Ayesaren erosketari buruz adierazpenak egin ditu gaur Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak. Azpimarragarriena zera da: sailburuak espero du gaur eta bihar artean akordio batera iristea, euskal partzuergoak Ayesa erosi ahal izan dezan. Izan ere, saltzaileek abenduaren 31 jarri zuten epemuga gisa, partzuergoak operazioa itxi eta bazkideak finkatzeko; hala egin ezean, “esklusibotasun epea” amaituko litzateke, eta besteren batek eros lezake konpainia.
“Gai batzuk irekita jarraitzen dute, baina hor gabiltza jo eta ke, azken une eta orduetan”, esan du Jauregik. “Itxaron dezagun bihar arte, eta ea ospatzeko aukera dugun”, gaineratu du.
Vital Fundazioaren erabakia
Egun batzuk besterik ez dira pasa jakinarazi zenetik Vital Fundazioak interesa izan zezakeela euskal partzuergoarekin bat egitean. Hori baino lehen, bazkide izatekoa zen Kutxa Fundazioak erosketan parte ez hartzea erabaki zuen.
Gaurko agerraldian, sailburuak baieztatu du fundaziokoak eragiketa “aztertzen” ari direla. “Gaur egun negoziatzen ari garen akordioak aurreikusten du beraiek sartzeko aukera hori, baina hori gauzatzea hurrengo asteetara luza daiteke”, zehaztu du. Era berean, Jauregik eskerrak eman dizkie Kutxa Fundaziokoei, erosketan parte hartzea aztertu izanagatik.