• ENPRESAK GAUR
  • Avanza Gipuzkoa (Lurraldebus) garraio zerbitzuan greba mugagabea sustatuko du ELAk

Avanza Gipuzkoa (Lurraldebus) garraio zerbitzuan greba mugagabea sustatuko du ELAk

Sindikatuak salatu du iaz adostutako aurreakordioa ez dela bete

Donostiako autobus geltokia | Argazkia: iStock
Donostiako autobus geltokia | Argazkia: iStock
2026ko apirilaren 27a - 16:33
Eg. 2026ko apirilaren 27a - 16:34

2025eko urrian aurreakordioa sinatu bazuten ere, gatazkak bere horretan jarraitu du Avanza Gipuzkoa (Lurraldebus) garraio zerbitzuan, ELA sindikatuak salatu duenez, “egoerak konpondu gabe jarraitzen baitu”.

 

Bere garaian, hogeita lau greba egun egin zituzten langileek aurreakordioa lortzeko, zeinaren arabera honakoak onartu ziren: lanaldiak 1.592 ordutara murriztea, KPIaren araberako soldata igoerak atzeraeraginarekin eta behin-behineko pertsonentzako lan poltsa sortzea. Azahara Domínguez Gipuzkoako Mugikortasun diputatuak berak onartu zuen “egoera deserosoa bezain ziurgabea izan zela”, baina aurreakordioa “oso albiste ona” zela. Are gehiago, sindikatuak gogorarazi du diputatuak esan zuela “Avanzan zegoen egoera jada ez zela existitzen”.

“Baieztapen hori ez dator bat egungo errealitatearekin”, deitoratu du ELAk, “enpresak ez duelako aurreakordioa hitzartutako baldintzetan berresteko asmorik”. Taldeak salatu duenez, Avanzak aldebakarrez aldaketak sartu nahi dizkio adostutakoari, Lan sailburuordetzaren babesa jasota, eta hori “negoziazio kolektiboan lortutako adostasunen urraketa larritzat” jo du sindikatuak.

 

Gauzak horrela, greba mugagabea sustatuko da, plantillarentzat hitzarmen eta lan baldintza duinak bermatzeko. Donostia, Bilbo eta Gasteiz arteko autobus lineei ez ezik, Arrasate, Loiu-Donostia, Loiu-Gasteiz eta Deba bailarako lineatan ere izango luke eragina grebak.