Auzoko denda desagertu ez dadin

Gaztenpresa Fundazioak abiatutako Legado programak helburu du herri eta auzoetako denda txikien jarraipena bermatzea. Negozioa utzi nahi duen saltzailea eta ekintzailea harremanetan jarri eta aholkularitza profesionala eskaintzen du, Bellotza loradendaren kasuan bezala

Oñatiko Bellotza loradendaren erakuslehioa | Argazkia: utzita
Oñatiko Bellotza loradendaren erakuslehioa | Argazkia: utzita
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko maiatzaren 12a - 05:30
Eg. 2026ko maiatzaren 12a - 09:30

Ohikoa bihurtu da herri edo auzoko dendak itxi egin duela irakurtzea egunkarietako lerroburuetan. Balirudike egungo gizarte ereduak lekuz kanpo utzi dituela liburu denda, taberna, auto-tailer edota arropa saltoki txikiak. Izan ere, kontsumitzeko moduak erabat aldatu dira azken urteetan, eta belaunaldi berriek online erosteko ohitura hartu dute. Gauzak horrela, negozio txiki askok finantzazio arazoak dituzte eta garai bateko errentagarritasunari ezin eutsi ari dira. Are gehiago, multinazional eta plataforma handien hedapenak (saltoki handiak) lehiakortasuna handitu eta ito egin ditu lokal txikiak. Beste kasu askotan, ordea, arazoa zera izan da: errentagarria izanda ere, dendaren jabeak erretiroa hartu nahi eta erreleboa zeini eman ez izatea.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Egungo errealitate demografikoaren ondorioetako bat da errelebo eza. 60ko eta 70ko hamarkadako babyboom famatuaren tankeran, 80ko hamarkadan antzeko fenomenoa gertatu zen Euskal Herrian merkataritzarekin, familia-negozio ugari ugaldu baitziren hiri eta herrietako auzoetan. Orain, ordea, artean ekintzaile izan zirenak bizi osoko negozioa uzteko garaira heldu dira. Laboral Kutxak bildutako datuen arabera, datozen bost urteetan Hego Euskal Herriko lau negoziotik bateko jabea 65 urte betetzetik gertu izango da.

Negozioa uzterakoan askok ahalik eta diru gehien atera nahi izaten dute; beste batzuek, aldiz, euren negozioaren jarraipena bermatzea lehenesten dute. Aitor Ugarteren kasua da bigarrena, azken hogei urte baino gehiagotan Oñatiko Bellotza loradendaren jabea izan denarena. Abereentzat pentsua saltzen zuten gurasoen negozioa hartu zuen oñatiarrak mende hasieran, eta negozio hari jarraipena eman zion, harik eta 2005ean negozioz aldatu eta loradenda bihurtu zuen arte.

 

Erretiro adinera ailegatuta, loradendarekin aurrera jarraituko zukeen norbaiten bila jarri zen orain urte batzuk, eta dendaz denda aritzen zen banatzaile bati esker, Senia Morillo ezagutu zuen, zazpi urtez Bergarako loradenda batean lanean ari zen dominikarra. “Seniak loradendarekin jarraitu nahi zuela esan zidan eta baldintzak eztabaidatzen hasi ginen. Proposatu nion urtebete langile moduan aritzeko negozioaren martxa ikusteko, eta, ondoren, pasa den irailean, Legado programaren bitartez egin genuen transmisioa”, azaldu du Ugartek.

Oinordekoaren peskizan

Gaztenpresa Fundazioaren programa da Legado, zeinak helburu duen herri eta auzoetako negozio eta enpresa txikien jarraipena bermatzea. “Planteamendua erraza, sinplea eta oso soziala da”, dio Miren Aranbarri Laboral Kutxako Enpresen Negozio Garapeneko arduradunak. “Familia pila bat bizi izan dira eta jan izan dute negozio hauetatik. Negozio asko eta asko errentagarriak dira, baina ez dute oinordeko naturalik. Nahi duguna da horiek martxan jarraitzea, batetik, aberastasuna dakartelako herrira, eta, bestetik, zerbait propioa eduki nahi duen jende bat ere badagoelako”.

Bi alde horiek elkartu nahi ditu Legadok: negozioa utzi nahi dutenak eta negozio bati ekiteko interesa dutenak. Aranbarrik argi dio: “Inori ez zaigu gustatzen gure auzo eta herrietan dendak ixten joatea, baina oinordekorik ez badute itxi egin behar izaten dira. Eta, bestalde, jende askok aldatu nahiko luke bere laneko egoera, eta ez dute aukerarik. Bi munduak batzea da Legadoren helburua”.

Miren Aranbarri (Laboral Kutxa): “Familia pila bat bizi izan dira eta jan izan dute negozio hauetatik. Negozio asko eta asko errentagarriak dira, baina ez dute oinordeko naturalik. Nahi duguna da horiek martxan jarraitzea, batetik, aberastasuna dakartelako herrira eta bestetik, zerbait propioa eduki nahi duen jende bat ere badagoelako”

Gaztenpresak iazko maiatzean merkaturatu zuen Legado, eta oraingoz 350 negoziok parte hartu dute programan. Horietatik ehun inguru ekintzaileak dira eta beste 250 bat negozioa saltzeko prest diren jabeak. Negozio gehienak Hego Euskal Herrikoak dira, baina atzerriko baten batek ere parte hartu du. Komertzio txikiak, dendak, ostalaritza negozioak edota tailer mekanikoak dira gehienak.

1000119551
Senia Morillo loradendaren egungo jabea | Argazkia: utzita

Negozioa eskualdatzeko baldintza samurrenak

Programak saltzailea eta eroslearen arteko hasierako harremana erraztu, negozioaren azterketa zehatza egin eta bi aldeentzako aholkularitza eskaintzen du. Bellotza loradendaren kasuan, ordea, hasierako kontaktu hori eginda zuten Legadon izena eman aurretik eta horrek gauzak erraztu zituen. “Lan asko samurtu diogu”, dio Ugartek. “Xehetasun asko hitz eginda genituen, transferentziaren zenbatekoa, alokairua…”

Oñatiko dendaren bideragarritasun plana egin zuen Legadok. “Nik mailegu bat hartu behar nuen dendako merkantzia guztiak pagatzeko eta negozioa martxan jartzeko zenbait mekanismo behar nituen. Langabezia ere kapitalizatu nuen”, azaldu du Morillok. Negozioaren transferentzia 30.000 eurotan adostu zuten, eta lokalaren hilabeteetako alokairua 1.000 eurotan. “Esan zidaten negozioa 200.000 eurotan sal nezakeela eta ia 2.000 euroko alokairua jarri, baina niri gehiegi iruditzen zitzaidan. Negozioak aurrera jarraitzea nahi nuen, niri hori komeni zaidalako eta ez nuen eroslea ito nahi”, argitu nahi izan du Ugartek.

“Batzuk beraien irabazi ekonomikoa maximizatu nahi dute, baina beste askoren helburua da negozioa martxan mantentzea, eta Legado horretarako aukera polita da”, gehitu du Aranbarrik, eta argi du programaren helburua ez dela negozioak preziorik onenean saltzea, baizik eta negozio horiek biziraunaraztea.

Senia Morillo: “Nik mailegu bat hartu behar nuen dendako merkantzia guztiak pagatzeko eta negozioa martxan jartzeko zenbait mekanismo behar nituen. Langabezia ere kapitalizatu nuen”

Gaztenpresan negozioaren azterketa osoa egin zuten. “Programarekin ikusten dugu negozioen alderdi guztiak ondo dauden, benetan negozioa errentagarria den, eta horrek ekintzaileari laguntzen dio aztertzen zenbaterainoko bideragarria den etorkizunari begira. Digitalizazioarekin, esaterako, zerbait berririk egin beharko lukeen edo ez”, adierazi du Laboral Kutxako arduradunak.

Informazio finantzarioa, kontabilitatea, merkatu analisia, kontratuen egoera, bezero, hornitzaile eta langileekin konpromisoak, aseguruak... "azterketa integratu bat" egiten du Laboral Kutxak, bi aldeei laguntzeko asmoarekin.

Sin título 4
Aitor Ugarte, Bellotza loradendako aurreko jabea | Argazkia: utzita

Beilatoki, ezkontza eta terrazetarako loreak

Iazko irailetik da Morillo Bellotza loradendaren jabea, eta Ugarte erretiratu bada ere, han eta hemen ibiltzen da laguntzen. "'El chico de los recados' naiz orain", dio oñatiarrak. Hein horretan, Aranbarrik nabarmendu du kasu askotan negozioaren trantsizio momentu horietan enpresaren aurreko nagusiek ere aste edo hilabete batzuetan negozioan jarraitzen dutela, eguneroko lana azalduz eta bezeroak aurkeztuz. Halaxe izan da Bellotza Loradendaren kasuan.

Oso gustura da Morillo, loreen mundua oso gustuko baitu, baina aitortu du Bergarako dendan langile huts izatetik negozio baten jabe izatera badagoela aldea: "Ez da gauza bera zure lana egin eta hilero zure soldata jasotzea edo orain dena zure ardurapean izatea. Orain jaiegun askotan lanean geratzea tokatzen zait. Gainera, hasierako hilabeteetan dena martxan jartzea esfortzu handia da. Aurrerago errazagoa izatea espero dut”, azaldu du.

Senia Morillo: "Ez da gauza bera zure lana egin eta hilero zure soldata jasotzea edo orain dena zure ardurapean izatea"

Beilatokiekin lan asko egiten du Bellotzak, Oñatin, Arrasaten eta Aretxabaletan, eta loreak hara eramateaz arduratzen da Ugarte. Ezkontzetarako eta bestelako jai egun eta ekitaldi berezietarako loreak ere badituzte, baita etxeetako balkoi, terraza eta lorategietarako ere. Loradendak urtean 300.000 euroko fakturazioa izaten du gutxi gorabehera. "Fakturazioa ez da bereziki handia, baina marjinak onak izaten dira", zehaztu du Ugartek.

Morillok, halaber, jabe ohiaren laguntzaz gain, beste langile bat ere badu kontratatua, lehenagotik negozioan lanean ari zena. Etorkizunera begira, azaldu duenez, bere 21 urteko alaba sartu nahiko luke negozioan.

1000119556
Argazkia: utzita

Gehienak emakumeak, asko migratzaileak

“Inportanteena negozioa mantentzea zen eta lortu dugu. Edozein herritara joaten naizenean ikusten dut egoera oso kaskarra dela. Negozio handi asko zabaldu dira eta denda txiki asko ixten ari dira. Pena bat da. Oñatin bi loradenda gara eta merkatua dago bientzat zorionez”, dio Ugartek.

Bellotza Loradendaren kasua arrakastatsua izan da, funtsean, Legadok ezarritako helburua bete delako: negozio txiki baten jarraipena bermatzea. Eta Oñatiko denda bezala, antzeko egoeran diren negozio asko daudela ondo aztertua du Gaztenpresak. “Fundazioaren eta Laboral Kutxaren aldetik apustua egin dugu, bi aldeetan beharra dagoela ikusten baitugu. Batzuk utzi nahi dute eta beste batzuk ekin nahi diote”, nabarmendu du Aranbarrik.

Miren Aranbarri: “Gaztenpresa eta Laboral Kutxaren aldetik apustua egin dugu, bi aldeetan beharra dagoela ikusten baitugu"

Programaren orain arteko balorazioa oso positiboa dela esan du, Legado zabaldu zutenetik "kasu asko" jaso baitituzte. Horietatik asko gainera ekiteko prest diren emakumezko eta migratzaileak dira. Hain justu, orain arte egitasmoaren bidez negozio bati ekin dioten ekintzaile guztien %56 emakumezkoak izan dira, eta %16 migranteak, Bellotza Loradendaren kasuan bezala.