Vital Fundazioaren patronatuak onartu egin du Ayesa Digital (Ayesaren dibisio teknologikoa, lehen Ibermatica zena) erosteko 10 milioi euro bideratzea, abenduaren amaieran operazioa aurrera eramateko eratutako partzuergoarekin bat eginez. Arabak sektore estrategikoetan erabakiak hartzeko duen gaitasuna finkatzeko eta lurraldeko enplegua indartzeko apustu gisa justifikatu du erakundea proiektura batu izana. Hala, partzuergoaren kide izango dira Vital Fundazioa, Eusko Jaurlaritza, BBK Fundazioa eta Indar funtsa (Kutxabank).
Inbertsioa egiteko, erakundeak hiru helburu finkatu ditu. Batetik, mugikortasunean eta logistika adimendunean espezializatutako hub bat sortuko da Araban, eta zerbitzu digital aurreratuetan zentratuko da, hala nola, adimen artifizialean, datuen analisian eta zibersegurtasunean. Gainera, Ayesa Junior Unibertsitateak bere egoitza nagusia lurraldera lekualdatuko du. Trebakuntza zentro horrek 500 pertsona inguru prestatzen ditu urtero IT eta hodeian, besteak beste. Zuzeneko 30 eta 50 lanpostu artean sortuko ditu, orotara, 400 enplegatu finko lortuta Araban.
Bestetik, erakundeak egindako aurreikuspenen arabera, datozen lau urteetan goi-mailako prestakuntza duten 350 profesional sartuko dira operazioan, eta Espainiako Estatuan eta Europa osoan “hazkunde handiko sektore estrategikoa indartuko da”. Halaber, zerbitzu digitaletan aritzen diren Arabako hogeita hamar mikroenpresatan eragin positiboa izan lezakeela esan du Vitalek, lankidetzarako eta hazkunderako aukera berriak irekitzen baitizkiete.
Jon Urresti Vital Fundazioaren presidenteak azpimarratu duenez, erakundeak paper aktiboa izan nahi du lurraldearen garapen ekonomikoan. “Patronatuak erabakiguneak Arabara erakartzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, gure lurraldean enplegua finkatzeko eta areagotzeko bermea baita, eta gorantz doazen sektore estrategikoetan hazkunde ekonomikorako aukera berriak irekitzeko ere bai”, adierazi du. Testuinguru horretan, begirada Aiaraldean jarrita dagoela adierazi du, inbertsio horri lotutako jardunen zati bat eskualdean kokatzeko.
Ayesaren egoitza… non?
Cebek patronalak argi du: Bizkaian. Atzo Guillermo Buces presidenteak adierazi zuen Ayesa Digital erosteko euskal partzuergoaren zati handi bat Bizkaikoa zela, alegia, inbertsiorik handiena lurralde horrek egin zuela; ondorioz, egoitza nagusia Bizkaian kokatu behar dela baieztatu zuen Bucesek.
Ayesa Digitalen erosketak 480 milioi euro balio izan ditu. Horietatik 100 milioi jarri ditu BBK Fundazioak, eta beste bost milioi Tekneik, eta biek ala biek Bilbon dute egoitza. Kutxabank eta Eusko Jaurlaritza dira beste bi inbertsiogileak, baita orain Vital Fundazioa ere, zeinaren ekarpena Bizkaikoena baina txikiagoa den.
Gipuzkoako PNVk, ordea, uste du eragiketa “bateragarria” dela enpresa Donostiara itzultzearekin, Gipuzkoako hiriburuan sortu baitzen dibisio teknologikoa.