Ternua taldeko administrazio kontseilua desegin dute

Hala jaso da Merkataritza Erregistroko Buletin Ofizialean

Ternua Groupen lanteagia, Etxalarren | Argazkia: Ternua Group
Ternua Groupen lanteagia, Etxalarren | Argazkia: Ternua Group
2025eko abuztuaren 5a - 09:10

Une konplikatuak dira Ternua taldearentzat. Ekainean borondatezko hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu eta Donostiako 1 zenbakiko Merkataritza Epaitegiak hura onartu eta gero, hurrengo pausoetako bat zen administrazio kontseilua desegitea. Urrats hori ofizialki gauzatu da, Merkataritza Erregistroko Buletin Ofizialean argitaratu ostean. Hala, kargugabetu egin ditu taldeko kontseilariak, zehazki, Santiago Lasa Agorreta, Esteban Uribesalgo Altuna, Gerardo Ameztoy Damoriena, Óscar Mambrillas Minguez eta Oialum Invest SL. Lasa Agorreta, kontseilari ez ezik, presidenteordea ere bazen, eta Oialum Invest SLren esku zegoen taldeko presidentetza. 

 

Ez da, ordea, pauso bakarra. Buletinean jasotzen denez, Ternua Groupek bertan behera utzi du bi enpresen administratzaile bakar gisa zuen jarduera. Enpresa horiek ziren Iasa Retail SL, arropa-denden esplotazio eta kudeaketan aritzen zena, eta Import Arrasate SL, inportazio eta esportazioetan ariturikoa. 

Arrasaten (Gipuzkoa) egoitza duen konpainiak 29,2 milioi euro fakturatu zituen iaz, emaitza negatiboarekin, eta 16 milioi euroko zorra du pilatuta. "Mundu mailan ehungintzaren sektorea igarotzen ari den une kritikoak, nazioarteko lehen enpresak kolokan jarri dituenak, aurrekaririk gabeko merkatu-doikuntza ikaragarri baten ondoren, gogor jo du konpainia", zioten taldetik konkurtsoa aurkeztu zuten egunetan. Arrasateko egoitzaz gain, Etxalarren (Gipuzkoa) fabrika bat du, Lorpenena, eta denera 28 saltoki ditu. Gaur egun, 180 langile aritzen dira bertan lanean.

 

Hurrengo pauso zehatzak zeintzuk diren ikusteke badago ere, datozen hilabeteetan mahaigaineratu litezkeen aukeren artean dira berrantolaketa plana egitea, enpresak jarduerari eusteko asmoz zorren birnegoziazioa planteatuta, edota likidazio plana gauzatzea, jarduera eten, aktiboak saldu eta hartzekodunen artean dirua banatuta. Dena den, konkurtsoa aurkezterakoan Loreak Mendian produkzio-unitateari eginiko eskaintza loteslea ikusita, berrantolaketa planaren bidea izan liteke hautatutako bidea.