Laukotetik bakarra falta zen: Astore. Ternua Group borondatezko hartzekodunen konkurtsora joan zenetik, taldeko gainerako hiru markak erosi zituzten konpainiek: Ternua marka Dikar kooperatibak erosi zuen, Loreak Mendian Borobitexen esku geratu zen, eta Lorpen enpresa, aldiz, Artain25 sozietateak.
Astoreren txanda ere iristear dela dirudi. Zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, hainbat dira Ternua Groupen markan interesa duten enpresak. Gaur zortzi, urtarrilaren 23an, egingo da enkantea notarioaren aurrean, eta espero da ebazpena otsaila iritsi baino lehen zehaztea. Prozesua ixtean, amaitutzat joko litzateke, zazpi hilabete pasa ondoren, Ternua Groupen hartzekodunen konkurtsoa.
Astoreren erosketak ehun langileren postua bermatzea ekarriko luke. 1989 urtean sortu zen enpresa, eta urteetan zehar kirol esparruko orotariko arropak ekoizten espezializatu da.