpetentzia ez dira Gureak bezalako enpresak. Enpresa ordinarioak dira, ohikoak. Gainera, asko entzuten ari gara 4.0 Industriaz, automatizazioaz, etxeko konfortaz hitz egiten. Gu hor gaude; ez gaude liga horretatik kanpo. Duela urte batzuk arte eskulanean oinarritzen ginen lanak antolatu eta industrializatzerako garaian; alegia, nola lortu prozesu jakin bat gure jendearekin egitea, gure departamentuak egokituz. Azken urteetan prozesu erdi-automatikoetara goaz, baina ez ehuneko-ehunean automatizatzera. Oreka oso sotila da. Gure ingeniariek teorikoki kalkulatu dezakete zer nolakoa izan behar den gure lehiakortasuna, zenbat eta noraino automatizatu edo ez, pauso bat edo erdi bat atzerago geratu... Eta horretan gaude.

asier vitoria jaboga manterola 3
Asier Vitoria | Argazkia: Jaboga Manterola/Foku

Nola laguntzen dizue teknologiak lanpostuen egokitzapenean?

Askotan esaten digute arriskuan garela gure aktibitatea eskulanean oinarritu delako. Baina horri aurre egiteko gakoa da ingeniaritzako errekurtso propioak izatea; azken urteetan garbi ikusi dugu. Era berean, sarritan ikusten dugu teknologiaren garapen hori —bisio artifiziala esaterako— lagungarri izan daitekeela desgaitasuna duten pertsonak lanpostu horretan izan daitezen. Urtero-urtero proiektu pilotuak egiten ditugu: identifikatzen dugu lanpostu bat zaila izan dirudiena desgaitasuna duten pertsonekin kubritu ahal izatea, eta probak egiten ditugu ikusteko teknologia berriekin nola egokitu dezakegun.

Beraz, gure kasuan berrikuntza gure produktuetan ez ezik, gure prozesuetan ere asko dago.

Berrikuntza, hortaz, ez da bestelako enpresetan ulertu ohi dena bezalakoa.

Hori da. Eta gure ingeniariek argitasun puntu hori askotan aplikatu behar dute prozesuak ulertzeko. Guk konplitu egin behar ditugu, bai ala bai, bezeroak eskaintzen dituen baldintzak produktuari, kalitateari eta abarri dagokionez. Baina enpresa ordinario batekin konparatuta, desberdin egiten dugu hori.

Inklusio soziolaboralaren ekosistemaren gertuko ikuspegia ere baduzue. Zein pauso eman dira azken urteetan?

Euskal Herrian zentro bereziek garapen handia izan dute: Gureak, Lantegi Batuak, Katealegaia, Sutargi... Uste dut 1970eko eta 1980eko hamarkada horietan iniziatiba enpresarial garrantzitsu izan zirela, eta horrek ahalbidetu duela desgaitasuna duten pertsonek lanpostu bat izatea. Guk beti esaten dugu inklusioaren tresna garrantzitsuenetakoa lanpostua izatea dela. Soldataz harago, lanpostu batek ematen ditu errutina, independentzia, baliodun pertsona sentitzea, harremanak izatea. Zentro berezien sare oso profesional eta garatua dugu.

"Urtero-urtero proiektu pilotuak egiten ditugu: identifikatzen dugu lanpostu bat zaila izan dirudiena desgaitasuna duten pertsonekin kubritu ahal izatea, eta probak egiten ditugu ikusteko teknologia berriekin nola egokitu dezakegun. Beraz, gure kasuan berrikuntza gure produktuetan ez ezik, gure prozesuetan ere asko dago"

Erronka egon, badago?

Erronka, hala ere, handia da: datozen urteetara begira enpresa ordinarioetara zabaltzea, eta lan-ibilbide horietan enpresa ordinarioetara aldatu ahal izatea. Kontuan izan behar dugu merkatuak exijitzen duela profilak geroz eta polibalenteagoak, autonomoak... izatea. Hori gutxi balitz zentro berezietan dugun know-how eta tresna horiek guztiak egokitzeko eta postuak egokiago jartzeko zailago gertatzen da enpresa ordinario baten.

Edozein kasutan, Gureaken ikuspegitik aurrerapauso batzuk ematen ari dira. Guk urtero ahalbidetzen dugu gure jendea, edo guregana jotzen duena enpresetara bideratzea. Esaterako, Inklusioan bat proiektua jarri dugu martxan, 360ºko egokitzapen ikuspegi horrekin. Helburua da enpresa ordinarioak bere osotasunean aztertzea, eta Gureaken ezagutza aholkularitza moduan baliatuta zer den posible egitea eta zer ez. Askotan enpresek guregana jotzen dute pertsona bat nahi dutelako eta harreran izan dadin proposatzen digute. Honen helburua da ez dadin horretan geratu, baizik eta azterketa sakonagoa egitea. Horretan ari gara enpresa batzuekin elkarlanean. Oso hastapenetan, hori bai. Banan-banako horrek muga handiak ditu. Baina helburua da enpresetan berdintasun plan bat izaten den bezala, inklusio plana ere egitea. Dena den, horretarako konpromiso eta erabakiak enpresen zuzendaritzan egon behar du. Ez dadila izan Giza Baliabideen papera.

Eta administrazio publikoari dagokionez?

Administrazio publikoetan ere OPE egokituak ateratzen ari dira gutxinaga-gutxinaka. Legeak zehazten du administrazio publikorako izan beharko liratekeen lanpostuen portzentaje jakin bat desgaitasuna duten pertsonentzat bideratu behar dela. Zailtasunak sortzen dira laguntza premia gehien duten pertsonak txertatzerakoan, desgaitasun intelektualen bat dutenengana-edo. OPE horietan azterketak egokitu behar dira, materiala ere bai, eta hori administrazio publikoan txertatzea, non prozedurak oso zailak diren aldatzen, zaila da. Baina hori ere bultzatu nahian ari gara Gureaketik: Osakidetzan, Foru Aldundietan, Udaletxeetan. Horrela egiten dugu, elkarlanean.

Zer ekarri dio Gureaki zentzu horretan Donostia aurten aurten Ekonomia Sozialaren hiriburu izatea?

Guretzat izan da aukera gure modeloa ezagutarazteko. Eredua bera erreferente da Europa mailan, tamainagatik, baina baita elkarrizketa hasieran planteatu dugun bere bisio enpresarialagatik eta bere merkaturako bisio horregatik ere. Eredu jasangarria izatea, eta autofinantzazio portzentaje horrekin, nik uste dut Gipuzkoak duen altxor txiki bat dela. Kanpotik ere esaten digute. Hala ere, egunerokoan ez da erraza zure ereduaz hitz egitea.

jm eko 1 2
Asier Vitoria | Argazkia: Jaboga Manterola/Foku

Testuinguru horretan ere monetizatu egin duzue Gureaken ekarpena. Zer diote emaitzek?

Azkeneko bi urteetan egin dugun zerbait da; balio sozial integratua lantzen ari gara. Eta ELHABE Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartearen bitartez ekitaldi bat egin genuen Gureaken balio erantsiaz hitz egiteko. Izan ere, 6.000 lanpostu sortzen ditu Gureakek eta hori aberastasuna da, baina azken urteetan saiatu gara aztertzen Gureakek administrazio publikoetatik jasotzen duen euro bakoitzeko zenbat itzultzen dion sistemari zuzenean —zerga bidez—, zeharka —gure hornitzaileei egiten diegun ekarpenean ordaintzen dituzten zergen bitartez— eta sistemak aurrezten dituen alderdiei erreparatuta. Azken horretan aintzat hartzen dira pentsio, DSBE edo Osakidetzako Burukoa Osasuneko zentroei lotutakoak. Izan ere, neurtuta dago gaixotasun mentala duten 1.500 pertsona horiek gutxiago joaten direla Osakidetzara. Azken azterketaren arabera, Gureakek jasotzen duen euro bakoitzeko —60,4 milioi euro denera—, administrazio publikoari 2 euro baino gehiago itzuli dizkio —130,6 milioi euro—.

Gureaken barruan lanpostu eta fakturazioaren %60 industriatik dator...

Gainera ahalbidetu izan digu laguntza premia gehien duten pertsona horien inklusio soziolaborala eta lan aukerak errazago gauzatzea, gure lantegi propioetan gaudenez eta egokitzapenak egin ditzakegunez gure etxean egonik. Oso dibertsifikatuta gaude marketinean, zerbitzuetan, digitalizazioan, distribuzio postalean... Baina industria garrantzitsua da.

Nola bizi duzue egun industriak bizi duen egoera?

Euskal Herriko edo Espainiako salmentetatik at gaude gu, gure salmentak Europan dauden automobilgintzako eraikitzaileekin direlako. Hala ere, bi gauza gertatu dira modelo eta plataformetan. Batetik, atomizazio gehiago dago; bestetik, auto elektrikoruntz goazen ibilbide horretan, ezjakintasunak garamatza proiektu batzuk gelditzera, beste batzuk luzatzera. Ezjakintasuna da nagusi.

Automobilgintzak Gureaki orain arte eman diona da gehienbat ziurtasuna. Proiektu bat irabazten genuenean lauzpabost urterako izan ohi zen, bolumenak gutxi gora behera bagenekizkien, eta horrek asko laguntzen zigun. Lehen aipatu ditugun egokitzapenak egitea hasieran lan asko da Gureaken prozesuen azterketan beste enpresa batzuekin alderatuta, baita inbertsio handiagoak egin ere beste baldintza horiek betetzeko, baina gero guk pentsatu behar dugu hori izango dela lau urterako proiektua eta lana 20-30 pertsonentzat lana, errotazio batekin. Horregatik azken 15-20 urteetan automobilgintzak asko eman dio Gureaki. Industriak Gureaki ematen dion %60 horren %50 dator hortik. Talde mailan, beraz, %25-%30 automobilgintza da.

"Segurtasun ezarekiko sentsibleagoak gara, eta gure egokitzapen maila baxuagoa da enpresa ordinarioekiko automobilgintza sektoreak eskatzen duen malgutasun horri ondo erantzuteko. [...] Kontua da nola egokitu merkatuak eskatzen duen malgutasun horri hobeto erantzuteko"

Zein esparruri heldu diozue, zehazki?

Joan gara proiektu multiteknologikoak garatzen: Gureaken barruan dugu elektronikako teknologia, injekzio plastikozkoa, eta kabletatuak. Eta hiru teknologia horien konbinazioa, baita muntaiak ere —zentro propioetan egiten ditugunak— ahalbidetu digute produktu multiteknologikoak egitea.

Horrekin jarraitzen dugu, baina ikusten dugu bolumena jaitsi egin dela, eta segurtasun ezarekiko sentsibleagoak gara, eta gure egokitzapen maila baxuagoa da enpresa ordinarioekiko automobilgintza sektoreak eskatzen duen malgutasun horri ondo erantzuteko. Une honetan gure erronka hor dago. Jarduera badugu, baita proiektu berriak ere. Baina kontua da nola egokitu merkatuak eskatzen duen malgutasun horri hobeto erantzuteko. Bestela, efizientzia falta handia badugu, lehiakortasuna behera doa.

Ezjakintasuneko testuinguruan, zuen lehiarako zelaia Europa izateak zaildu egiten al du egoera edo, kontrara, erraztu?

Nik uste dut erraztu egingo duela, orain arte ere erraztasunak eman dizkigulako. Gureakek nazioartekotzeko erabaki hori orain dela 20 urte hartu zuen, lehen aipatu ditudan hiru teknologia horiek abiapuntu hartuta. Egia da badela berezitasuna; kasu gutxi ezagutzen ditugu Europan gu bezalako zentro bereziak izanik apustua egin eta salto eman dutenak. Normalean gu bezalako enpresek lan egiten dute beren inguruko bezero garrantzitsuenekin, azpikontratatzen dizkietenak balio erantsi gutxi duten prozesuak eta muntaiak. Baina Gureaki, esan bezala, orain arte Europan aritzeak erraztasunak ekarri dizkigu. Gainera, batzuetan plataformak automobilgintzan partekatu egiten dira. Badaude proiektu batzuk hasiera batean Europarako zirenak NAFTA Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituneko testuingurura ere bideratzen direnak. Horrek ate batzuk irekitzen dizkizu.

Europako automobilgintzaren alorra ere jokoan da hor.

Noski, Europaren lehiakortasuna automobilgintzan auto elektrikoan jokoan da, zenbat proiektu geratuko diren Europan. Baina ikusten ari gara OEM automobilgintzako eraikitzaile nagusiak apustuak egiten ari direla Europako fabriketan, plataforma elektrikoetan eta. Eta guk ditugun hiru teknologia horiek nahi bat datoz automobilgintzako hiru paradigmekin: auto autonomoa, konektatua eta elektrikoa. Ondo uztartzen dira horiekin, geroz eta sentsorika eta konektibitate handiagoa izango baita. Berez, dugun ezagutza eta teknologia horiek, onerako izan beharko lukete.

Eta gainera, Naftako merkatuan parte hartzeko zerbitzu prestazioengatiko kontratua sinatu dugu Cinia izeneko enpresa mexikarrarekin. Orain arte ehungintzan aritu dira, eta merkatua dibertsifikatu nahian autogintza sektorera salto egin nahi izan dute Mexikon ikaragarri hazten ari baita. Gu gure lanabes kutxarekin eta ezagutzarekin joan gara, eta haiek egiten dute ekoizpena, nahiz eta Gureak den produktuen hornitzaile.

asier vitoria jaboga manterola 5
Asier Vitoria | Argazkia: Jaboga Manterola/Foku

Automobilgintzaz harago, ba al da azken urteetan sekulako hazkundea izan duen Industriako beste alorrik Gureaken barruan?

Energia berriztatzailea, zehazki, sektore eolikoa. Gezurra badirudi ere, Siemens Gamesa ez da inoiz izan gure bezero. Gure bezero gehiago izan dira Vestas eta General Electric. Onshorean hasi ginen, lur barrukoan, eta orain offshorean ere ari gara. Hazkundea izan duen sektore bat izan da Gureaken. Horrekin batera, igogailuen sektorea. Orona, Thyssen, eta Otisentzat lan egiten dugu.

Industrian, baita gainontzeko dibisioetan egiten zareten hori guztia ezin da ulertu Intinerary deitzen diozuen dibisiotik aldenduta. Zergatik?

Gure bizkarrezurra da hori, zeharkakoa. Horregatik normalean Gureak azaltzen hasten garenean, hortik hasten gara. Itinerary da Giza Baliabideetako departamentua izango litzatekeena, baina haratago doa. Izan ere, saiatu gara bakoitzaren ibilbide profesionalari erantzuna emango zion zerbait izatea.

Hortik hasten dira definitzen pertsonen inklusioa garatzeko estrategiak, negozioekin elkarlanean, noski. Eta ondoren bideratzen dira industria, zerbitzu edo marketinera. Ez da ente abstraktu bat. Hor egiten da lanaren aurretik doan eta askotan ikusezina den hori guztia: lan formakuntza, kapazitazioa, dualak, lan-aurrekoak... Pertsona lan bat izatera gerturatuko duen edozein tresna garatzen dugu. Edozein pertsona Gureakera gerturatzen denean, askotan bere nahia da lanpostua izatea. Baina agian lanpostuak eskatzen duen ezaugarrietatik urruti dago, eta formakuntza egin behar da pertsona lanpostura gerturatzeko.

Normalean dibisioz aldatzeko zein aukera eskaintzen zaizkie langileei?

Itineraryren baitan, pertsona baten ibilbide profesionala izan daiteke dibisio baten barruan edo dibisioz aldatuz. Hor ere oso malguak gara, hau da, pertsonari ematen dizkiogun aukerak. Kontuan izan behar dugu enpresa desberdinak direla, eta ibilbide horiek bermatzeko zailtasunak izango genituzke enpresa ordinario batek jartzen dituen mugei helduko bagenie.

"Itinerary da Giza Baliabideetako departamentua izango litzatekeena, baina haratago doa. [...] Hortik hasten dira definitzen pertsonen inklusioa garatzeko estrategiak, negozioekin elkarlanean, noski"

Zerbitzuak eta marketina dira beste bi dibisio nagusiak. Zein rol joka dezakete zerbitzuek Gureaken etorkizunean?

Guretzat garrantzitsuak dira, eta garrantzitsuak izaten jarraituko dute. Industrian ez bezala, tokiko bezeroekin egiten dugu lan lorezaintzan —erdia lizitazio publikoetatik eta beste erdia enpresa pribatuen bitartez—, garbiketan, gasolindegien kudeaketa propioan, Eroskiko frankizietan, ostalaritzan... 1.500 langile ditugu Gipuzkoan. Industrian lehiakor izateko lehiakortasun hori finkatu behar duzun bezala, zerbitzuetan ere hala egin behar duzu, baina eremu babestuetan egin ordez, bezeroaren etxean edo espazio ez babestuetan zaude eta profesionaltasuna ezinbesteko da Horretarako, lantaldean aritzea gako da, ekipo bat osatzea non gaitasun altuagoak eta baxuagoak eduki ditzaketen pertsonak nahastu, eta horiekin zerbitzua eskaintzen den.

Kontuan izan behar dugu pertsona askorentzat plus bat dela merkatu librean, eremu ordinario baten, lan egitea, gure zentro propio baten lan egin ordez. Ikusgaitasunari dagokionez, eta baita inklusio kontzeptuari lotuta ere. 

Era berean, zerbitzuetako jardueren profesionaltasun horretan oinarrituz, zerbitzuek kalitatezko enplegu horiek bermatzen dituzte, soldatak ez ezik, ordutegi, zerbitzu eta abarrekin.

Zein izango dira arlo nagusiak zuentzat?

Momentu honetan bi arlo ditugu identifikatuta: soziosanitarioa, non 400-500 pertsonek egiten dute lan Gipuzkoan, garbiketan, etxez etxeko zerbitzuetan..., bai adinekoen zentroetan, bai desgaitasuna dutenen zentroetan; eta elikadura, non lantegia dugun, sukalde zentrala, ekitaldietako zerbitzua....

Eta marketin esparruan?

Hor erronka nagusia da geure buruak berrasmatzea. Marketin arloko zerbitzuak duela 30 urte paperean oinarritzen ziren, eta hor aldaketa nabaria izan da digitalizazioarekin. Egun gutxi gora behera %30 da lizitazio publikoa eta beste %70 bezero pribatuak. Hala ere, ikusten dugu lanpostu ikuspegitik eta enpleguaren kalitate ikuspegitik, lan aproposak direla, eta gerturatzen diren pertsona batzuei oso deigarri eta atsegin egiten zaiela lan mota hori.

asier vitoria jagoba manterola 6
Asier Vitoria | Argazkia: Jaboga Manterola/Foku

Ikuspegi eta ibilbide horretan guztian, zeresan handia izan du irailean zendutako Iñaki Alkorta Gureakeko presidente izandakoak. Zein hiru hitz edo ideia erabiliko zenituzke Gureaki egin dion ekarpena laburbiltzeko?

Esango nuke Iñaki ordezkaezina dela Gureakentzat, erreferente bat. Bere ikuspegia, bisioa, nabarmenak izan dira. 1970ko hamarkada hartako Gipuzkoan kokatu behar gara. Orain inklusioa eta horri loturiko kontzeptuak oso sozializatuak daude, baina egoera oso bestelakoa zen orduan. Momentu hartan, behar soziala zegoen, familiek eskatzen baitzuten euren seme-alabak, euren hezkuntza prozesua bukatu ondoren, pertsona heldu baten aspirazioa eduki ahal izatea, lan bat, alegia. Eta bisio hori izateak orain erraza dirudi, baina ez garai hartan.

Horrekin batera, bere intuizio enpresariala, eta izandako gaitasuna jarduerak identifikatzeko, eta atrebentzia, konplexurik gabe, dibertsifikatzeko.

Eta hirugarrena, berak ez ezik, hastapenetan izan ziren pertsonek egin zuten ikaragarrizko lana  enplegu politika publikoen garapenean, baita administrazioan eta gizartean orokorrean sentsibilizazioa bultzatzeko ere, eta ikusgarri egiteko gaixotasun mentalak zituzten pertsonek ere euren eskubideak zituztela eta lan munduan garapena behar zutela.

"Enpresa agian hazten joango da fakturazioan edo balio erantsian, baina gehiago da 6.000 pertsona horien kondizioak bermatzea, lan egiteko erari eta soldatei aurre egitea eta eboluzioa egotea"

Etorkizunera begira jarrita, zein aurreikuspen dituzue datozen urtetarako?

Geroz eta zailagoa izaten da aurreikuspena egitea, lehen aipaturiko ziurgabetasuna dela eta. Gureaken lantaldean 6.200 pertsona gaude une honetan, aurten 200 pertsonako hazkundea izan baitugu. Baina ez dugu aurreikusten hazkunde handiegirik. Gure ikuspegiak lotura gehiago du enpleguaren kalitatearekin: enpresa agian hazten joango da fakturazioan edo balio erantsian, baina gehiago da 6.000 pertsona horien kondizioak bermatzea, lan egiteko erari eta soldatei aurre egitea eta eboluzioa egotea.

Eta jarduerari dagokionez, orain arteko dibisioen arteko oreka horretan. Horrela nik uste dut ondo moldatu gaitezkeela.

Eta erronka nagusia, malgutasuna al da?

Lehen esan bezala, merkatuak eta gu gauden sektoreek eskatzen dute geroz eta postu kualifikatuagoak, ezagutza handiagoarekin, polibalenteagoak, autonomoagoak. Gu kontziente gara gure jendearekin hori guztia muga bat dela. Beraz, gure erronka izango da nola berrinterpretatu lan horiek, nola egokitu, nola birpentsatu gure prozesuak eta lantaldeak, gure pertsonek lanpostu bat izaten jarrai dezaten. Ondoren produktuarekin asmatuko dugu gutxiago edo gehiago, baina merkatuak duen exijentzia kontuan hartuta, gure jendearekin egitea 360ºko egokitzapen horiek behar-beharrezkoa izango da, formakuntzatik hasita.

Informazio gehiago
Ibon Galarraga: "Ezin diogu egungo energiaren kontsumoaren hazkundeari eutsi"
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK