
Erosketa Eskaintza Publikoaren xehetasunak Banc Sabadellen akziodunei azaldu nahi dizkie BBVAk, eta horretarako bilera erronda abiatuko du datorren astean, urriaren 3an amaituko dena. Katalunian, Valentzian, Madrilen eta Asturiasen ez ezik, Euskal Herrian ere aurrez aurreko saioak egingo ditu, ohar bitartez jakinarazi duenaren arabera. Zehazki, irailaren 24ean Donostian izango da bilera, eta egun bat beranduago, 25ean, Bilbon. Horien helburua izango da EEParen inguruan dauden zalantzak argitzea.
Aurrez aurreko bilerak jarraitzeko aukera ez dutenentzat online saioak ere eskainiko ditu BBVAk. Irailaren 12, 19 eta 26an, eta urriaren 3an izango dira, den-denak ostirala. Hala ere, egutegia beharren arabera egokitzen joango dela adierazi du jatorri euskalduna duen bankuak.
Jardunaldietan parte hartzeko izen-ematea ezinbestekoa izango dela gogorarazi dute.
Joan den ostiralean eman zion oniritzia CNMVk BBVAk Banc Sabadellen gain aurkeztutako Erosketa Eskaintza Publikoari. Prozedura astelehenean hasi zen, eta hilabete iraungo du. Izan ere, gaur bertan hura "mugiezina" dela nabarmendu du Carlos Torres BBVAko presidenteak. Astearte honetan El Periódico de Catalunya, La Vanguardia eta Ara egunkarietan egindako elkarrizketa banatan, Torresek esan du EEPk aurrera egiten ez badu "Sabadellen akzioen beherakada aurreikus daitekeela", eta berretsi du operazioa Europako testuinguruaren ondorio dela, bertan, azpimarratu duenez, lehiakortasuna berreskuratzeko inbertsio premia oso garrantzitsua baitago.
Sabadellen kapitalaren %50 lortu ezean, BBVAk atzera egingo ote duen galdetuta, honakoa esan du: "Gutxieneko onarpen baldintza dugu. Geratzen den bakarra da, eta eskaintzaren arrakasta baldintzatzen du Banco Sabadellen boto-eskubideen erdia baino gehiago lortzeak. Bestela, erretiratu egingo gara eta kito ". Hain zuzen ere horregatik izan daiteke garrantzitsua erronda.
Halaber, akziodunen atxikimendua lortzeko "konfiantza osoa" duela adierazi du Torresek. Gainera, azpimarratu du operazioa ez dela ez bulegoak ixtea, ez lanpostuak galtzea, baizik eta handitzea, nahiz eta 3.000 inguruko sare bateko 300 bulego itxiko direla adierazi.