Atxondotik gure autoetara

Automobilgintzarako balazta-urkilen ekoizpenean Europako liderra da Draxton Atxondo Bizkaiko galdategia

Draxton Atxondoren egoitza, atzean Anboto duena | Argazkia: Draxton Atxondo Draxton Atxondoren egoitza, atzean Anboto duena | Argazkia: Draxton Atxondo

Autoentzako piezak egiteaz arduratzen da Atxondon kokatua dagoen Draxton galdategia. Duela urte gutxi arte Fuchosa izenez ezaguna, balazta-urkilak dira ekoizten dituzten produktuen artean garrantzitsuenak. “Segur aski, zure autoak gure urkila bat izango du”, dio Marta Raton enpresako zuzendariak. “% 45eko probabilitatea dago”, gaineratu du. Izan ere, egun, Draxton Atxondok % 40tik gorako kuota du balazta-urkilen Europako merkatuan.

Fundiciones Atxondo izenarekin sortu zen enpresa 1968an. Garai hartan, Durangaldean galdategi asko zeuden, eta hainbat bazkideren artean sortutako proiektua izan zen. 1996ra arte hainbat sektoretara bideratutako galdategia zen, espezializaziorik gabekoa. “Enpresari beste norabide bat ematea erabaki zen urte horretan”, azaldu du Ratonek. “Euskal Herriko industria sektorea krisian zen, eta egoera zail horren aurrean, taldearen estrategia aldatzea erabaki zuten”.

Draxton Atxondok % 40tik gorako kuota du balazta-urkilen Europako merkatuan

Enpresaren estrategia berria espezializazioan oinarritzea izan zen, eta automobilgintza merkatua hartu zuten ardatz. Hala, disko balaztak eta balazta-urkilak egiten hasi ziren. Espezializazioaz gain, beste bi ildo estrategikoren alde egin zuten Ratonen arabera: ingeniaritza eta neurrizko hazkundea. “Automobilgintza bezalako merkatu lehiakor eta zorrotz batean jarduteko goi mailako ingeniaritza beharrezkoa zen. Bestalde, hazkunde jasangarri bat izateko ezagutza eta teknologia eskuratu nahi genituen”, esan du.

Produktu gutxi, baina oso lehiakorrak

“Urte askoan zehar, balazta-urkila izan da kasik ekoitzi dugun produktu bakarra. Gure ekoizpen gaitasun guztia produktu horretara bideratu dugu”, adierazi du Draxton Atxondoko kudeatzaile nagusiak. Dena den, azken urteetan “dibertsifikazio kontrolatu eta lehiakor baten beharra” ikusi dute, eta automobilgintzako beste zenbait produktu ekoizteari ekin diote, bai autoentzat bai kamioientzat ere.

Beste galdategi askotan ez bezala, Draxton Atxondoren estrategia produktu gutxietan zentratzean datza, piezak “era lehiakor batean ekoizteko”. Halaber, espezializazioak euren prozesu eta baliabide guztiak produktu gutxi hauetara bideratzea ahalbidetu dio Durangaldeko enpresari.

Marta Raton: “Urte hauetan guztietan talentua garatzeaz, talde lana sustatzeaz eta pertsonen gaitasunak handitzeaz arduratu gara. Hau izan da gure arrakastaren gakoa”

“Gure lehiakortasuna beti oinarritu da berrikuntzan, prozesuen hobekuntzan eta, batez ere, pertsonetan”, nabarmendu du Ratonek. Beste zenbait galdategi bisitatu dituela aitortu du, eta Atxondon dutenaren antzekoak direla dio. Aitzitik, diferentzia pertsonek egiten dutela uste du. “Urte hauetan guztietan talentua garatzeaz, talde lana sustatzeaz eta pertsonen gaitasunak handitzeaz arduratu gara. Hau izan da gure arrakastaren gakoa”.

Malgutasun eta eraginkortasun gehiagoren bila

Draxton talde osoak 50 bezero baino gehiago ditu munduko sei herrialdeetan banatuta. Atxondoko plantaz gain, beste zenbait ditu enpresak Teruelen, Bartzelonan, Italian, Txekiar Errepublikan, Mexikon eta Txinan, besteak beste. “2018az geroztik, multinazional mexikar baten parte gara, Saltillo talde industrialaren (GISen) parte, hain zuzen”, kontatu du Ratonek. “Taldeak negozio asko ditu, automobilgintza tartean, eta Draxton da ezarritako marka komertziala”, argitu du galdategiko buruak.

Atxondoko plantak hamar bezero baino gutxiago ditu, “oso galdategi espezializatua garelako". Europako automobilgintza sektorean balaztak ekoizten dituzten enpresei saltzen dizkiete euren piezak. “Espainiatik kanpo asko saltzen dugu. Gure fakturazioaren % 70 baino gehiago Europan izaten da, Alemanian, Frantzian eta Txekiar Errepublikan, besteak beste. Balaztaren munduan oso enpresa gutxik jarduten dute merkatuan”, esan du.

“Espainiatik kanpo asko saltzen dugu. Gure fakturazioaren % 70 baina gehiago Europan izaten da”

Merkatuko liderra izan arren, Draxton Atxondok egungo krisi energetikoaren ondorioak jasan ditu. “Galdategi bat izanik, argindarra asko erabiltzen dugu, eta inpaktua handia izan da. Une zail batean harrapatu gaitu. Izan ere, gure sektorea transformazio fase batean dago murgilduta”, azpimarratu du zuzendariak. “Gure indarra zein erresilientzia erakustea eta malguagoak izatea egokitu zaigu”, gehitu du.

Mugikortasun eredu berriek, digitalizazioak eta adimen artifizialak sektorean gero eta presentzia handiagoa dute, eta ematen ari den eraldaketa honen aurrean, planta “efizienteago izateko proiektu berrietan” ari da lanean, betiere “produktibitatea eta eraginkortasuna alde batera utzi gabe”. Zentzu horretan, Ratonek argi du lehiatzen jarraitzeko gakoak zeintzuk diren: espezializazioa, pertsonen garapena, ingeniaritza eta berrikuntza.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK