Ohmnia Electronics talde arabarrak Azkoyen erosketeko eskaintza formala egin du. Izan ere, CNMV Espainiako balio merkatuko batzordeari baimen ofiziala eskatu dio enpresa teknologiko nafarraren gaineko borondatezko Erosketa Publikoko Eskaintza gauzatzeko.
Akzio guztiak bereganatzeko 244 milioi euroko proposamena jarri du mahai gainean Jose Antonio Jainaga enpresariaren lidergoa duen Ohmniak, alegia, akzioko 10 euro. Erosketa gauzatzeko, baina, Azkoyenen kapitalaren %50 baino gehiago beren esku gera dadin ezinbesteko kondizioa da balizko jabe berriarentzat, euren ustez proiektuaren lidergotza benetan euren eskutan izan dadin, eta beharrezkoak diren eragiketa guztiak gauzatu ahal izateko. Eskakizun hori beteko ez balitz, operazioa atzera botatzeko arrazoia litzateke.
Operazioa finantzatzeko bidea Ohmniaren kapital zabalkundea izango da. Hala, talde arabarrak orain arte izan dituen bazkideei (Carmen Lequerica Holding, Finantzen Euskal Institutua eta Vital Fundazioa) beste bi gehituko zaizkie: BBK Fundazioa eta Indar kartera. Gainera, CaixaBank eta Banc Sabadellekin konprometitutako finantzazioa ere izango dute horretarako, entitate bakoitzak 122,1 milioi euroko abala eskainiko baitu, eskaintzan jasotzen denez.
Azken helburua Europako erreferentziazko talde teknologiko baten sorrera da, 400 milioi euroko fakturazioa, 65 milioi euroko EBITDA eta 2.000 langile izango dituena operazioa ixten den momentuan. Azkoyenen erosketarekin, Ohmniak beste hiru ildo gehituko lizkioke orain arte esku artean dituen lerroei: Kafe eta vending salmentarako sistemak, ordainketa teknologiak, eta denbora eta segurtasuna. Gainera, burtsan kotizatzen jarraituko luke, hazkundea baita helburua.
Orain arteko jabeek begi onez jo dute operazioa haren berri eman zenetik, baina hurrengo hitza CNMVk izango du. Erantzuna emateko 8 eta 12 aste bitarte ditu.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta