Ternua marka erosi du Dikar kooperatibak

Eragiketarekin konpainiak Europako merkatuetan duen presentzia indartu nahi du

Arrasaten du egoitza kooperatibak | Argazkia: Dikar
Arrasaten du egoitza kooperatibak | Argazkia: Dikar
2025eko urriaren 9a - 14:05

Hainbat eskaintza jaso izanagatik, azkenean Mondragon Korporazioaren kide den Dikar konpainiak erosi berri du Ternua marka. Ternua Groupen lau marketako bat da Ternua, Lorpen, Astore eta Loreak Mendiakekin batera, eta azken hilabeteetan laukotea saltzeko ahaleginetan aritu da konpainia, borondatezko hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu baitzuen ekainean.

 

Hain zuzen ere, atzo bertan saldu zion Loreak Mendian marka Irungo Borobitex enpresari, eta gaur beste aurrerapauso bat eman du konkurtso prozeduran. Erosketa Dikarren dibertsifikazio-estrategiaren baitan gertatu da; konpainia aire zabaleko kirol jardueretan eta ehizan espezializatzen da, bi filial ditu mundu mailan (Lawrencebille Estatu Batuetan eta Aveiron Portugalen) eta Arrasaten (Gipuzkoa) dago finkatuta. Eragiketa berriarekin “nazioartean ospe handia duen euskal ikurraren industria, enplegua eta sustraitzea” babestu nahi ditu Dikarrek, eta, aldi berean, baliagarria egingo zaio presentzia indartzeko Europako merkatuetan eta merkatu digitalean.

Arrasateko kooperatibak Columbus markarekin ere lan egiten du, zeina aire zabaleko jardueretako ekipamenduan espezializatzen den. Hala, enpresak jakinarazi du jada baduela “ezagutza sakona” kirolari eta mendiari buruz, eta, hortaz, “oinarri sendoa duela” proiektu bateratu “lehiakorragoa, jasangarriagoa eta nazioarteko hazkuntza bideratuagoa” eraikitzeko.

 

Administratzaileak jada onartu du Dikarrek egindako eskaintza, nahiz eta oraindik ez den ezaguna zenbatekoa izango den ordainketa.